Naval ontziola Belgikako VGP taldeari saltzeko baimena eman du epaitegiak
Sestaoko Naval ontziolaren eraikinak eta lursailak Belgikako VGP taldearen Urlau enpresari 36 milioi eurogatik saltzeko baimena eman dio Bilboko Lan-arloko bigarren epaitegiak konkurtsoko administratzaileari.
Ostegun honetan argitaratutako ebazpenaren arabera, ontziolaren ondasunak 21 sailetan salduko dituzte. Atal handiena -eraikinak, lursailak eta makinariaren zati bat- Urlai konpainiaren saltzea erabaki zuen konkurtsoko administratzaileak, baina gainerako hautagaiek -Marina Meridional eta Gestion Residencial Castellon enpresak, esaterako- helegite bana aurkeztu zuten.
Epaileak, baina, alegazio guztiak atzera bota zituen, Urlauren eskaintzak ontziolaren likidazio planean jasotako baldintza denak zorrotz betetzen dituela ebatzita.
Urlauk 36.781.540 euro ordainduko ditu ontziola bere egiteko. Marina Meridional ea Gestion Residencial Castellon enpresek 26.350.000 eta 26.240.000 euroko eskaintzak egin zituzten, hurrenez hurren.
Gainerako ondasunak, makinak batez ere, beste enpresa batzuen esku geratuko dira, tartean dira Mancobra SA eta Marina Meridional konpainien esku. Halaber, Bilboko Itsas Museoaren Fundazioari altzariak erosteko baimena eman dio epaileak.
Naval likidatzeko prozesua 2018an hasi eta joan den martxoaren 5ean amaitu zen. Guztira, 100 eskaintza izan dira.
Eusko Jaurlaritzak, alderdi politikoek eta sindikatuek ontziolaren jarduera bertan mantentzeko eskatu diote VGP taldeari.
Zure interesekoa izan daiteke
Argindarraren prezioa 200 euro/MWh-tik gorakoa izango da asteartean, 2022tik lehen aldiz
CC. OO.k eta UGTk greba orokorra deitu dute udazkenerako