Euskara indarberritzeko prozesuan norabide aldaketa bat proposatzen duen ‘Lurralde Estrategia’ aurkeztu du UEMAk
Estrategiak bi ideia nagusi ditu oinarrian: arnasguneen eta landa-eremu euskaldunenaren gainbehera iraultzea eta indartzeko bidean jartzea, eta hizkuntza politika lurralde ikuspegitik planifikatzea.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) 'Lurralde Estrategia euskararentzat' dokumentua aurkeztu du, hizkuntza politikan eta euskararen indarberritze prozesuan norabide aldaketa proposatzen duena, landa-eremu euskaldunena "euskararen indarberritzearen motorra" izan dadin.
UEMAren zuzendaritza-batzorde osoak asteazken honetan Hernanin (Gipuzkoa) hedabideen aurrean egindako agerraldian nabarmendu duenez, estrategiaren oinarria landa-eremu euskalduna sendotzea eta legez babestea da, euskararen etorkizunerako funtsezko eremu gisa aitortuta.
Martin Aramendi UEMAren lehendakariak adierazi duenez, "azken hamarkadetan egin den lanari esker euskarak aurrerapauso handiak eman ditu hiztun-kopuruan eta esparru formaletan”. Hala ere, deitoratu du datu eta joera soziolinguistikoek erakusten dutela euskara indartsuen dagoen eremuetan ere ahultze zantzu “kezkagarriak” ageri direla. “Azken ikerketen arabera, gainera, hurbileko erabileran, transmisioan eta hiztunen tipologian gertatzen ari diren aldaketek arriskuan jar dezakete euskara nagusi den lurralde eremua", gaineratu du.
Testuinguru horretan, UEMAk aurkeztu duen estrategiak oinarri argia du: "Arnasguneak eta lurgune euskaldunena giltzarriak dira euskararentzat, eta eremu horiek babestea eta sendotzea ezinbestekoa da, euskararen lurralde osoan eragin dezaten eta euskara biziberritzeko motor izan daitezen".
Estrategiak bi ideia nagusi ditu oinarrian: batetik, lehentasuna da arnasguneen eta landa-eremu euskaldunenaren gainbehera iraultzea eta indartze bidean jartzea, eta, bestetik, hizkuntza politika lurralde ikuspegitik planifikatzea, horrek euskararen indarberritze prozesua azkartu eta eraginkorragoa bihur dezakeelakoan.
UEMAren ustez, landa-eremu euskaldunenean egindako ahaleginek inpaktu handiagoa dute erabilera eta komunitatea sendotzeko. Horregatik, baliabide publikoek eraginkorragoak izan beharko lukete, eta eremu euskaldunenari dagokion garrantzia aitortu, gune hori legez babestuz eta euskararen indarberritzerako hauspo bihurtuz.
Bost irizpide
Horretarako, UEMAren 'Lurralde Estrategia’k bost irizpide orokor proposatu ditu hizkuntza politika berriaren oinarri gisa. Dabid Anaut Leitzako alkateak eman du horien berri.
Lehenik, euskararen lurralde eremu guztietan eragin behar dela nabarmendu du, ahalegina indartuz eta toki guztietan estrategia egokiak garatuz, eta bigarrenik, eremu bakoitzaren errealitate soziolinguistikoari egokitutako politikak abiarazi.
Hirugarren irizpide orokorra da lurgune euskaldunenari motor eta lidergo rola aitortu behar zaiola, "euskara irradiatzen baitu gainerakoetara". Laugarrenik, estrategiak arreta berezia eskatzen du lurgune euskaldunenarentzat, bereziki arnasguneentzat, eta legez babestea, zabaltzeko eta sendotzeko. Azkenik, esparru euskaldunena gainerako eremuak euskalduntzeko eta euskara indarberritzeko baliabide estrategikoa bihurtu behar dela proposatzen du.
