Arazo ekonomikoen kezkak gora egin du EAEn, eta 2014az geroztik handiena da, Soziometroaren arabera
Ekonomia auziak dira Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) biztanleen kezka iturri nagusia, gaur, ostiralarekin, kaleratu diren bi inkestaren arabera. Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako 77. Soziometroak zein sei hilabetean behin Deustuko Unibertsitateak argitaratzen duten Deustobarometroak agerian utzi dute azken hilabeteetako egoera ekonomikoak herritarren ardurengan eragina izan duela.
Soziometroaren arabera, galdetatutakoen % 55ek lan merkatuarekin lotutako arazoak aipatu dituzte EAEko arazo nagusia zein den galderari erantzunez. Dena dela, kezkak behera egin du otsailean egindako Soziometroarekin alderatuta (% 65ek hartu zuten ahotan). Bigarren arazo gisa, baina tarte dezentera, arazo ekonomikoak daude, herritarren % 23ren arabera. Kezka horrek zortzi puntu egin du gora eta azken zortzi urteotako punturik altuenean dago (2014an % 26k aipatu zuten). Hori gorabehera, ia 10 biztanletik 7k uste dute Euskadiren egoera ekonomikoa "ona" edo "oso ona" dela.
Inkesta, aurtengo bigarrena, ekainaren 6tik 10erako tartean egin zuen Jaurlaritzak telefono bidezko 3.333 elkarrizketa eginda.
Norbere egoera ekonomikoaren balorazioa egiteko eskatuz gero, herritarren % 72k diote "ona" edo "oso ona" dela; % 23k "txarra" dela diote. Haatik, "oso txarra" dela diotenen portzentajea (% 5) azken bederatzi urteetako altuena da (2013an % 7koa zen).
Gainera, biztanleen % 65ek diote euren egungo lan egoera "ona" edo "oso ona" dela, iazkoa baino portzentaje pixka bat baxuagoa (% 71) eta 2019an, pandemiaren aurretik, egindako balorazioaren oso antzekoa.
Osasungintza, EAEko hirugarren arazoa
Itaundutakoen % 19ren arabera, osasun arretarekin, Osakidetzarekin eta, oro har, osasungintzarekin lotutakoak arazoak dira buruhauste nagusi. Kezka horrek behera egin du otsaileko datuekin alderatuta, baina datuak jasotzen dituztenetik izandako portzentaje altuena da (duela lau hilabeteko inkestan ondu zen marka).
Arazo horien atzetik etorriko lirateke egoera politikoa, politikariak eta gatazka politikoa (% 15); etxebizitza eta etxegabetzeak (% 11) eta, delinkuentzia eta herritarren segurtasunik eza (% 11). Edonola ere, EAEko herritarren % 36k uste dute euren herri edo hiria bizitzeko leku "guztiz segurua" dela, eta beste % 53k, "gehienbat segurua" dela.
Ezberdintasun ekonomikoak, gehien zatitzen gaituztenak
Eskubide eta aukera ezberdintasunak kontuan hartuta, hainbat gizarte talderen artean dauden aldeen inguruan galdetu zaie inkestatuei. Ezberdintasunik handienak pertsona aberats eta pobreen artean antzematen dira (% 83k uste dute "oso edo nahikoa handiak" direla). Ondoren, bertoko eta etorkinen artean (% 68) eta unibertsitate ikasketak dituztenen eta ez dituztenen artean (% 61) ere igartzen dira aldeak. Deigarria da inkestaren emaitzek berdintsu antzematen dituztela euskaraz dakitenen eta ez dakitenen arteko eta gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasunak (% 53)
Auzi politikoak
Independentziarekiko duten jarreraz galdetuta, EAEko biztanleen % 22 horren alde daude, eta % 33k euren jarrera egoeraren araberakoa litzatekeela aipatu dute. 10 herritarretik 4 kontra daude. Iritziok ia ez dira aldatu 2021etik, baina aurka daudenen portzentajean gorakada ikusi da 2019-2020tik.
Begikotasun politikoei dagokienez, EAJ da herritarren artean begikotasun handiena sortzen duen alderdia, 5,3 punturekin 0tik 10erako eskalan. Ondoren, PSE-EE (4,6), EH Bildu (4,2), Elkarrekin Podemos (3,8), PP (1,6), eta, azkenik, Vox (0,7) daude. Azken hori izan ezik, alderdi guztiek, bereziki EH Bilduk, irabazi dute sinpatia apur bat otsailarekin alderatuz.
Deustobarometroa: Pandemia ia ahaztuta, gai ekonomikoak berriro buruhauste
EAEko herritarren ia % 50arentzat, prezioen gorakada, inflazioa eta bizimoduaren garestitzea dira EAEko arazo larrienak, uda sasoiko Deustobarometroaren arabera. Ikerketak "gainditutzat" eman du pandemiak herritarrengan eragindako "kolpe emozionala", eta horren erakusle, covid-19a ia desagertu da kezken zerrendatik.
