Nafarroako Volkswagen lantegia itxita egongo da gaur, motor faltagatik
Nafarroako Volkswagenek beste lau egunetan itxiko du Landabengo lantegia, ekoizpenean aurrera egiteko behar adina diesel motorrik ez dutelako. Astelehenean baieztatu zituen zuzendaritzak datozen asteotako geldialdiak, eta enpresa batzordeari jakinarazi dio egutegia. Irailean ere hainbat egunetan itxi zuten enpresa, arrazoi beragatik.
Hori horrela, gaur geldialdia egingo dute, baita abenduaren 4an, 5ean eta 7an ere. Sindikatuek esan dutenez, abenduko itxieren berri bazuten, baina azarokoa "ustekabean" iritsi zaiela esan dute.
Alfredo Morales enpresa batzordeko ordezkariak esan duenez, kezkatuta daude bizi duten "ziurgabetasun egoeragatik". "Okerrena hori da, zer etorriko den ez jakitea. Arazoa handitzen ari den heinean, gure kezka ere bai", adierazi du.
Urtea amaitu bitartean beste geldialdirik ez egotea aurreikusten duela esan die zuzendaritzak langileei, baina ez die ezer baieztatu.