'Bilbo efektua' auzoetara zabaldu nahi izan duen Aburto alkatearen agurra
Juan Mari Aburtok urtebete barru utziko du Alkatetza, agintaldia amaitzearekin batera. Hiru legealditan, auzoen aldeko apustua egin nahi izan du eta herritarren lehentasunen aldaketari egin behar izan dio aurre.
Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea. Artxiboko argazkia: EFE
Juan Mari Aburtok 2015ean hartu zuen Bilbo eta urtebete barru utziko duena oso ezberdinak dira. Eta ez bakarrik Zorrotzaurren, Garellanon, Boluetan edo mugikortasun aldetik egon diren aldaketengatik.
2015ean aginte makila lehenengoz hartu zuenean, auzoen eraldaketa, herritarren egoera soziala eta enplegua ziren bilbotarren kezka nagusiak. Orain, udal agintea uztear denean, bestelako kezkak azaleratzen ari dira Bizkaiko hiriburuan, hain zuzen, Europa osoko hirietan nagusitzen diren berberak: etxebizitza, segurtasuna... Ziklo politikoa ez ezik, garaiak ere aldatu dira. Eta aro berri honen arrakalak agerikoagoak bilakatzen ari dira mendebaldeko hirietako auzoetan.
Auzoetarako gizarte-profileko alkate bat
2015ean Aburtoren alde egin zen apustua hobeto ulertzen da Alkatetzara heldu zen garaira atzera eginez. Krisi ekonomikoaren ondorioak antzematen ziren artean, gizartean ezinegona nabarmena zen eta Podemosen inguruko ezkerraren gorakada gorenera heltzear zegoen. EAJk “auzoetako alkatea” izango zen norbait behar zuen, eta Aburtoren profila ezin hobea zen.
Ordura arte Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu izandakoa zen, eta bere ibilbideak bat egiten zuen bilatzen zuten irudiarekin. Bilbotar peto-petoa eta gaztetatik oinarrizko kristau taldeekin lotua, profil sozial-kristaua zuen eta gizarte politikak kudeatzetik zetorren.
2015eko udal hauteskundeetako kanpainan egin zuen debuta alkategai gisa. Eta han hasi zen, koaderno gorri bat eskuan eta auzoetara hurbilduz, geroztik lagun izan duen marka eraikitzen.
Apustuak emaitza eman zuen. Iñaki Azkunaren azken legealdiko gehiengo osoa errepikatu ez bazuen ere, bi zinegotzira geratu zen Aburto. Emaitza oso ona izan zen jeltzaleentzat, batez ere kontuan hartzen bada lehia politikoa bereziki estua bilakatu zela urte horietan: zazpi hilabete geroago, Espainiako Kongresurako hauteskundeetan, Podemosek EAJ gainditu zuen boto kopuruan —ez, ordea, eserlekuetan—.
Kargua hartu bezain laster, buru-belarri ekin zion auzoetako alkate izateko asmo horri. Ez zen izan ausaz aukeratutako helburu bat. Bilbok hamarkadak zeramatzan eraldaketa urbanistiko, ekonomiko eta sinboliko sakonean murgilduta, eta nazioarteko erreferente bihurtua zen hiri-berroneratzearen alorrean. Horren adierazgarri dira “Guggenheim efektua” edo “Bilbo efektua” kontzeptuak.
Hiri-iraultza haren erakusleiho nagusiak, hala ere, erdigunea eta proiektu handiak izan ziren. Eta iritzi inkestek arrakala bat erakusten zuten: bilbotarrek harrotasunez bizi zuten eraldaketa hura, baina, aldi berean, auzo askotan bazter geratu izanaren sentipena izaten hasi ziren.
Auzoak eta nazioarteko proiekzioa
Helburu hori Aburtoren marka politikoaren ardatzetako bat bihurtu zen, bizilagunekiko gertutasunarekin eta Bilboren nazioartekotzearekin batera: Frantziako Tourraren Grand Départ, Europako errugbiko finalak, Europa Leagueko finala, MTV Europe Music sariak, eta abar.
