HAUTESKUNDE OROKORRAK

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Fronte Zabalak esan du Podemosekin akordioa egiten saiatu zela, baina aurrera egin behar dela: "No more drama"

Irene Montero Podemoseko hautagaiak PSOErekin Senaturako ituna egitea nahiago izatea egotzi dio Fronte Zabalari, eta desadostasunak ez direla zerrendengatik esan du, Espainiako Gobernuan egindako kudeaketagatik eta PSOErengandik "gertu" egoteagatik baizik.

frente Amplio Ada Colau
Fronte Zabalaren ekitaldia gaur Madrilen. Argazkia: EFE

Fronte Zabala Izquierda Unidak, Sumarrek, Mas Madridek eta Comunsek bultzatutako ezkerreko hamabost bat alderdiren koalizioak Ada Colau zerrendaburua aurkeztu du gaur eguerdian Madrilgo Lineal Manzanares parkeko auditorioan. 

Colauk Podemos koalizioan sartzeko saiakeraren porrota izan du hizpide. Izan ere, Fronte Zabalak eta Podemosek ezin izan dute akordiorik lortu koalizioak erregistratzeko epea agortu baino lehen.

Egun hauetan une "zailak" izan direla onartu du Colauk, eta Podemos Fronte Zabala koaliziotik kanpo geratu izanak sortu duen etsipena ulertzen duela gaineratu du. Akordio bila "azken minutura arte" saiatu zirela adierazi, eta "etsi gabe" eta "eskuzabaltasun handiz" aritu direla gaineratu du.

"Eskua luzatu diegu. Baina norbaitek mahai batean eseri nahi ez badu, ezin da behartu. Hori horrela da", esan du Bartzelonako alkate ohiak. "Ez naiz gehiago sigla edo alderdien inguruan arituko", gaineratu du. "Ahalegin guztiak egin dira eta eskua luzatzen jarraituko dugu. Siglez hitz egiteari utziko diogu, eta, jakina, ez didate hitz txarrik entzungo alderdi aurrerakoietako beste pertsona batzuei buruz", iragarri du.

Monterok hautagaitza aurkeztu du, eta Senatuan PSOErekin itunak egitea nahiago izatea aurpegiratu dio Fronte Zabalari

Bestalde, Irene Montero Podemoseko eurodiputatu eta Berdintasun ministro ohiak azaroaren 29ko hauteskunde orokorretarako hautagaitza aurkeztu du, eta Fronte Zabaleko kideei leporatu die nahiago izan dutela PSOErekin Senatuan zerrenda bateratua aurkeztea, Podemosekin hainbat autonomia-erkidegotan hauteskunde-akordioak ixtea baino. Horren arabera, "negoziazio horietako batzuk oso aurreratuta edo itxita zeuden".

Podemosen Estatuko Herritarren Kontseiluan egin duen agerraldian egin ditu adierazpen horiek Monterok. Hauteskunde orokorretarako ezkerreko alderdien arteko negoziazioen ostean, alderdi moreak lankidetzarako akordioa lortu du ERCrekin, eta itunak Kanarietan eta Valentziako Erkidegoan, baina porrot egin du Espainiako gainerako lurraldeetan.

Gabriel Rufianek ostiralean negoziazioetan emandako "ikuskizunagatik" barkamena eskatu ostean, Monterok bere egin ditu Rufianen hitz horiek.

Podemoseko hautagaiak ziurtatu duenez, Fronte Zabaleko alderdiekin akordioak lortzeko zailtasunak ez dira zerrenden antolaketagatik izan, urte batzuetatik hona "desadostasun politiko serioak" dituztelako baizik.

Fronte Zabalak asteartean aukeratuko ditu Euskadiko hautagaiak

Akordiorik lortu ez dutenez, Fronte Zabala eta Podemos banatuta aurkeztuko dira Euskadin eta Nafarroan ere azaroaren 29ko hauteskunde orokorretara.

Datorren astearte arratsaldean, Fronte Zabaleko kideek bilera egingo dute hautagaiak aukeratzeko eta eztabaidatzeko. Lander Martinezen izena mahai gainean dago Bizkaiko zerrendaburu izateko.

Iragarkia
18:00 - 20:00

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X