Sanchezek esan du ez dutela "atzerapausorik" emango: "Gehiengo sozialaren edo espekulatzaileen alde daude"
Espainiako Gobernuko presidentearen esanetan, PPk, Voxek eta Juntsek gaur Kongresuan erakutsi beharko dute zer jarrera duten etxebizitza-dekretuen inguruan. "Gehiengo sozialaren edo espekulatzaileen alde" dauden galdetu die.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak esan du Gobernuak ez duela "atzerapausorik" emango etxebizitzarako eskubidearen defentsan, nahiz eta PPk, Voxek eta Juntsek Ministroen Kontseiluak onartutako bi dekretuen aurka.bozkatuko dutela iragarri duten. Kongresuak gaur bozkatuko ditu bi testuak.
Sanchezek mezu bat argitaratu du X sare sozialean, dekretuetan jasotako neurriak defendatzeko, besteak beste, espekulazioa mugatzea, lehen etxebizitza eskuratzea erraztea, alokairu eskuragarriak sustatzea eta etxegabetzeak geldiaraztea..
Etxegabetzeen aurkako babesa indartzeko neurriak ere badituzte dekretuek, eta Sanchezek Bartzelonako bizilagun baten kasua aipatu du, ostegunean etxetik kaleratzea geldiarazi zutela nabarmenduta.
"Egiaren ordua iritsi da. PPk, Voxek eta Junts-ek aukeratu egin behar dute: gehiengo sozialaren edo espekulatzaileen alde daude. haien botoak belaunaldi osoen aurrean erakutsiko du zein aldetan dauden", adierazi du Sanchezek.
PSOEk botoa azaltzeko eskatu die PPri, Voxi eta Juntsi
PSOEk ere ildo beretik egin du. Sozialisten arabera, PPk, Voxek eta Junts-ek gaur Kongresuan egingo den ezohiko osoko bilkuran azaldu beharko dute zergatik bozkatzen duten dekretuen aurka.
Sozialisten iturrien arabera, PPk, Voxek eta Juntsek Kongresuan argitu beharko dute zer jarrera duten etxebizitza-dekretuen aurrean.
Sozialisten esanetan, hiru alderdiek azaldu beharko dute zergatik dauden etxegabetzeen aurkako babesa indartzearen, espekulazioari mugak jartzearen eta funts putreen jarduera mugatzearen aurka. Era berean, lehen etxebizitza eskuratzeko laguntzen eta alokairu eskuragarriagoak sustatzeko pizgarrien aurka bozkatzeari buruzko azalpenak eskatu dituzte.
PSOEren esanetan, Espainiako Gobernuak kaleko aldarrikapenei erantzun die "neurri ausart eta zehatzekin". Sozialisten arabera, dekretuak "hilabeteetako lanaren eta negoziazioaren" emaitza dira.
"Orain, Kongresuaren txanda da", adierazi dute sozialistek.
Rebeca Torro PSOEko Antolakuntza idazkariak ere mezu bera zabaldu du: "Funts putreen edo herritarren alde. Espekulatzaileen edo gehiengo sozialaren alde. Bakoitzak ikus dezala zein aldetan dagoen".