Ubarretxena: "Urte luzetan itxita egon den Gizarte Segurantzaren atean zirrikitu bat zabaldu dugu etorkizunari begira"
Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburua "lasaiago" agertu da iaz adostutako bost eskumenak transferituta, eta gainerakoak negoziatzen jarraituko dutela azpimarratu du. Ez du uste Sanchezen gobernuarekin itxiko dituzten azken eskumenak izango direnik; nolanahi ere, "kezka" azaldu du balizko gobernu aldaketa batek negoziazioa zailduko lukeelako, batez ere tartean eskuin-muturra egonda.
"Lasaiago" agertu da Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburua EAEk beste bost eskumen jaso ostean. Eskualdaketa gauzatu eta biharamunean, elkarrizketa egin diote Ubarretxenari Euskadi Irratian, eta batez ere Gizarte Segurantzaren alorrean emandako aurrerapausoa nabarmendu du. Horren iritzian, "urte luzetan itxita egon den Gizarte Segurantzaren atean zirrikitu bat zabaldu dugu etorkizunari begira".
Ubarretxenaren aburuz, langabezia-saria eta ordaindutakoaren araberakoak ez diren beste prestazio batzuk kudeatzea lortuta, "zirkulua itxi" du Jaurlaritzak. "Guk bagenituen eta Lanbidek bere esku zituen enpleguaren politika aktiboak, baina politika pasiboak falta zitzaizkigun. Bi atalak gure esku geratuta zirkulua itxi dugu", esan du. Langabezia-saria ahotan hartuta, aurrerantzean "leihatila, kanal eta interlokuzio bakarra" izango dela azpimarratu du, eta Jaurlaritzak "pertsona baten bizitza laboralarekin zerikusia duen guztiaren kudeaketa eta bisio integrala" izango duela. Hartara, "zerbitzu hobea" eman ahal izango du, esaterako, "formakuntzara edo orientaziora begira".
Jaurlaritzako eledunaren ustez, atzo eskualdatutako bost transferentziak ez dira Sanchezen gobernuarekin sinatuko duten azkenak izango. "10 proposamen ditugu mahai gainean, eta astelehenetik aurrera gure asmoa da lanean jarraitzea negoziatzen. Gobernua dagoen bitartean guk lanean jarraituko dugu", esan du.
Legegintzaldia amaitu eta gobernu aldaketa izateko aukeraz galdetuta, Ubarretxenak erantzun du "seguraski" zailagoa izango dela eskumenen negoziazioan aurrera egitea, baina, horren hitzetan, "ikusi beharko da nola eta zein zenbakirekin heltzen den egoera hori, baldin eta heltzen bada", ohartarazi du. Dena dela, iristekotan, "kezkagarria" izango litzatekeela aitortu du, "batez ere eskuin-muturra egon daitekeelako tartean eta beti utzi dutelako agerian ez dutela autogobernuan sinisten".
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik