Autobus gidarien greba jarraipen zabala izaten ari da Bizkaian eta Gipuzkoan eta txikiagoa, Araban
CCOO eta UGT sindikatuek deituta, greba eguna dute gaur Hego Euskal Herriko autobus gidariek. Ilara luzeak sortu dira goizeko lehen orduetan, batez ere Bilboko eta Donostiako autobus geltokietan. Bi sindikatu deitzaileen arabera, grebaren jarraipena handia izan da Bizkaian (Bilbobus eta Bizkaibus) eta Gipuzkoan (Dbus), eta txikiagoa, berriz, Araban. Hala ere, ez da aparteko intzidentziarik izan Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.
Guztira, 10.000 autobus gidari daude grebara deituta Euskal Autonomia Erkidegoan, eta 1.000tik gora Nafarroan, eskola garraioan dabiltzanak tartean. Erretiroko adina aurreratzea dute aldarrikapen nagusi. ELAk eta LABek, baina, ez dute deialdia babestu, eta ez dezatela grebarik egin eskatu diete autobus gidariei.
Grebaren jarraipena
UGT Euskadiren arabera, Dbusen grebaren jarraipena "zabala" izan da, % 50 ingurukoa goizeko txandan. Bizkaian, langileek erantzun are hobea eman diote deialdiari, eta Bilbobusen eta Bizkaibusen jarraipena "ia erabatekoa" izan dela adierazi du sindikatuak. CCOOren arabera, Bizkaibusen ia %100eko jarraipena izan du grebak, Enkarterrietan eta Durangon izan ezik.
Ohikoa den moduan, enpresek emandako datuak oso bestelakoak izan dira. Bilboko Udalak zabaldutako datuen arabera, grebaren jarraipena % 31koa izan da Bilbobus zerbitzuaren goizeko txandan. Bizkaibusen kasuan, grebaren jarraipena % 40ekoa izan da goizeko txandan, Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera. Donostiako Udalak jakinarazi duenez, grebaren eraginez Dbus hiri barruko 13 autobus linea bertan behera gelditu dira (17, 21, 23, 24, 27, 29, 31, 33, 38, 41, 42, 43 eta 46 lineak). Dbusek zabaldu duenez, gidarien % 32k egin dute bat grebarekin. Mikel Castro Dbuseko enpresa batzordeko presidentearen (UGT) arabera, gidariek greba deialdiari emandako erantzuna % 45-50 bitartekoa izan da, hots, ezarritako gutxieneko zerbitzuak baino % 15-20 autobus gehiago ibili dira.
Lurraldebus zerbitzuari dagokionez, kontzesioa duten zazpi enpresetatik hiru % 100ean ari dira lanean, bitan % 90eko zerbitzua ematen ari dira eta eragin handiena ibilbide luzekoetan (Debagoiena eta Donostia-Bilbo) eta Tolosa-Buruntzaldean izaten ari da (% 70-80), Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera. Enpresa batzordearen esanetan, grebari emandako erantzuna "txikia" izan da.
Bestalde, UGT Euskadik azaldu duenez, grebaren eragina "nabarmena" izan da eskola garraioan ere. Hala ere, ez dute datu zehatzik eman zerbitzu hori ematen duten enpresa asko dauden heinean neurtzea zaila dela iritzita. CCOOk eskola autobusen zerbitzuan ere jarraipena nabarmena izan dela azpimarratu dute.
Sindikatuek eurek onartu dute eragina nabarmen txikiagoa izan dela Araban.
Gasteizko hiri garraioari dagokionez, 72 gidarietatik 5ek egin dute bat greba deialdiarekin goizeko txandan. Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, grebaren jarraipena txikia izaten ari den heinean, Tuvisako autobusak ia normaltasunez ari dira lanean.
Iruñeko autobus publikoetan (Billabesa) 10 autobusetatik 6 lanean ari dira, nahiz eta ezarritako gutxieneko zerbitzuak % 40koak izan. David Marcalain Nafarroako CCOO sindikatuko ordezkariaren esanetan, grebaren eragina "masiboa" izaten ari da, gutxieneko zerbitzuak "gehiegizkoak" direla salatu duen arren.
Deitzaileen arabera, lanuztearen jarraipena "zabala" izaten ari da Espainiako Estatuan, nahiz eta ezarritako gutxieneko zerbitzuak "gehiegizkoak" direla uste duten.
Gutxieneko zerbitzuak
CCOOk eta UGTk lau greba egun deitu dituzte (urriaren 28 eta azaroaren 11, 18 eta 29rako) eta greba mugagabea abenduaren 23tik aurrera. Deialdiak kontuan hartuta, gutxieneko zerbitzuen inguruko agindua kaleratu du Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak.
Mikel Torres sailburuak sinatutako oharraren arabera, egunean programatutako zerbitzu arrunten % 30 izango dira gutxieneko zerbitzuak.
Dena den, ehuneko hori banatzerakoan, lehentasunezkoak izango dira ordezko garraio-zerbitzurik ez duten lineak edo osasun-zentroetara doazenak. Era berean, arreta berezia jarri beharko zaie lantokietan sartzeko eta irteteko ordutegiei.