Irizpide horiek aplikatzeko, UEMAk aurkeztutako estrategiak babes eta sustapen bereziko eremu bat definitzea proposatzen du. Ildo horretan, Maitane Zearreta Busturiko zinegotziak azaldu duenez, "babes eta sustapen eremu horrek lurgune euskalduna zehaztu beharko luke lehenik, epe ertain-luzera euskara nagusi izango den lurralde geografikoki jarraitu, demografikoki ohargarri eta soziolinguistikoki sendoa eraikitzeko. Bestetik, bai gune zabal horretan baita gune horretatik kanpo gelditzen denean ere, barruan egon daitezkeen tipologia zehaztea lagungarria litzateke".
Era berean, bost irizpide orokorrekin batera, lurgune euskaldunenean eragiteko hiru norabide nagusi zehazten ditu astearte honetan aurkeztutako estrategiak: politika integraletarako jauzia, demografia, ekonomia, harrera, lurralde-antolaketa eta komunitatearen jasangarritasuna hizkuntza ikuspegitik lantzeko; hizkuntza politika aurreratuak hezkuntzan, kulturan, hedabideetan, aisian eta helduen euskalduntzean, errealitate soziolinguistikoari egokituta; hiztunen ahalduntzea eta kontzientzia linguistikoa indartzea, arnasguneetan eta udalerri euskaldunetan komunitate sendoak eta konprometituak bermatzeko.
'Lurralde Estrategia'k, aurrera egiteko, bi lanabes nagusi bultzatzea aurreikusten du epe laburrean. Lehenik, eremu euskaldunena sendotzeko eta babesteko marko legal egokia garatzea dago, judizializazioaren ondorioz sortutako oztopoak gainditzeko eta eremu horretan politika ausartagoak egiteko babes juridikoa bermatzeko. Bigarrenik, Lurgune Euskalduna Sendotzeko Plan Integrala diseinatuko dute, politika, estrategia eta ekintza multzo antolatuak biltzeko, erakunde publikoekin eta gizarte eragileekin lankidetzan. Diagnostikoa egitea, lehentasunak zehaztea eta helburuak zein jarraipenerako eta ebaluaziorako bideak adostea dira hurrengo urratsak.
Proposamen irekia
UEMAk agerraldian nabarmendu du aurkeztutako dokumentua proposamen irekia dela. Aramendik adierazi duenez, "Euskal Herriko erakunde publiko, alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragileekin partekatu eta aberastu nahi dugu gaurtik aurrera, oinarrizko adostasun zabalera heldu nahian".
Hala, dagoeneko lotuta dituzte lehenengo bilerak alderdiekin, euskalgintzarekin eta hainbat eragilerekin, eta horiekin hasiko da UEMA 'Lurralde Estrategia'ren oinarriak adosten.
120 udalerri euskaldun biltzen dituen eta 350.000 biztanleko lurgune euskalduna ordezkatzen duen erakunde publiko gisa, UEMAk bere gain hartu nahi du lurgune euskaldunenaren etorkizuna bermatzeko ardura eta erantzukizuna. Helburua argia da: euskara nagusi den lurralde eremua babestea, sendotzea eta hedatzea, horren bidez euskararen indarberritzea hauspotzeko.
Martin Aramendik gogorarazi duenez, "beste hainbat eragile ere ari da lanean, euskara indarberritzeko borondaterik sendoenarekin, euskara bidegurutzean dagoela ikusita eta hizkuntza politikak norabide aldaketa behar duela sinetsita. Euskalgintzak, esaterako, lan handia egin du azken hilabeteotan proposamen berriak mamitzen eta euskarak pizkunde berria behar duela jendarteratzen".
