Donostiako Metroa Kontxako hondartzara hurbilduko da
Donostialdeko Metroak geltoki bat izango du Kontxako hondartzan, hots, Gipuzkoako hiriburuaren erdigune turistiko eta komertzialean.
Diario Vasco egunkariak gaur kaleratu duenez, geltokia Urbieta-Easo eta Arrasate-San Bartolome kaleen artean eraikiko dute, eta hiru sarbide izango ditu: Xabier Zubiri plazan, Londres hotelaren alboan (hondartzatik gertuen egongo dena); Loiola kalean eta San Bartolome Muinoan egingo duten merkataritza-gunean.
Halaber, metroak beste bi geltoki berri izango ditu: Benta Berrin, unibertsitatetik gertu, eta Eason. Azken horri esker, Zarautz-Irun bidea egin nahi dutenek ez dute trenez aldatu beharko hiriburuan.
Donostialdeko Metroaren lur azpiko tartea 2020. urterako egongo da martxan, aurreikusitakoa betetzen bada.