INPUTAZIOA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Oscar Tellez Vox Navarrako kidea inputatu du Fiskaltzak, gorroto delitua egotzita

Salaketaren arabera, Tellezek TikTok eta Instagram plataformetan argitaratutako edukiek migratzaileen aurkako gorroto delitua sustatzen dute. 

oscar tellez
Argazkia: oscartellez39 (Instagram)

Nafarroako Fiskaltzak Oscar Tellez Voxeko kidea inputatu du, ikertu gisa, gorroto delitua egotzita. Alderdi ultraeskuindarrak Foru Erkidegoan duen gazteria arduraduna da Tellez, eta hark sare sozialetan zabaldutako edukiek migratzaileen aurkako gorrotoa sustatzen dutela uste du fiskalak. 

Nafarroako Gobernuak eskatu zion Fiskaltzari, auzia zabaltzeko, Arrazakeria eta Xenofobiaren Aurkako Zerbitzuak egindako txostena igorrita. Bertan, Voxeko kideak TikTok eta Instagram plataformetan argitaratuko edukien azterketa teknikoa jaso zen, eta, ondorioen arabera, pertsona migratzaileen aurkako gorrotoa sustatzen ari da Tellez sare sozialetan. Bereziki, bakarrik iristen diren adingabe migratzaileen eta jatorriz magrebtarrak diren gizonezkoen aurkako mezuak zabaltzen ditu. 

Fiskaltzaren arabera, baieztatu gabeko informazioa eta gezurrak argitaratu ditu Tellezek, horretarako hizkuntza deshumanizatzailea erabilita, indarkeria giroari bide emanez. 

Albistearen berri izan ondoren, Begoña Alfaro Nafarroako Gobernuko hirugarren presidenteorde eta Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilariak "oso positibotzat" jo du inputazioa. Orain, Justiziak bere lana egitea eta Foru Erkidegoan gorrotoa zabaltzeak ondorioak izatea espero duela gaineratu du. 

Berehala etorri da Vox Navarraren erantzuna. "Chiviteren Gobernu ustelak denok ordaindutako txiringito bat erabili du Vox salatzeko", idatzi dute X sare sozialean. 

Oraingoz, Tellezek ez duela inputazioaren jakinarazpenik jaso ziurtatu du eskuin muturreko alderdiak. "Deitzen bagaituzte, aurrera", dio mezuak. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X