Garraiolarien bigarren greba egunak Bilboko Portua gelditu eta Nafarroan eragina izan du
Garraiolarien grebak bigarren eguna izan du Hego Euskal Herrian. Grebak Santurtziko (Bizkaia) instalazioen jarduna guztiz gelditu du Bilboko portuan.
"Errepidez ez da Bilboko portutik merkantziarik ateratzen ari, Santurtzin ez dago inor lanean, % 100 geldirik dago. Ez du kamioirik kargatzen", azaldu dio TransportBilbao elkarteko bozeramaileak EFE albiste agentziari. 420 garraiolari biltzen ditu elkarte horrek.
TransportBilbao Fenadismer Espainiako garraiolarien bigarren erakunde garrantzitsuenaren parte da, eta ez du lanuztea babesten, baina garraiolari kideak geldirik daude astearte honetan, bozeramaileak onartu duenez, "batzuek beldurragatik eta beste batzuek gasolioaren prezioak bizitzen uzten dielako".
Aparkabisako instalazioetan batzarra egin dute goizean, eta greba babesteko erabakirik ez dute hartu, baina "egoera ikusita, ezin diegu kideei eskatu lanera joatea", azaldu du bozeramaileak.
Hiru sindikatuak grebaren jarraipen "zabala" azpimarratu du. Esan duenez, "ez dute beste erremediorik".
Hala ere, EAEko garraio enpresa nagusien elkarteek ez dute oraingoz greba babestu, eta eragina Nafarroako errepideetan sumatu da gehien. Foru erkidegoan, Hiru elkarteaz gain, Tradisnak ere bat egin du grebarekin.
150 bat kamioi Galarretik Iruñera abiatu dira goizean, protesta hiriburuko erdigunera eramateko. Karabanako antolatzaileen arabera, aurreikuspenak gainditu dituzte. Nafarroako hiriburuan, Ogasunaren egoitzara joan dira, "garraio duinaren alde" egitea eskatzeko.
Bizkaian, 70 bat garraiolarik Bilboko Portuko sarrera nagusia oztopatu dute, pikete lanetan. Grebalarien eta Ertzaintzaren artean tentsio uneak izan dira. Grebarekin bat egin ez duten kamioilarien ibilgailuak hurbildu ahala, grebalariak oihuka eta txistuka hasi dira, eta ertzainak bidea libre uzten saiatu dira. Eztabaidak izan dira grebalarien eta polizien artean.
Kamioilari bat buruan zauritu dute
53 urteko kamioilari bat buruan zauritu dute Bilboko portuan, Zierbenako (Bizkaia) instalazioetan. Harri batek buruan jo du.
Segurtasun Saileko iturriek jakitera eman dutenez, 16:50 aldera, norbaitek kamioi baten kabinaren aurka harri bat bota du. Leihoko kristalak hautsi ondoren gidariaren buruan jo du. Ez dute egilea identifikatu, ezta atxilotu ere.
Kamioilaria Gurutzetako Ospitalera eraman behar izan dute, baina ez du ezer larririk, Segurtasun Sailak zehaztu duenez.
Piketeak 06:00etatik aritu dira Bilboko Portuko sarrera oztopatzen. Horien arabera, kamioi gehienak ez dira lanean aritu, kamioilarien % 80-90 inguru ari baitira greba egiten. Portuan sartu diren kamioilariak atzerrikoak dira, eta gidariek ez zuten grebaren berri.
Jarraipen "zabala"
Europa Pressek Hiruren iturriak aipatuz zabaldu duenez, lanuztearen jarraipena "zabala" izaten ari da. Sindikatuak, hala ere, ez du oraindik datu zehatzik eman.
Hiruko afiliatuen kasuan, zenbait garraiolarik grebarik ez egiteko eta lanean jarraitzeko asmoa adierazi zioten sindikatuari, bezeroekin igoera batzuk adostuta lanean jarraitzeko moduan zeudelako. Baina, horien arabera, garraiolari askok ezin diote gaur egungo egoerari aurre egin, batez ere erregaien prezioen igoeragatik, eta gelditu beharra dutela ikusi dute, "ez nahi dutelako, beste erremediorik ez dutelako baizik".
Sindikatuak "garraioaren tarifak berrikusteko beharra" azpimarratu du, "gasolioaren prezioaren igoeraren arabera, gutxienez hamabost egunean edo hilabetean behin".
