Eusko Jaurlaritzak bi milioi euro gehiago jarriko ditu emisio gutxiagoko ibilgailuak erosteko dirulaguntza-programan
Emisio gutxiagoko autoak erosteko dirulaguntza-programaren hasierako aurrekontua —5 milioi euro— agortu da, eta dagoen eskariari erantzuteko erabaki du zenbatekoa handitzea.
Auto elektrikoak kargatzeko gune bat. Artxiboko argazkia: EFE
Eusko Jaurlaritzak bi milioi euro gehiago bideratu ditu emisio gutxiko autoak erosteko dirulaguntza-planera, eta Espainiako Gobernuari eskatu dio auto elektrikoa erosteko laguntza programaren aurrekontua (Moves III programa) bikoiztu dezala.
Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan egin du iragarpena Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak.
Dirulaguntzak emateko partida agortu egin da, eta, Jauregiren arabera, ezinbestekoa da bi programa horietako aurrekontuak handitzea dagoen eskariari erantzuteko.
Bi milioi euro gehiago jarrita, emisio gutxiko autoak erosteko dagoen eskariari erantzun nahikoa ematea espero du Jauregik. Eskariari erantzuteko lehen neurri gisa, laguntzak eskatzeko epea urriaren 15era arte luzatu zuen.
Dena den, mahai gainean dituzten eskaerak aintzat hartuta, urriaren 15erako laguntzak agortzea espero du Jauregik.
Moves III programa
Ibilgailu elektrikoak erostea bultzatzeko Espainiako Gobernuak martxan jarritako Moves planari dagokionez, hasierako aurrekontua (15 milioi) bikoizteko eskatu dio Jauregik Trantsizio Ekologikorako Ministerioari.
Jauregik azaldu duenez, 1.584. laguntza eskari onartu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan, eta, horrenbestez, hasierako 15 milioi euroko diru-partida agortu egin da.
Halaber, gaur-gaurkoz 2.000 eskari daude itxaron-zerrendan.
Herritarrek oso harrera ona egin diote dirulaguntza-programari, eta, hori ikusita, pasa den uztailean egin zion aurrekontua handitzeko eskaera Jaurlaritzak, eta Ministerioaren erantzunaren zain dago orain.
Zure interesekoa izan daiteke