Etxebizitzen alokairuak galgari eman dio
"Goiz da, zain gaude, baina gelditzen ari dela ematen du". Horrelako erantzunak jaso ditugu Etxebizitzaren Lege berria alokairuaren merkatuan eraginik izaten ari ote den galdezka hasi garenean higiezinen jabetzako agenteen artean.
Ziurgabetasuna da nagusi etxejabeen, higiezinen agentzien eta alokairuak kudeatzen dituzten agenteen artean. Batzuen esanetan, gainera, eskaintzan beherakada nabaritzen ari da: "Bezero batzuek dagoeneko esan digute ez dutela alokairuarekin jarraitu nahi, nahiago dutela etxea saldu", azaldu digu Iñigo Garaicoecheak, Donostiako Araxes higiezinen agentziako buruak.
Merkatu horretan 40 urtetik gora eman dituen profesional horren ustez, etxejabe batek bi gauza nahi ditu etxea alokairuan jartzea erabakitzen duenean: "errentagarritasuna, hilero kobratzea, eta maizterrak etxea zaindu dezala". Garaicoechearen aburuz, lege berri horrek "bi horien aurka egiten du"; izan ere, maizterrak babesten ditu, batik bat ohiko etxebizitza badu eta egoera zaurgarrian dagoela frogatuz gero, horrek etxetik botatzea zailduko bailuke, nahiz eta errenta ordaindu ez edo etxebizitzan kalteak eragin.
Jose Luis Polo, Gipuzkoako COAPI Gipuzkoako Higiezinen Jabetzako Agenteen Elkargo Ofizialeko presidente eta OKADOS agentziaren jabea, bat dator kidearekin. Horren ustez, etxebizitzen merkatua, oro har, eta alokairuko etxebizitzena, bereziki, oso egoera makurrean daude, eta beharrezkoa zen horiek arautuko dituen lege bat. Baina hutsune ugari ikusten dizkio indarrean sartu berri den arau honi.
"Legeak ez ditu zehazten higiezinen agenteen kontzeptua eta horren funtzioak, baina bai esaten du kudeaketa-gastuak errentatzaileak ordaindu behar dituela; alegia, guk etxejabeari kobratu behar badiogu, hura da gure bezero, legearen arabera. Ondorioz, logikoa litzateke zerbitzu batzuk, alokairuko kontratuaren azterketa adibidez, jabeei soilik eskaintzea". Hori, kasu batzuetan, maizterraren kalterako izango litzatekeela uste du.
Udalak eratu zain
Etxebizitzaren Legea indarrean dago jada -maiatzaren 26an sartu zen indarrean-, baina horren aldeetako batzuk tokian tokiko administrazioek garatu beharko dituzte. Udal hauteskundeak igaro berritan, udalak oraindik eratu gabe daudenez, merkatua zain dago. Gerta daiteke lurralde batzuetan legearen alde batzuk ez garatzea eta araua "deskafeinatu" xamar gelditzea.
Beste administrazio batzuek garatu beharko dituzten gaietako bat tentsio handiko guneak izango dira. Legearen testuaren arabera, tentsio handiko gunetzat hartuko dira hipoteka edo alokairua eta gastuak ordaintzeko zenbatekoa familien batez besteko errenta baino % 30 handiagoa behar bada edota azken 5 urteetan salmenta edo alokairuaren prezioa KPIa baino % 3 gehiago garestitu bada. Hala ere, tokian tokiko erakundeek eskatu behar dute izendapen hori.
Gure inguruan, Donostiak baldintza horiek guztiak betetzen ditu, Araxes agentziako Iñigo Garaicoechearen aburuz. "Itxaron egin beharko da nolako udal-gobernua osatzen den eta zer erabaki hartzendituen ikusi arte", esan du.
Izendapena onartuko balitz (3 urterako izango litzateke), alokairuen prezioen gaineko kontrola ezarri ahalko litzateke eta bertako administrazioek merkatuaren oreka-falta zuzenduko duen neurri-sorta bat egin beharko lukete.
Zalantza nagusi den honetan, etxejabe batzuek alokatu edo ez erabakitzeko itxarotea erabaki dute, beste batzuek etxea alokairu merkatutik kendu eta saltzea hobetsi dute eta beste batzuk maizterra aukeratzerakoan zorrotzagoak izaten hasi dira. Iñigo Garaicoechearen hitzetan, "alokairuan hartuko dituztenen gaineko informazio gehiago eskatzen dute: lan-kontratuak, nominak… Familia-liburua ere eskatu izan digute, bere kargu adin txikikorik duen edo ez, zaurgarria izan daitekeen jakiteko".
Alokairu-asegurua
Beste errentatzaile batzuek, ordea, bestelako irtenbideak bilatzen dituzte etxebizitza alokatzen jarraitzeko eta, aldi berean, ezustekoen aurrean lasaitasun pixka bat izateko. Errenta ez ordaintzea estaltzen du eta Estatuko hainbat hiritan aseguru honen eskaerak gora egin du.
