EAEko erakundeek nekazarien aldarrikapenen aurrean hartutako konpromisoak aurkeztuko dituzte
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) nekazariek kalera eraman dituzte euren traktoreak lehen sektorearen egoera "larria" salatzeko, eta aldarrikapenen aurrean, hainbat konpromiso hartuko dituzte erakundeek.
Gaur eguerdian (14:00etan) agerraldia egingo dute Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak eta hiru lurraldeetako foru diputatuek —Amaia Barredo arabarra, Arantza Atutxa bizkaitarra eta Xabier Arruti gipuzkoarra— Jaurlaritzaren egoitzan. Krisia lehertu zenetik, harremanetan egon dira EAEko erakundeak eta baserritarrak, eta lehen eskutik ezagutzen dituzte euren eskakizunak.
Hala nabarmendu du asteon Arantxa Tapia sailburuak berak. "Egun on Euskadi" egindako elkarrizketa batean nabarmendu zuenez, Jaurlaritzak elikadura katearen azterketa egin du, eta ikuskaritzei ekingo die aurki, balizko arau-hausteak zigortzeko.
Ingurumari horretan, Espainiako Elikadura Katearen Behatokia ere gaur da biltzekoa (16:00etan da batzarra). Organo horretan honakoek hartzen dute parte: Nekazaritza Ministerioa, laborarien bozeramaileak, kontsumitzaileak, elikaduraren industria eta banatzaileak.
Zure interesekoa izan daiteke
Ekonomia % 2,2 haziko da Euskadin aurten eta % 1,9 datorren urtean
Argindarraren prezioa 200 euro/MWh-tik gorakoa izango da asteartean, 2022tik lehen aldiz
CC. OO.k eta UGTk greba orokorra deitu dute udazkenerako