Maria Silvestre eta Braulio Gomez inkestaren arduradunek eman dute DeustoBarometroaren ondorioen berri, Bilbon egindako prentsaurreko batean. Galdeketa maiatzaren 24tik ekainaren 5era egin zuten 1.000 bat herritarri itaunduta.
Inkestaren arabera, 10 herritarretik 4k berogailua jartzeari muzin egin zioten neguan, argindarraren prezioaren ondorioz. Halaber, eta bizimoduaren garestitzea tarteko, herritarren % 40k esan dute aisialdian gutxiago gastatu dutela azken hilabetean, eta 10etik 2k murrizketak egin dituzte elikagaiak erosteko orduan.
Zure interesekoa izan daiteke
Gipuzkoarrek bizkaitarrek baino merkeago dute Bilbo-Donostia autobus zerbitzua; Facuak berdintasuna eskatu du
Zerbitzua ematen duten Avanza enpresak Mugi txartela onartzen du eta deskontuak aplikatzen ditu, baina ez du Barik txartela onartzen. Gipuzkoako Foru Aldundiak du linea horren gaineko eskumena.
Euskal Y-aren eta Nafarroaren arteko lotura urtea amaitu aurretik erabakiko dela esan du Santanok
Espainiako Gobernua lotura Gasteiztik edo Ezkiotik egitea aztertzen ari da. Dena den, eztabaida irabazle eta galtzaile terminoetan egitea baztertu du Jose Antonio Santano Espainiako Gobernuko Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko estatu idazkariak Radio Euskadin gaur egin dioten elkarrizketan.
Eusko Jaurlaritza kezkatuta agertu da medikuen grebarekin, Osasun Ministerioak eta greba batzordeak astelehenean bilera egin atarian
Sindikatuek mobilizazio egutegiari eutsi diote, eta akordiorik lortu ezean, apirilaren 27tik 30era greba egingo dute berriro.
Berako Arcelorreko beharginek salatu dute lantegiko mediku-arreta kaskartzen ari dela
ELA sindikatuak salatu du, besteak beste, istripua izan duten langileak —baita lesio larriak dituztenak ere— birkokatu egiten dituztela, dagokien baja medikoa eman beharrean. Hori dela eta, ostegunero lanuzteak egingo dituzte, osasasun arreta kaskartu egin dela salatzeko.
ELAk eta LABek lanuzteak deitu dituzte udal guztietan, apirilaren 23tik aurrera, lan baldintzen gaineko akordioa berritzeko
Sindikatuek lanuzteak eta grebak iragarri dituzte apirilean, maiatzean eta ekainean, lan hobekuntzak aldarrikatzeko eta 28.000 udal langileren baldintzak arautzen dituen akordioaren negoziazioa desblokeatzeko.
Berretsi egin dute Aceros Olarra enpresari ezarritako zigorra, amiantoaren ondorioz hildako behargin baten heriotza ikertzeko auzian
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Bilboko epaitegi baten ebazpena. Horren arabera, Cofivacasa sozietate publikoa eta Aceros Inoxidables Olarra enpresa zigortu zituen, eta langilearen familiari 153.000 euro baino gehiago ordaindu behar dizkiote, bien artean, amiantoak biriketako kartzinoma eragin ziola ebatzita.
ESK sindikatuak bi greba egun deitu ditu Gasteizko Mercedes Benz lantegian
Protesta apirilaren 25ean eta 27an izango da, eta salatu nahi dute zuzendaritza “eten barik” urratzen ari dela hartutako akordioak.
Zumaiako Estaños Matienako langileak grebara joango dira apirilaren 13tik 17ra, lan segurtasunean hobekuntzak aldarrikatzeko
Langileek "euren osasuna eta segurtasuna bermatzea" eskatu dute, hainbat istripu izan baitira lantegian, besteak beste, urtarrilaren 31n langile gazte bat hil zen, lan-istripuz.
Ekialde Hurbileko su-eten hauskorrak urduri ditu parketak
Petrolioaren prezioa % 2 inguru igo da lehen orduko enkanteetan. Asiako burtsek galerekin zabaldu dute, eta Europako eta Estatu Batuetako burtsetan ere beherakadak aurreikusi dira.
Euskalduna Jauregiko garbitzaileek bost greba-egun deitu dituzte, soldatak parekatzea aldarrikatzeko
Apirilaren 14tik 18ra egingo dute greba. ISS Facility zerbitzuaren enpresa esleipenduneko langileek salatu dutenez, urtean 18.000 euro inguru kobratzen dituzte, eta Bizkaiko Foru Aldundiko beste eraikin batzuetako garbiketako beste langile batzuek, berriz, 27.000 euro.