Eusko Jaurlaritzaren esku geratu da AHTaren Arkautiko lotunea eraikitzea, "Euskal Y-aren giltzarria"
Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Arkautiko lotunea eraikitzeko lanak Eusko Jaurlaritzaren esku uztea onartu du gaur Espainiako Ministroen Kontseiluak, aurrez Euskal Y-aren beste tarte batzuekin egin bezala. Gauzak horrela, Gasteizko Gobernuak azpiegitura eraikitzeko dirua aurreratuko du eta, gero, Kupotik deskontatuko du. Espainiako Gobernuak 146 milioi euroko inbertsioa onartu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa lotuko dituen Arkautiko lotunea egiteko.
Horrez gain, Adif AVk 34,7 milioi euroko kostua izango duten lanak orainduko ditu, gune horretan bertan. Batez ere, elektrifikazioari edota segurtasun eta komunikazio azpiegiturei dagozkien lanak izango dira.
Pilar Alegria Espainiako Gobernuaren bozeramaileak Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, Euskal Y-aren azken obra handia izango da, Estatuko abiadura handiko trena Euskal Autonomia Erkidegoko sarearekin lotzea ahalbidetuko duena. "Euskal Y-azpiegiturarentzat gune giltzarria da", esan du.
Halaber, Arkautiko lotuneak (Gasteiz) balio izango du AHTa Estatuko gainerako sarearekin, Iruñearekin eta Iparraldearekin lotzeko.
Aurreikuspenak betetzen badira, lehen trenak 2027. urtearen amaieran edo 2028 hasieran ibiliko dira.
Arkautiko lotunea eraikitzeko lanak Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu ahal izateko hitzarmena sinatuko du Espainiako Gobernuarekin. Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen arabera, akordioa azaroan sinatzea espero dute.
Gobernu kontseiluaren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, bi gobernuen arteko akordioak lanak bizkortzea ahalbidetuko du. Horren esanetan, "pauso positiboa" da, baina prozesua "luzea" izango dela ohartarazi du, proiektua idatzi, obrak lizitatu eta behingoz egin behar baitira.
Zure interesekoa izan daiteke
ELA eta LAB, etxebizitzaren aldeko greba orokorrerako bidean
LAB etxebizitzaren inguruko greba orokorraren alde agertu da, eta beste sindikatuekin batera prestatzen ari dela esan du
Ekonomia % 2,2 haziko da Euskadin aurten eta % 1,9 datorren urtean
Argindarraren prezioa 200 euro/MWh-tik gorakoa izango da asteartean, 2022tik lehen aldiz
CC. OO.k eta UGTk greba orokorra deitu dute udazkenerako