O-23KO AGIRIAK

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Zer aldatzen dute estatu-kolpearen agiriek?

Otsailaren 23ko paperen desklasifikazioak oihartzun handia sortu du, aurreikuspenak bete ez diren arren. Josu Chueca historialariak aztertu du zer neurritan aldatzen den estatu-kolpeari buruzko kontakizuna.

MADRID, 25/02/2026.- Fotografía de archivo tomada el 23/02/1981 del exteniente coronel de la Guardia Civil Antonio Tejero, que protagonizó la intentona de golpe de Estado el 23F, y que ha fallecido este miércoles a los 93 años, ha confirmado a EFE el despacho de abogados que representa a su familia. EFE/ARCHIVO/Manuel H. de León

Antonio Tejero, Estatu kolpe saiakeran. Argazkia: Europa Press

Estatu-kolpe saiakeraren inguruko agirien desklasifikazioak hautsak harrotu ditu asteon, nahiz eta azkenean aurreikuspenak ez bete. Zenbait irakurketaren arabera, monarkia indartuta atera da, argi geratu baita matxinatutako militarrek erregea hartu zutela porrotaren erantzule.

Agiriek, baina, Juan Carlos I.aren jokabideaz zalantza batzuk elikatu dituzte. Dokumentu baten arabera, militar kolpistekin bildu zen prozesu judiziala hasi baino lehen, epaiketak Errege Etxea kaltetu ez zezan. Inteligentzia zerbitzuek jokatu zuten paperaz ere ugaritu dira susmoak: gutxienez CESIDeko sei langilek parte hartu zuten kolpean, desklasifikatutako dokumentuetan agerian geratu denez.

Josu Chueca historialariak gogoeta egin du desklasifikazioaren ondorioez, eta argi utzi du erabakiak bidea ireki behar duela Trantsizioko beste zenbait pasarteren inguruko informazioa desklasifikatzeko.

"Asko dira argitu beharrekoak: 78ko Sanferminak, Martxoaren 3a Gasteizen, 1976ko Montejurrako gertakariak... Horiek ere desklasifikatu beharko lirateke. Eta aste honetan ikusi dugunak bidea ireki beharko luke. Zergatik ez?"

Kontakizun orokorra

Historialari nafarraren ustez, "goizegi" da zehazteko zertan aldatzen den estatu-kolpe saiakeraren gaineko kontakizuna.

"Ematen du orain arte eduki dugun kontakizun nagusiaren lerro nagusiak indartu direla. Garrantzi handiko hedabide batzuek, behintzat, hortik jo dute. Hala ere, nire ustez denbora behar da dokumentazioan sakontzeko eta ondorioak ateratzeko", adierazi du Chuecak.

Erregearen jokabidea

EHUko doktorearen ustez, "kontakizun nagusi" horren oinarriak zerikusi zuzena dauka Juan Carlos I.aren jokabidearekin. Zerbitzu sekretuen dokumentazioak erakutsi du erregeak ez ziola baimenik eman Armada Jeneralari Zarzuelako Jauregira joan zedin, arratsaldeko 19:00ak aldera. Era berean, Errege Etxeko buru Sabino Fernandez Campok muga argiak jarri zizkien matxinatutako militarrei arratsaldean zehar, agirien arabera.

Chuecaren esanetan, garrantzitsua izan zen Fernandez Camporen eragina: "Uste dut garrantzia eduki zuela bere irizpideak, Juan Carlos I.ak ikus zezan ezin zuela kolpea babestu; gogoratzeko, esaterako, zer gertatu zen Alfonso XIII.arekin Primo de Riveraren kolpea babestu eta urte batzuetara. Hurbileko zuen, baita ere, Greziako Constantinoren kasua: militarren alde egin zuen eta, diktadura jausi zenean, alde egin behar izan zuen".

Edonola ere, historialariaren iritziz, zalantzak ez dira argitu estatu-kolpea baino lehenago errege emerituak jokatu zuen rolaz: "Badirudi kolpea baino lehen bazuela informazioa militarren testuinguruan mugitzen zenaz. Oso hurbilekoak zituen militarrak, baita matxinatuetako batzuk ere. Armada Jenerala gertu-gertukoa zuen. Eta enpatia zuen eurekiko. Hori ere ikusi da. Nola jokatu zuen aurreko aste eta hilabeteetan? Ez dakigu. Ematen du jende asko jasotzen zuela Zarzuelan, eta,  antza, bazen pertsona bat entzuten zekiena. Entzun eta entzun egiten zuen, posizio argi bat erakutsi gabe. Babes argirik adierazi gabe".

documento desclasificado 23F desklasifikatutako dokumentua O23

Desklasifikatutako dokumentuetako bat. Argazkia: Europa Press

Inteligentzia zerbitzuen rola

CESID Espainiako inteligentzia zerbitzu nagusiak izan zuen parte-hartzeaz ere zalantza ugari ikusten ditu Chuecak. Argi geratu da zenbait agentek "era aktiboan" parte hartu zutela.

Desklasifikatutako dokumentu batek agerian utzi du: "Edo bazuten aldez aurretik estatu-kolpearen berri, edo planifikatu zuten gero gauzatu zen laguntza operatiboa. Gero, estaltzen saiatu ziren".

"Hala ere, ez dena argi geratu da goi-mailako agenteen parte-hartzea. Hor itzal asko daude oraindik ere. Parte hartu zutenak sei agente horiek baino ez ziren izan? Horren gainean dagoen informazio guztia desklasifikatu da?", galdetu du.

Trantsizioaren giro hauskorra

Azkenik, Chuecaren ustez, dokumentuek agerian utzi dute trantsizioaren giro nahasi eta hauskorra, bai eta gai nazionalak eduki zuen pisua ere.

"Kuarteletan oso giro kritikoa zegoen Suarezekiko eta, oro har, Trantsizioarekiko. Erregeak bazekien. Eta nazionalitateen gaiak garrantzi handia eduki zuen une nahasi hartan. Ezinezkoa zen Europako testuinguruan horrelako estatu-kolpe batek arrakasta edukitzea eta Frankismora itzultzea, eta horregatik sortu ziren Armada planaren moduko alternatibak: kontzentrazio gobernu bat, eskuinarekin, zenbait sozialistekin eta militarrekin. Ez zen gauzatu, baina kolpeak ondorioak eduki zituen, batez ere nazionalitateei dagokienez. Hortik LOAPA delakoa etorri zen, eta galga jarri zitzaien Katalunia eta Euskal Herriko prozesuei", amaitu du.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X