Donostiako Gros auzoko Mapfre aseguruen bulegoan urteak daramatzate aseguru hau eskaintzen Arranz aita-semeek. Azken urteetan aseguru honen eskaera igo egin dela esan dute, etxejabeen egonezinaren aurrean.
Aseguruaren hartzailea jabea izaten da, eta, beraz, berak eskatu ohi du aseguru hori egitea. Aseguru-etxeek jartzen dituzten baldintzak, berriz, argiak izan ohi dira: maizterrak lan-kontratu mugagabea izan behar du, eta alokairua ezin da horren diru-sarreren % 30etik gorakoa izan. Bi horiek betetzen direnean soilik sinatzen dute kontratua.
Ondoren, hilabete batean alokairua ordaintzen ez bada, etxejabeak eskubidea dauka aseguru hori baliatzeko, baina epaia izan behar da; beraz, aseguru-etxeko abokatuek gaia epaitegietara eramango dute eta etxea husteko prozesua abiatuko dute.
Eskaintza haztea
Galdetutako agente guztiak bat datoz esaten ohiko alokairuaren merkatuan arazo nagusia zein den: oso etxe gutxi irteten dira merkatu honetara, eta, bat irten orduko, berehala alokatzen da. Ondorioz, prezioak eskaintza eta eskariaren arabera erregulatzen direnez, ez dira merkatzen.
Agente horietako askorentzat, konponbidea eskaria handitzea litzateke. Horretarako bi neurri aipatzen dituzte: alokairu sozialerako etxebizitza gehiago eraikitzea eta etxeak alokairuan jartzen dituzten jabeei pizgarriak ematea, alokairua erakargarria izan dadin.
Zure interesekoa izan daiteke
Abeltzainak haserre, Bazka Mahaia irailera atzeratu duelako Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzak bazkaren beharrei buruz egindako inkestan 435 ustiategiren erantzunak jaso ditu eta horiekin hartuko ditu erosketa bateratuaren kopuruari eta hornitzaileei buruzko erabakiak. UAGAk eta ENHEk lan egiteko modu eraginkorragoak eskatu dituzte. Hala ere, guztiak ados daude, etorkizunera begira bazkari buruzko plangintza bat behar dela esatean.
Hoteletako sarrerak % 7,7 igo dira uztailean EAEn, eta gaualdiak % 6,7
Sarrera guztien % 58,8 eta gaualdien % 59,9 atzerritar jatorriko pertsonenak izan ziren, 2025eko uztailean baino % 11,1 eta % 11,7 gehiago, hurrenez hurren.
Txakolinaren mahats-bilketa aurreratu dute, beroagatik
Txakolinaren mahats-bilketa ohi baino lehenago hasiko da beroaldien ondorioz. Ekoizleen arabera, data hauek ez dira ohikoak mahats-bilketari ekiteko. Etengabe egiten dituzte analisiak mahastietan, mahatsak azukre eta garraztasun puntua noiz hartuko dituen zehatz-mehatz jakiteko, eta biltzeko une egokiena heldu da.
Bazka eroste bateratua eta lehorte deklarazioa berehala gauzatzeko eskatzen dute abeltzainek
Bi aste dira Bazka Mahaia elkartu eta erakundeek hainbat konpromiso hartu zituztela. Abeltzain asko euren kontura belarra eta lastoa erosten hasi dira, eta erakundeei neurriak berehala hartzeko deia egin diete.
Euskotreneko langileek Bilboko tranbian zezenketen publizitatea jarri izana salatu dute
Arriaga plazan gaur goizean egindako elkarretaratzean, Euskotreneko langileek balio publikoekin koherentea den eta animalien ongizatea errespetatzen duen publizitatea exijitu dio enpresari.
Mingain urdin kasu bat atzeman dute Barrundiako artalde batean
Gaitzaren aurka txertatutako 200 ardi baino gehiagoko artalde bateko animaliak eman du positibo mingain urdinaren 3. serotipoan.
Eusko Jaurlaritzak Administrazio Orokorreko 461 lanpostu betetzeko EPEan izena emateko epea ireki du
Izen-emate telematikoa irailaren 16an amaituko da, eta lehen azterketak 2027ko urtarrilean egitea aurreikusi da.
Milioi bat euroko zigorra ezarri diote AVIS enpresari, trafiko isunengatik bezeroei kudeaketa gastuak kobratzeagatik
Autoak alokatzen dituen enpresak 33,88 eta 45 euro arteko errekargua aplikatzen du isunaren ordainketa kudeatzeagatik eta administrazioari arau-hauslearen nortasuna jakinarazteagatik.
51 urteko langile bat hil da Iurretan, paper-enpresa batean
Sorospen-dispositiboan parte hartu duten Ertzaintzako bi agente bertan artatu behar izan dituzte osasun-langileek, isuritako gasak arnastuta intoxikatu baitira.
Sopela eta Urduliz bizitegi-merkatuko gune tentsionatu izendatu ditu Eusko Jaurlaritzak
Bizkaiko bi udalerriek urtarrilean eta otsailean eskatu zuten izendapena, eta hiru urteko hasierako indarraldia izango du, luzatzeko aukerarekin.