Metro Bilbaoren 4. lineak Matiko eta Alonsotegi lotuko ditu
Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Metroaren 4. Linea finantzatzeko eta eraikitzeko akordioaren xehetasunak aurkeztu dituzte eguerdi honetan. Garraiobidearen linea berriak Matiko eta Alonsotegi lotuko ditu, geltoki hauen bitartez: Deustu/Unibertsitatea, Parkea, Moyua, Irala, Errekalde, Basurtu eta Zorrotza.
Bi erakundeek adostu dutenez, Euskal Trenbide Sarea (ETS) Eusko Jaurlaritzaren ente publikoak gauzatuko ditu proiektuak eta Matiko eta Errekalde arteko obrak –Basurtura hurbiltzea barne–. Era berean, 4. linea honek Enkarterriren eta Bilboren artean orain dagoen trenbide azpiegitura baliatuko duenez, eta azpiegitura hori ADIFen jabetzakoa denez, bi erakundeek konpromisoa hartu dute kudeaketa hori aurrera eramateko izapide guztiak egiteko.
Bilboko Errekalde auzoan, akordio honen berri eman dute Imanol Pradales lehendakariak, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak.
Lehendakariak sakoneko lau konpromiso nabarmendu ditu: emandako hitza, akordioen eta lankidetzaren balioa, herrialdearen eraikuntza eta konektibitatearen eta mugikortasun iraunkorraren aldeko apustua.
Testuinguru horretan, Pradalesek azpimarratu du Euskadin "Euskal Garraio Publikoaren Sistema moderno, eroso, azkar eta eskuragarriaren aldeko apustua" egiten dugula. Trena, bere modalitate guztietan, orainaldiko eta etorkizuneko funtsezko pieza da".
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiaren ahotan, “4. Linea honi esker, Metroa garraio publikoaren eta Bizkaiko gizarte- eta lurralde-kohesioaren zutabe nagusi gisa finkatuko da, eta Enkarterriko eta Bilbo hegoaldeko auzoetako bizilagunen mugikortasun eskaerei erantzungo die. Era berean, garraio publikoak lurralde-kohesiorako duen garrantzia sendotzen du, eskualdeak eta hiriburua −Bilbo− konektatzen baititu”.
Akordioa
Hemendik aurrera, izenpetu aurretik, barneko izapidetze administratiboari ekingo zaio. Hitzarmenak jasotzen duenez, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko du finantzazioaren % 55; eta Aldundiak gainerako % 45a; Aldundiaren kasuan, gehienez ere 200 milioi 2032ra arte.
Metroaren linea berri hau 3. Linearen luzapen gisa ulertzen da, hain justu ere, Errekaldeko eta Iralako auzokideei zerbitzua eskaintzen dien ibilbidea osatzeaz gain, Bilbo hegoaldera eta Enkarterrira ere ailegatzeko; ildo beretik, gune horietan hobekuntza egin behar dira egungo aldirietako tren sarearen eta Bilbo inguruaren artean.
Bizkaiko Foru Aldundiarentzat eta Eusko Jaurlaritzarentzat lehentasunezkoa da Matiko eta Errekalde arteko metroaren 4. Linea hau eraikitzea eta abiaraztea (Basurtura hurbiltzea barne), bai eta Bilboko Hiri Trenbidean sartzea ere. Horretaz gain, 4. Linea Errekalde eta Zorrotza artean garatzea eta Alonsotegin (Irauregin) Enkarterriko trenbide sarearekin lotzea lehentasuna da gaur aurkeztutako hitzarmenaren arabera.
Adostutako hitzarmenari jarraiki, bi administrazioek konpromisoa hartu dute beharrezko harreman instituzional guztiak bideratzeko, lekualdaketa hori errazteko eta azkartzeko.
Obrak 2027aren amaieran
Matiko eta Errekalde arteko tartea dela eta, ETS bere azterketa informatiboa eta eraikuntza-egitasmoak eguneratzen ari da, horrela, izapideak azkartzeko.
Ikerketa informatiboak Matiko geltokia du abiapuntu, 6,7 kilometroko luzera du, eta barnean hartzen ditu Basurturako hurbilketa eta Deustu/Unibertsitatea, Parkea, Moyua, Zabalburu, Irala eta Errekalde geltokiak.
Egitasmoak bukatu ondoren, lizitazioak aterako dira, hortaz, itxura guztien arabera, obrak 2027aren amaieran hasi ahalko dira, Errekalden. Obraren fase honen hasierako aurrekontu zenbatetsia 412 milioi eurokoa da, zeina eguneratu beharko baita eraikuntza-egitasmoen arabera.
