Aburto ez da Bilboko alkate izateko hautagai gisa aurkeztuko 2027an
Hunkituta egin du iragarpena oraindik Bilboko alkatea denak: "Hausnarketa sakon bat egin ondoren, alderdiak erabaki du Bilbok lidergo berria behar duela".
Juan Mari Aburto Bilboko egungo alkateak iragarri duenez, ez da 2027ko udal eta foru hauteskundeetara aurkeztuko EAJren Bilboko Udalerako zerrendaburu gisa. "Alderdiak erabaki du Bilbok lidergo berria behar duela", esan du, eta erabakia EAJrena izanagatik, berarekin "partekatutakoa" izan dela azpimarratu du.
Sabin Etxean egin du Aburtok iragarpena, Iñigo Ansola EAJren Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidentea ondoan zuela.
2015etik Bilboko alkate denak azaldu duenez, "hausnarketa sakon bat egin ondoren erabaki da Bilbok lidergo berria behar duela". Horren esanetan, "Bilborentzat eta Bilboko gizartearentzat hartu daitekeen erabakirik onena da".
EAJk hartutako erabakia izan da iragarritakoa, baina Aburtok esan duenez, berarekin "partekatutakoa" izan da, eta, ildo horretan, "elkarlanean" arituko dela agindu du.
Aburtoren hitzetan, "topikoa izango da esatea, baina Bilboko alkatea izatea ohore handia da".
Bilboko alkateak eskerrak eman dizkio alderdiari, bilbotarrei eta gertukoei: "Eskerrik asko, bihotz-bihotzez".
Hurrengo udal hauteskundeetara arte "jo eta ke lanean" arituko dela hitzeman du, "Bilbok munduko hiririk onena izaten jarrai dezan.... Juan Mari Aburtoren hitza, Bilboko alkatearen hitza".
Aburtoren "konpromiso eta lan nekaezina" goraipatu ditu lehendakariak
Sare sozialen bidez zabaldutako mezu batean, Imanol Pradales lehendakariak eskerrak eman dizkio Aburtori Bilbori eta Euskadiri erakutsitako "konpromisoagatik" eta horien alde egindako "lan nekaezinagatik".
"Eskerrik asko bihotzez urte hauetan guztietan zure hiri eta herri maiterari emandako guztiagatik", nabarmendu du.
Aitor Esteban EAJren EBBko presidentea ere X sare sozialean mintzatu da Aburtoren agurraz. Horrek ere eskerrak eman dizkio Bilboko alkateari, "beti zintzotasun eta eskuzabaltasunez jardutearren".
Sabin Etxeko ekitaldian, Iñigo Ansola BBBko buruak esker oneko hitzak izan ditu Aburto alkatearentzat, eta horren "konpromiso eta balioak" goraipatu ditu. "Balio handiko eta handien pertsona handia zara", nabarmendu du.
Bestalde, Jon Insausti Donostiako alkateak esan du Aburto "eredu" dela bere "balioengatik eta oinarri humanistengatik".