Aurten iaz baino % 75 turista gehiagok hartu dute ostatu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hoteletan
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hotel establezimenduek 919.268 bezero erregistratu dituzte aurtengo udan, iaz uztailetik irailera baino % 74,5 gehiago, baina pandemia aurreko zenbakietara iritsi gabe. Sarrerak % 8,3 jaitsi dira 2019ko datuekin alderatuta. Gaualdiak % 81,3 hazi dira iaztik, 1.876.104 guztira, baina 2019an baino % 10,7 gutxiago dira.
Eustat estatistika institutuak gaur zabaldutako datuen arabera, Bizkaian izan da igoerarik handiena. Sarrerak % 104,7 hazi dira (guztira 404.317) eta gaualdiak, ostera, % 106,3 (guztira 820.965 ). 2019arekin alderatuta, ordea, % 15,4 egin dute behera sarrerek eta % 14,8, gaualdiek.
Araban ere igoera nabarmena izan da, baina Bizkaian baino txikiagoa. Guztira, 127.212 sarrera izan dira, iaz baino % 84 gehiago, baina duela bi urte baino % 3,6 gutxiago. Gaualdiekin ere antzeko zerbait gertatu da: 2020ko udakoak baino % 89,4 handiagoak izan dira, baina 2019koak baino % 5,3 txikiagoak.
Gipuzkoan hauteman dute igoerarik txikiena, hain zuzen ere, 2020ko datuak beste bi lurraldeetan baino hobeak izan zirelako. Gipuzkoan, 2020ko hilabete horietan % 49,1 egin du gora sarrera kopuruak eta gauenak, aldiz, % 59,7. 2019ko udarekin alderatuta, % 1,1 sarrera eta % 7,8 gaualdi gutxiago izan dira.
Euskal Autonomia Erkidegoa bisitatu dutenen % 33,5 atzerritarrak dira, iaz % 30,5 ziren. 2019ko udan, ostera, bisitarien ia erdia (% 49,5) atzerritarrak ziren.
Bisitari bakoitzak 2,04 egun egin ditu, batez beste, iaz baino pixka bat gehiago (1,96 egun), baina 2019an baino gutxiago (2,10 egun).