Horri lotuta, Donostiako Udalak Dbusen indarrean izango diren gutxieneko zerbitzuen berri eman du. Horren arabera, linea hauetan ez da zerbitzurik egongo: 17, 21, 23, 24, 27, 29, 31, 33, 38, 41, 42, 43 eta 46. Beste hauetan, berriz, moldaketak eta murrizketak egon daitezke: 5, 8, 9, 13, 14, 16, 18, 19, 25, 26, 28, 32, 35, 36, 37, 40 eta 45.
Nafarroako Gobernuak, berriz, % 40ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu greba deituta dauden astegunetan, % 30ekoak larunbatetan eta % 20koak jaiegunetan.
Eskola garraioan eta ezgaitasunak dituzten pertsonen garraioan, baina, zerbitzu osoa bermatu beharko dute.
Euskotrenek ere gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu
Euskotrenek iragarri du bidaiariek bermatuta izango dituztela gutxieneko zerbitzuak. Ohar batean, gogora ekarri du Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburu Mikel Torresek emandako agindua, alegia, "oinarrizko autobus zerbitzua bermatzeko beharra".
Halaber, aurreratu du Gernikako Urriko Azken Asteleheneko jaia tarteko, Bilbo, Gernika-Lumo eta Bermeo lotzen dituen E4 lineako zerbitzua indartuko dela. Horrek aldaketak ekarriko ditu E1 eta E4 lineetan.
% 30eko gutxieneko zerbitzuak Arababusen hiriarteko lineetan
Arabako Foru Aldundiak % 30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu Arababusen hiriarteko lineetan. Gainera, grebaren kariaz, bidaiariek ezingo dituzte bidaiak erreserbatu, ezta txartelak aurretiaz erosi ere, gutxieneko zerbitzuetan salbu.
% 60ko gutxieneko zerbitzuak Iruñerriko hiri autobusetan
Iruñerriko hiri autobusetan % 60ko gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte jende gehien ibiltzen den orduetan, eta % 40koak gainerakoetan.
Hiriarteko garraioak, berriz, % 40ko gutxieneko zerbitzua izango du, Foru Gobernuak agindutakoaren arabera.
Zure interesekoa izan daiteke
Euriborrak % 2,855ean itxi du uztaila, mailarik altuena 2024ko irailetik
Ekainarekin alderatuta, tasa oinarrizko 6 puntu igo da.
Euroguneko inflazioa % 2,9an kokatu da uztailean, hamarren bat igota
Eurostatek argitaratu berri duen urte arteko tasa % 3,8koa da Espainian, ekainekoa baino bi hamarren handiagoa, eta % 2,4koa Frantzian, joan den hilean baino lau hamarren handiagoa. Energiaren esparruan igo da gehien inflazioa.
Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek greba ziklo bati ekin diote, lan-baldintzak hobetzeko asmoz
Lehenengo lanuztea ostegunean hasi zen, 22:00etan, eta igandean amaituko da. Mobilizazioen artean, gaur elkarretaratzea egin dute AP-8 autobidearen Oiartzungo gasolindegian.
Gasolina eta gasolioa 6 zentimo baino gehiago garestitu dira litroko, Hidrokarburoen Zerga Bereziaren igoeraren ondorioz
Batez beste, gasolina depositua betetzeak duela urtebete baino 8,5 euro gehiago balio du, eta gasolio deposituak ia 16 euro gehiago, abuztuko irteera-operazio betean.
38 urteko langile bat oso larri zauritu da Alesbeseko kontserba-enpresa batean izandako istripuan
Foru Gobernuak zabaldutako oharraren arabera, langileari ur irakina erori zaio gainera, eta erredurak ditu gorputzaren % 80an.
Bazka erosketa bateratua aztertuko du Euskadik, lehorteak eragindako larre-eskasia dela eta
ENBA sindikatuko eta UAGA Arabako nekazarien elkarteko ordezkariak Eusko Jaurlaritzarekin bildu dira Lakuan, beroak eta euri faltak lehen sektorean eragindako kalteak aztertzeko.
Tubos Reunidosek 88,19 milioi euroko galera ekonomikoa izan du 2026ko lehen seihilekoan
Konpainiak nazioarteko arantzelek eragindako beherakadari eta enplegu-erregulazioko espedientearen negoziazioan zehar lantegietan izandako mobilizazioei egotzi die emaitza negatibo hori.
Etxebizitza-salerosketen kopurua % 8,2 igo da Nafarroan, eta % 13,6 jaitsi da EAEn, maiatzean
Notariotzaren Kontseilu Nagusiaren arabera, etxebizitzaren prezioa % 13,5 garestitu da Nafarroan eta EAEn, berriz, egonkor mantendu da.
BBVAk 6.051 milioi irabazi ditu ekainera arte, iaz baino % 11 gehiago, diru-sarrera errepikariek eta kredituen igoerak bultzatuta
Erakundeak akzioak berrerosteko ezohiko programa berri bat iragarri du, 2.000 milioi eurokoa. Lehenengo tartea, 1.000 milioikoa, abuztuaren 5ean hasiko da.
Urte arteko KPIa % 3,5eraino igo da uztailean Espainian, erregaien eta argindarraren igoeragatik
Azpiko inflazioa (energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituena) hamarren bat igo da uztailean, % 3raino.