Pasaiako Portuko Agintaritzak "COVID-19 kasu bat ezkutatu" duela salatu dute
Pasaiako Portuko Agintaritzak langile batek koronabirusean emandako positiboa "ezkutatu" egin duela salatu du bertako enpresa batzordeak. Ohar batean jakitera eman dutenez, martxoaren 15ean jakin zuen enpresak Praktikoen Korporazioko behargin batek COVID-19 gaitza zuela, baina ez zuen ez jakinarazi ez eta neurririk hartu ere.
UGT, CCOO, ELA eta LAB sindikatuek osatzen duten batzordeak gogor kritikatu du enpresaren jarrera, "iturri ez ofizialen bidez" izan dutelako lankidearen koronabirus kasuaren berri. Enpresak "ezer gertatu ez balitz bezala" jarraitu duela lanean esan dute, "interes ekonomikoen defentsan".
"Enpresak hartu dituen neurriak gutxienekoak izan dira, eta bistakoa da gure artean dagoen kutsatze arriskua", gaineratu dute. Bata bestearen ondoan aritzen direla lanean, egun osoan, eta aldageletan ere, elkarrengandik oso gertu egoten direla salatu dute.
Azken aste honetan, portuan betiko sartu-irtena egon dela, eta inork ez duela neurririk hartu nabarmendu dute sindikatuek. "Koronabirusa duen pertsona bat daukagu, eta beste hiru sintomekin daude Praktikoen Korporazioan, proba noiz egingo zain", gaineratu dute.
Enpresa batzordeak dei egin die Pasaiako portuan lan egiten duten langile guztiei, "koronabirusaren zabalkundea galarazteko neurriak exijitu ditzaten".