Besteak beste, "inork kostutik behera lan ez egiteko; tarifak gastuen igoeraren arabera berrikusteko; garraioa merkatzen duten kooperatiba faltsuak, 'buzoi enpresak', azpikontratazioak eta beste praktika irregularrak kontrolatzeko; zamalanak debekatzeko, eta 60 urterekin erretiratzeko edota lan-gaixotasunak dituztenei laguntzak emateko" eskatzen dute.
Patxi Aguirre Hiru sindikatuko bozeramailearen hitzetan, Administrazioak erabakiak hartu behar ditu gasolioaren prezioaren igoeraren aurrean, eta "erregularizazioa" eskatu du; izan ere, orain "edozer gauza egiten ari dira".
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarritako zergen jaitsiera "ez da konponbidea", Aguirreren iritzian. Erregaien prezioa maizago berrikusi eta egokitzea nahi dute, eta borrokan segitzeko deia egin dute.
Azkenik, grebalariek salatu dutenez, banaketak egiten dituzten furgoneten gidariak enpresen "mehatxuak" jasotzen ari dira, grebarik egin ez dezaten.
Zure interesekoa izan daiteke
Abeltzainak haserre, Bazka Mahaia irailera atzeratu duelako Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzak bazkaren beharrei buruz egindako inkestan 435 ustiategiren erantzunak jaso ditu eta horiekin hartuko ditu erosketa bateratuaren kopuruari eta hornitzaileei buruzko erabakiak. UAGAk eta ENHEk lan egiteko modu eraginkorragoak eskatu dituzte. Hala ere, guztiak ados daude, etorkizunera begira bazkari buruzko plangintza bat behar dela esatean.
Hoteletako sarrerak % 7,7 igo dira uztailean EAEn, eta gaualdiak % 6,7
Sarrera guztien % 58,8 eta gaualdien % 59,9 atzerritar jatorriko pertsonenak izan ziren, 2025eko uztailean baino % 11,1 eta % 11,7 gehiago, hurrenez hurren.
Txakolinaren mahats-bilketa aurreratu dute, beroagatik
Txakolinaren mahats-bilketa ohi baino lehenago hasiko da beroaldien ondorioz. Ekoizleen arabera, data hauek ez dira ohikoak mahats-bilketari ekiteko. Etengabe egiten dituzte analisiak mahastietan, mahatsak azukre eta garraztasun puntua noiz hartuko dituen zehatz-mehatz jakiteko, eta biltzeko une egokiena heldu da.
Bazka eroste bateratua eta lehorte deklarazioa berehala gauzatzeko eskatzen dute abeltzainek
Bi aste dira Bazka Mahaia elkartu eta erakundeek hainbat konpromiso hartu zituztela. Abeltzain asko euren kontura belarra eta lastoa erosten hasi dira, eta erakundeei neurriak berehala hartzeko deia egin diete.
Euskotreneko langileek Bilboko tranbian zezenketen publizitatea jarri izana salatu dute
Arriaga plazan gaur goizean egindako elkarretaratzean, Euskotreneko langileek balio publikoekin koherentea den eta animalien ongizatea errespetatzen duen publizitatea exijitu dio enpresari.
Mingain urdin kasu bat atzeman dute Barrundiako artalde batean
Gaitzaren aurka txertatutako 200 ardi baino gehiagoko artalde bateko animaliak eman du positibo mingain urdinaren 3. serotipoan.
Eusko Jaurlaritzak Administrazio Orokorreko 461 lanpostu betetzeko EPEan izena emateko epea ireki du
Izen-emate telematikoa irailaren 16an amaituko da, eta lehen azterketak 2027ko urtarrilean egitea aurreikusi da.
Milioi bat euroko zigorra ezarri diote AVIS enpresari, trafiko isunengatik bezeroei kudeaketa gastuak kobratzeagatik
Autoak alokatzen dituen enpresak 33,88 eta 45 euro arteko errekargua aplikatzen du isunaren ordainketa kudeatzeagatik eta administrazioari arau-hauslearen nortasuna jakinarazteagatik.
51 urteko langile bat hil da Iurretan, paper-enpresa batean
Sorospen-dispositiboan parte hartu duten Ertzaintzako bi agente bertan artatu behar izan dituzte osasun-langileek, isuritako gasak arnastuta intoxikatu baitira.
Sopela eta Urduliz bizitegi-merkatuko gune tentsionatu izendatu ditu Eusko Jaurlaritzak
Bizkaiko bi udalerriek urtarrilean eta otsailean eskatu zuten izendapena, eta hiru urteko hasierako indarraldia izango du, luzatzeko aukerarekin.