Eskumenak kudeatzeko administrazio-lanak egiteaz gain, gaur egungo Enkarterriko lineak metroaren 4. Linearekin uztartu ahal izateko obrak azkartzea helburu, Eusko Jaurlaritzaren Mugikortasun Jasangarriaren Sailak bi esku-hartze nagusiei buruzko kudeaketa-gomendioa eskatuko dio ADIFi, alegia, alde batetik, trenbidearen Zorrotzako hiri-integrazioari buruzkoa, eta, beste alde batetik, Zallan gaur egun dauden bi trenbide-pasaguneei buruzkoa.
Hitzarmena 2034ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean, luzagarria da, eta jarraipena egiteko erakunde arteko batzorde bat izango du, Eusko Jaurlaritzaren Mugikortasun Jasangarriaren Saileko, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Euskal Trenbide Sareko hainbat ordezkarik osatutakoa.
Zure interesekoa izan daiteke
Sanchezek AAren inguruko “itun nazional handia” sustatuko du eragile sozial eta politikoekin
Hitzarmenak trantsizioari aurre egiteko beharrezko elementuak ezarri nahi ditu, besteak beste, lan-merkatuan, erregulazio teknologikoan, inbertsioetan eta finantzaketan.
Tubos Reunidos erosteko eskaintzak aurkezteko epea luzatu du konkurtso-administratzaileak
Enpresa erosteko interesa omen dute hainbat eroslek. Hortaz, irailaren 30era arte luzatu du enpresaren informazioa eskuratzeko epea, eta urriaren 7ra arte eskaintzak aurkeztekoa.
Medikuen sindikatuek greba mugagabea egitea erabaki dute
Oraindik ez da zehaztu noiz eta nola egingo duten protesta. Dirudienez, iraila baztertu dute greba egiteko. Euskadiko Sendagileen Sindikatuak mobilizazio-deialdiarekin bat egingo du, orain arte bezala.
Langabezia % 2,36 igo da Nafarroan eta % 1,19 Euskadin abuztuan
Langabezia-tasa % 1,19 igo da Araban (210 pertsona gehiago), % 1,13 Bizkaian (677 pertsona gehiago) eta % 1,32 Gipuzkoan (371 pertsona gehiago). Nafarroan, % 2,36 igo da (681 langabe gehiago).
Abeltzaintzaren sektorea "haserre" eta "desengainatuta" irten da Bazkaren Mahaiaren bileratik
Espero zuten bezala, Eusko Jaurlaritzak bazka modu bateratuan erosteari uko egin dio, eta bertan erosteko "nahikoa bazka" badagoela adierazi du. Lehorte egoera ofiziala ezartzeko baldintzak ez direla betetzen azaldu diete. Ondorioz, ENBA eta ENHE sindikatuen arabera, baserritarrak "abandonatuta" utzi dituzte.
Olaberriako Arcelorrek ekoizpena gelditu du lehen aldiz, lehortearen ondorioz
Oria ibaiaren emari txikia dela eta, Gipuzkoako plantako labe handiaren jarduera eten behar izan da, eta astearte honetan berrabiarazte-prozesuan dago.
Espainiako Gobernuak Estatutu Markoa onartu du, medikuen babesik gabe eta greba mugagabearen mehatxupean
Euskal Autonomia Erkidegoan, Osakidetzak akordioa itxi zuen joan den uztailean Euskadiko Medikuen Sindikatuarekin. Halere, azken horrek hasieratik garbi azaldu du itunak ez duela automatikoki eragingo udazkenerako deitutako lanuztea bertan behera uztea.
EAJk eta PSE-EEk zerga-neurrien marko komuna adostu dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako
Neurriak hiru lurralde historikoetarako dira. Hala ere, bakoitzak marko komuna handitu zein osatu ahal izango du, bere beharren arabera. Araban eta Gipuzkoan, gobernukide diren bi alderdiek oposizioko talderen baten babesa beharko dute neurriak aurrera ateratzeko.
Arropagintza azkar eta merkearen gaineko zerga berria ezarri dute Frantzian
Sheinek eta Temuk, besteak beste, jantzi bakoitzeko 50 zentimo eta 12 euro arteko zigor-tasak ordaindu beharko dituzte gaurtik aurrera.
Dieselaren prezioaren deskontua 20 zentimora igo da litroko; gasolinaren prezioaren gainekoa, ordea, 5 zentimora jaitsi
Gasolioaren prezioaren gainean ezarritako beherapen fiskala bikoiztu egingo da gaurtik aurrera, eta gasolinaren gainekoa, berriz, erdira murriztu.