Epaia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Langile baten kaleratzea onartu du Konstituzionalak, hutsegiteak justifikatu arren

Auzitegi Konstituzionalaren arabera, Langileen Estatutuan jasotako gehienezko hutsegiteen % 20 gainditu denez, kontratua etetea arrazoituta dago.
Auzitegi Konstituzionala. Artxiboko argazkia: EiTB
Auzitegi Konstituzionala. Artxiboko argazkia: EiTB

Lanera behin eta berriro ez joateagatik langile bat kaleratzea onartu du Auzitegi Konstituzionalak, hutsegite horien arrazoia justifikatuta egon arren. Hala ebatzi du Bartzelonako langile baten kasuan, asteartean emandako epai batean.  

Bartzelonako lan arloko epaitegi batek eraman zuen auzia Konstituzionalera, izan ere, berrogei laneguneko bi hilabeteko epean, bederatzi egunetan bajan izan zen behargina. Hala, Langileen Estatutuko 52. artikuluko D atalak jasotzen duen gehienezko hutsegiteen % 20 gainditu zuenez, enpresak langilea kaleratu zuen. Gainera, konpainiak kaleratze-gutunean azaldu zuenez, behargin horren hutsegiteak lanaldiaren % 5era iritsi ziren aurreko urtean.

Zehazki, Langileen Estatutuak 52en artikuluan jasotzen denez, lan-kontratu bat eten daiteke behin eta berriro langilea lanera ez badoa; hain zuzen, bi hilabeteko epean, huts egiteek lanaldiaren % 20 gainditzen dutenean, edo lanaldiaren % 25 lau hilabetean, lanera ez joateko arrazoia justifikatua dagoen arren.

Alabaina, langileak salaketa bat aurkeztu zuen kaleratzea indarrik gabe uzteko, giza eskubideak urratu zirela iritzita. Halaber, Langileen Estatutuko artikulu hori "gaixo dagoen behargina hertsatzeko mehatxu argia" zela ziurtatu zuen, "kaleratua izateko beldurragatik behin behinean lanera ez joateko aukera ez emateagatik".

"Zaila da lotura zuzena aurkitzea osotasun fisikorako eskubidearen eta langile bat kaleratzen duen enpresaburu baten jardunaren artean, denbora tarte jakin batean iraupen laburreko gaixotasun bat izateagatik lanera behin eta berriro huts egin duen aldi kopuruaren kasuan", azaldu du Konstituzionalak.

Gainera, gogorarazi du ez dela ahaztu behar kaleratze horren arrazoia ez dela gaixo egote hutsa, baizik eta denbora-tarte jakin batean behin eta berriro egindako hutsegiteen kopurua, justifikatuta egon edo ez.

Auzitegi Konstituzionalaren esanetan, "enpresaburu batek Langileen Estatutuko 52. artikuluan oinarrituta har dezakeen erabakiak ez du benetako arrisku larririk sortzen langileen osasunean, dagokion kalte-ordaina ordaintzen bada".

Zure interesekoa izan daiteke

teknikariak protesta gasteiz
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Ikuskizunetako teknikarien grebaren deitzaileak pozik agertu dira lanuzteak izan duen jarraipenarekin

Teknikariok, ESK, LAB, UGT, CCOO, ELA eta CNT Euskal Autonomia Erkidegoko ikuskizunen lehen hitzarmena negoziatzen ari dira, eta patronalari eskatu diote elkarrizketei berriro ekiteko, urtebete baitaramate blokeatuta. Aldi baterako kontratuak, lanaldi oso luzeak, legez ezarritako atsedenaldiak ez errespetatzea, jaiegunetan zein gaueko ordutegian plusik ez jasotzea eta lana eta bizitza pertsonala uztartzeko zailtasunak dituztela salatzen dute.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X