Pentsioen gaia kanpainaurrean sartu da
Sanchezek pentsioen sistema "jasangarria" dela ziurtatu du, eta Espainiako Gobernuak urtea amaitu baino lehen pentsioak igo nahi ditu. Feijook, bere aldetik, Gobernura iristen badira pentsioak KPIaren arabera igoko dituztela iragarri du.
Pentsio duinen aldeko manifestazioa Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE
Pentsioen inguruko eztabaida indar handiz sartu da azaroaren 29ko hauteskunde orokorretarako kanpainaurrean. Herenegun, Ester Muñoz PPren Kongresuko bozeramaileak esan du pentsioen sistema "lehertu" egingo dela eta "ausardiaz" aldatu behar dela.
Pentsioak KPIaren arabera igoko dituela esan du Feijook
Alberto Nuñez Feijoo PPren buruak gaur, ostegunez, adierazi duenez, pentsioak "negoziaezinak" dira eta Espainiako Gobernuko presidente kargura iristen bada, pentsioak kontsumorako prezioen indizearen (KPI) arabera eguneratuko dira.
"Oso erraza da pentsioen inguruko galderari erantzutea. Pentsioak negoziaezinak dira, eta kito", adierazi du Feijook, Bruselan, Europako Alderdi Popularraren goi bileran parte hartu ondoren egin dituen adierazpenetan.
Kazetarien galderei erantzun die, eta pentsioen sistema publikoaren bideragarritasuna bermatu egingo duela hitzeman du.
Pentsioen balioa handituko duela hitzeman du Sanchezek
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak "lasaitasun" mezua bidali die pentsiodunei, eta pentsioen sistema "jasangarria" dela eta Gobernuak urtea amaitu baino lehen balioa handituko duela esan du. Hala ere, ez du argitu azaroaren 29ko hauteskunde orokorren aurretik edo ondoren izango den.
EBko buruzagiek Bruselan egin duten bileraren atarian kazetarien aurrean egin dituen adierazpenetan, Sanchez "harrituta" agertu da PPko kide batek pentsioen sistema "lehertu" egingo dela adierazi eta hauteskundeak pasa arte gaiaz ez hitz egiteko eskatu baitu.
Halaber, PP eta Vox herritarrei gezurra esaten ari zaizkiela nabarmendu du Sanchezek, eta gobernura iristen badira pentsioa jaitsi egingo diela adierazi du.
Abenduan pentsioak igoko direla iradoki du Ekonomia ministroak
Carlos Cuerpo Ekonomia ministroaren arabera, Espainiako Gobernuak pentsioak KPIaren arabera eguneratzeko Errege Lege Dekretua abenduan onartzea egingarria da, hots, azaroaren 29ko hauteskundeen ondotik jardunean dagoen bitartean. Era berean, hauteskundeen aurretik lanbidearteko gutxieneko soldataren igoera onartuko delakoan dago.
TVEn egindako elkarrizketa batean, Ekonomia ministroak "lasaitasun mezua" helarazi die pentsiodunei (bederatzi milioi pertsonari baino gehiagori, hain justu), eta pentsioen balio handitzea legez bermatuta dagoela azpimarratu du.
Yolanda Diaz: "Ez, pentsioen sistema ez da lehertuko"
Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan ministroak Gobernura iristen bada pentsioak murriztu nahi izatea leporatu dio PPri.
Atzo sare sozialetan argitaratutako bideo batean, Diazek ohartarazi zuen popularrak Espainiako Gobernura iristen badira pentsioak murriztu egingo dituztela.
Diazen arabera, Sanchez Gobernura iritsi zenean batez besteko erretiro pentsioa ez zen hileko 1.100 eurora iristen, eta gaur egun 1.576 eurokoa da, ia 500 euro gehiago. "Beraz, ez, pentsioen sistema ez da lehertuko", gaineratu zuen.