Bilbo tentsio handiko eremu da jada
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) gaur argitaratu du Bilbo etxebizitza gune tentsionatu izendatzeko agindua; alokairuen prezioa kontrolatzeko aukera emateaz gain, etxebizitza plan berezi bat martxan jartzea ahalbidetuko du izendapenak. Besteak beste, 2028rako 1.090 etxebizitza eraikitzea aurreikusten da.
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak tentsio handiko eremu izendatu du gaur Bilbo. Modu horretan, izendapen hori lortzen duen hirugarren euskal hiriburua izango da Bizkaikoa, Donostiaren eta Iruñearen ondoren.
Neurriari buruzko argibideak emateko, agerraldia egin dute goizean Denis Itxasok, Etxebizitza sailburuak, eta Juan Mari Aburtok, Bilboko alkateak, Bilboko udaletxean. Bertan jakinarazi dute neurria urrian sartuko dela indarrean, behin agindua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuta.
Tentsio handiko eremu izendatzeko bete beharreko baldintzetako bat da alokairuaren eta etxeko oinarrizko gastuek etxeko diru-sarreren % 30 gainditzea, eta bestea, alokairuen prezioen igoerak azken bost urteotan KPI indizearen kopurua hiru puntutan gainditu izana. Izendapenak aukera emango du alokairuen prezioak kontrolatzeko, ondorengo kasuetan: etxejabe handien (5 etxebizitza baino gehiago dituztenen) higiezinak eta alokairuaren merkatura lehen aldiz atera diren etxebizitzak.
Bestalde, hiru urterako plan berezi bat martxan jartzea ere ahalbidetuko du neurriak, hirigintza zein finantza arauak moldatzeko aukera emango duena. Helburuak dira etxebizitza parke publikoa zabaltzea, prezioak mugatzea, hutsik dauden higiezinak merkaturatzea eta kolektibo zaurgarriak babestea.
1.090 etxebizitza 2028rako
Aipatutako plan horren barruan, besteak beste, aurreikusten da 2028rako 1.090 etxebizitza berri eraikitzea Bilbon, 890 Eusko Jaurlaritzak sustatukoak: horietatik, 385 babes ofizialekoak izango dira — 19 Boluetan eraikiko dira, eta 66, Zorrotzaurren— eta 182, babes sozialekoak —Larreagaburun, 84; Boluetan, 63; Gorte inguruan, 23, eta Olabegan, 12—.
Era berean, zuzkidura bereziko 200 etxebizitza sustatuko dituzte Udalak eta Jaurlaritzak, elkarlanean —Ametzolan, 93; Gaztelondon, 40 eta Arabellan, 68—. 25 milioi euro bideratuko dituzte horretara.
Aburtoren hitzetan, izendapenak ez du etxebizitzaren arazoa konponduko Bilbon, baina aurrerapauso bat da.
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ere berri ona dela esan dute, eta neurriak berehala martxan jartzen hastea eskatu dute.