"UEMAk ere bat egin du ekimen horiekin. Horregatik, horiek sendotzera eta zehaztera dator Lurralde Estrategia, beti ere arnasguneak eta udalerri euskaldunak ardatz estrategiko gisa hartuta, horrek euskarak behar duen pizkundeari eta indarberritzeari hauspoa emango diolakoan", gaineratu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Lehendakaria agintaldiko politika orokorreko bigarren eztabaida prestatzen ibili da alderdikideekin
Bere agintaldiko politika orokorreko bigarren eztabaidari helduko dio bihar, osteguna, Imanol Pradalesek. Bertan, ekonomian jarriko du arreta, nazioarteko testuinguru korapilatsuaren eta inflazioaren igoeraren aurrean. Herritarrak kezkatzen dituzten beste arazo batzuk ere hartuko dituzte hizpide; hala nola etxebizitza, osasuna, hezkuntza, segurtasuna eta immigrazioa.
Espainiako Estatuaren egoera politikoa aztertu dute EH Bilduk eta ERCk Bilbon, aldebiko bilera batean
EH Bilduren ordezkaritzaren buru Arnaldo Otegi idazkari nagusia izan da, eta ERCrena, Oriol Junqueras presidentea. Koalizio abertzalea beste herrialdeetako alderdi subiranistekin eta Espainiako Estatuko ezker konfederalarekin egiten ari den aldebiko bilera-sortaren barruan kokatzen da gaurko hitzordua.
Melgosak migrazio-eskumenak eskatu ditu, kudeaketak bertan egiteko ahalmena izateko
Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak egiturazko plan bat eskatu dio Espainiako Gobernuari, "inprobisatzeari" utz diezaion. Era berean, gogorarazi du Euskadi solidarioa dela, baina migrazio-eskumenak transferitzea beharrezkoa dela.
Esteban, Anduezaren kritikei buruz: "Hauteskundeak hurbil daude, PSEk indartsu ikusten gaitu eta arrazoi dute"
Euskadi Irratian egindako elkarrizketan Aitor Esteban EAJren EBBko presidenteak adierazi du 2027ko hauteskundeen "aurrekanpaina giroa" aurreratu egin dela, eta "PSE horretan buru-belarri" ari dela.
Albiste izango dira: kontrolerako saioa Kongresuan, Chiviteren azalpenak Belateri buruz eta Zinemaldiko izarrak iristear
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Madrilgo Ramon y Cajal Ospitalean itxaron-zerrendak manipulatu dituztela salatu dute
'El País' egunkariak argitaratu duenez, ebakuntzen itxaron-zerrendan zeuden herritarren lehentasuna aldatzea agindu zuten ospitaleko bi arduradunek, zirujaurekin hitz egin gabe.
Puigdemonten amnistia eskariari ezezkoa eman dio berriz Llarena epaileak, eta Konstituzionalaren erabakiaren zain geratu da
Goreneko epailearen ustez, Europar Batasuneko Justizia Auzitegi Nagusiak eman zuen epaiak ez du aldatzen politikari katalana Amnistia Legetik kanpo uzteko Llarenak berak finkatutako lehenengo arrazoiaren oinarria.
Egian migratzaile bati egindako erasoa gaitzetsi du Insaustik eta "motibazio arrazista" dagoen ikertzen ari direla esan du
Jon Insausti Donostiako alkateak gaur azpimarratu duenez, larria da pasa den astean Egia auzoan migratzaile bati egin zioten erasoa, eta gorrotoak hirian lekurik ez duela berretsi du. Biktima gizarte zerbitzuen sistemaren baitan zegoen, eta gaueko zerbitzuen eta "Otorduak" programaren erabiltzailea da.
Aburtok akordioak defendatu ditu eta "politika onaren alde" egin du
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak elkarrizketan, akordioetan, zerbitzu publikoan eta bizikidetzan oinarritutako politika aldarrikatu du, Udalaren Egoerari buruzko azken osoko bilkuran.
Ubarretxenak azpimarratu du ez dela aldebiko batzordea elkartuko akordio garrantzitsurik lortu ezean
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan nabarmendu duenez, Jaurlaritzak "ez du amore emango", baina akordioak lortu ahal izateko "beste aldeak borondate politikoa erakutsi behar du".