Azken hauteskunde kanpainan egindako adierazpen hauek horren izaeraren erakusgarri dira. “Harrotasun handiena eragiten didan proiektua? Zalantzarik gabe, auzoetan egindako lana. Norbaitek pentsa dezake proiektu handietan, eta, noski, hori ere bai. Baina oso harro nago auzoetan egindakoaz: estalitako haur-jolastokiez, adinekoen elkarteentzat ireki ditugun egoitza berriez, eserlekuez... Bereziki harro sentitzen naiz irisgarritasunaz, abian jarri ditugun 64 igogailu horiez...”, adierazi zuen Deia egunkarian.
Ondoren, etorkizunera begirako hainbat egitasmo ere aipatu zituen: Zorrotzaurreko Parke Zientifiko eta Teknologikoa, Punta Zorrotzako Ikus-entzunezkoen Zentroa, Bizkaia Dorrearen bigarren fasea eta kultur arloko zenbait proiektu (Euskal Museoa, BilbaoArte edo Pabellon 6).
Hala ere, “jendearen egunerokoa hobetzen duten gauza txikiei” arreta berezia jarri die. Horren gainean eraiki du bere jardun politikoa, eta, seguruenik, horri lotuta ikusi nahi izango du bere ondarea. Apustu horri esker hobetu zituen emaitzak 2019an, bere bigarren hauteskundeetan.
Azken legealdia
Azken aldiz hautetsontzietara aurkeztu zenean, ordea, Aburtok babesa galdu zuen. 2023ko udal hauteskundeetan, jeltzaleek 17.000 boto galdu zituzten, eta 2 zinegotzi gutxiagorekin geratu ziren.
Hauteskundeen ostean, Bilboko alkateak hainbat arrazoi aipatu zituen emaitza horiek azaltzeko: EAJk erakunde askotan gobernatzeak eragindako higadura, hautesleen ilusio falta eta “kalean sumatzen zen protesta giroa”.
Ez zuen aipatu 2015eko Bilborekin alderatuta gizartean antzematen zen aldarte aldaketa. Azterlan soziologikoek alde nabarmena islatzen dute.
Aburto alkate kargura iritsi zenean Ikerfel etxeak egindako ikerketa baten arabera, langabezia eta ekonomiaren sustapena ziren bilbotarren lehentasun nagusiak udalaren jardunean. Haien atzetik agertzen ziren gizarte ongizatea, herritarren segurtasuna eta auzo guztien arteko berdintasuna.
Iaz Gizakerrek Bilboko Udalarentzat egindako inkesta batek erakutsi zuen segurtasun falta dela bilbotarren kezka nagusia. Inkestatutakoen ia erdiek (% 48,8) aipatu zuten arazo nagusitzat, etxebizitzaren, turismoaren gehiegizko hazkundearen, immigrazioaren eta aparkaleku faltaren aurretik.
Duela aste batzuk aurkeztutako EITB Focusen azken edizioak ere joera bera berretsi zuen: Bilbon, segurtasuna eta etxebizitza dira gaur egun herritarren kezka nagusiak.
Paradigma aldaketa
Hamarkada eskas batean, ez da soilik ziklo politikoa zeharo aldatu, joera kontserbadoreen eta erreakzionarioen gorakadaren ondorioz. Garai berri hau baldintzatzen ari diren arazo handien ondorioak nabariagoak bilakatzen ari dira hirietan, eta auzoak aroaren kezken agertoki nagusi bilakatu dira.
Etxebizitza eskuratzeko zailtasunak, hirien turistifikazioak eragindako tentsioak eta segurtasunaren inguruko kezka dira Europako hiri gehienetan lehen lerroan dauden arazoak. Bilbo ez da salbuespena.
Badirudi, hala ere, Aburtok Europako beste alkate askok baino hobeto eutsi diola egoerari. EITB Focusen azken edizioaren arabera, Bilboko alkateak % 66,4ko onespena du herritarren artean, eta batez beste 5,5eko nota. Udal gobernuaren jardunak 5,8ko balorazioa jaso du.
Jorge Dioni idazleak “hirietako ezinegonaz” idatzi du hirien soziologiaren inguruko bere saiakeran. Nabaria da ezinegon hori Bilbon ere badagoela, baina beharbada beste toki batzuetan baino apalagoa da. Baliteke Bilbo auzoetatik abiatuta josteko egin duen apustuak zerikusia izatea horretan.
Duela hilabete batzuk, alkate jarraituko ote zuen galdetuta, argi erantzun zuen Aburtok.
