45 eta 36 urteko bi langile hil dira Garesen
45 eta 36 urteko bi langile hil dira astelehen honetan Garesko (Nafarroa) Señorio de Sarriako instalazioetan izandako lan-istripu batean, EITB Mediak jakin ahal izan duenez.
Foruzaingoak zehaztu duenez, ezbeharra 12:40 aldera gertatu da. Bi beharginak esne ustiategiko minda biltegi batera erori dira, horietako bat berehala hil da, eta bestea larri zauritu da.
Foruzaingoak jakitera eman duenez, 12:38 aldera istripuaren berri izan dute telefono-dei baten bidez.
Nafarroako suhiltzaileak eta helikoptero bat bertaratu dira. Lizarrako suhiltzaileek bi beharginak erreskatatu dituzte.
Helikopteroak zauritua egoera kritikoan eraman du Nafarroako Unibertsitate Ospitalera, herriko osasun langileek suspertzeko maniobrak egin ondoren. Hala ere, azkenean hil egin da.
Foruzaingoak ikerketa abiatu du. Oraingoz, gas metanoa arnastuta hil direla uste dute.