Juan Mari Aburto
Ni kezkatzen nauen bakarra auzoen egoera da: nola dauden, non behar diren igogailu gehiago...”
Azkenean, lekukoa ematea erabaki du Bilboko alkateak. Hala ere, aginte makila eskuetan duen bitartean, auzoen aldeko ahalegin horretan jarraituko duela adierazi du.
Zure interesekoa izan daiteke
Pedraz epaileak Sanchezen kabineteburu eta Correoseko presidente ohia inputatu du Leire auzian
Epaileak argitu egin nahi du Serranok ikerketa judizialak oztopatzeko egindako ustezko ekintza batzuetan izandako parte-hartzea. Ildo horretatik, 2024ko apirilaren 26ko bilera bat eta Leire Diezekin izandako elkarrizketak daude, besteak beste, aztertutako jardueren artean.
Ermuko Udalak Miguel Angel Blancori egindako omenaldian ahanzturan ez erortzearen alde egin du
29 urte dira ETAk Miguel Angel Blanco bahitu eta hil zuela, euskal gizartean sekulako astindua eman zuen gertaera. Gaur bere jaioterrian, Ermuan, omenaldia eskaini diote, eta mezu bat zabaldu horrelako gertaerak ahanzturan ez geratzeko.
Jaurlaritzak uste du Feijoo Espainiako gobernuburu izatea "langileentzat arriskutsua" dela
Laneko absentismoari buruz Alberto Nuñez Feijook egindako adierazpen polemikoak hizpide izan ditu gaur Mikel Torres bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak. Horren iritzian, Feijook "ezjakintasun handia" erakutsi zuen, eta frogatuta geratu da Espainiako Gobernura iritsiz gero, "langileentzako arriskutsua" dela.
Correoseko presidente ohiak Leire Diezi kargu bat eman ziola uste du UCOk
UCOren arabera, Juan Manuel Serranok parte-hartze aktiboa izan zuen ikertutako gertakarietan, "bai SEPIren enpresa-eremuan etekinak lortzearekin lotuta, bai PSOEko kide jakin batzuen zein Espainiako Gobernuaren interesen defentsarekin lotuta".
Espainiako Gobernuak biktima gisa aitortu du Josu Zabala Erasun, duela 50 urte Guardia Zibilak tiroz hildako irundarra
"Arrazoi politiko eta ideologikoengatik jazarpena" jasan zuela, eta "aitortzarako eta erreparaziorako eskubidea" dio onartutako adierazpenak.
Fiskaltzak Begoña Gomezen absoluzioa eskatu du, deliturik egin ez zuela iritzita
Ministerio Fiskalak Gomezi pasaportea kentzearen aurkako helegitea aurkeztu du ere, eta Peinado epaileak hartutako beste erabaki batzuk "zentzurik gabekoak" direla adierazi du.
Jaurlaritzak "positibotzat" jo du Konstituzionalak euskarari buruz hartutako erabakia, eta Bilduk ohartarazi du "oldarraldia ez dela eten"
Ibone Bengoetxearen esanetan, EAEko Auzitegi Nagusiak oraindik erabaki behar du PPk eta Voxek Enplegu Publikoaren Legeari jarritako helegiteari buruz.
Sanchezek, Trumpen kritiken ostean: "AEBren eta Espainiaren arteko harremanak oso positiboak dira"
Espainiako Gobernuko presidenteak azaldu du Estatu Batuetako presidentearekin hitz egiteko aukera izan duela, azken horrek Espainia beste behin kritikatu eta gero. "Solasaldi informala" izan dela azaldu du, eta "adeitsu"jardun dutela.
"Ez litzateke lehen aldia presidente batek ihes egiten duena", erantzun dio Peinado epaileak Begoña Gomezi
Magistratuak ekainaren 30ean sinatutako auto batean defendatu du bere erabakia, bere ordezkoak gai horren inguruan beste erabaki bat hartu baino lehen. Azken horrek baimena eman dio Gomezi Londresera bidaiatzeko, baina ez Ankarara.
Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak legea aldatzea adostu dute, delituak errepikatzen dituztenak zigortzeko
Helburua da delituak egin dituzten baina oraindik epai irmorik izan ez duten delitugileek "ondorioak" ordain ditzaten.