Euskadiko Medikuen Sindikatuak lau eguneko greba hasi du, Estatutu propio baten aldarrian
Negoziazioen aurrean, Estatutu propio baten alde egin dute, uste dutelako horrek soilik islatu ditzakeela lanbidearen berezko ezaugarriak. Gainera, erregulazio espezifiko baten beharra azpimarratu dute. MUD-en eta EAEko medikuen elkargoen babesa dute. Ministerioak aurreratu du ez duela Osasuneko lege aurreproiektua erretiratuako baina hitz egiten jarraitzeko prest dago.
Medikuen manifestazioa, gaur, Madrilen. EFE.
Espainiar Estatu osoko medikuak grebara deituak daude gaurtik, tartean Espainiako Ministerioak aurkeztu duen Estatutu Markoaren lege-aurreproiektuaren kontra eta Estatutu propio baten alde. Euskadin, grebarekin bat egin du Euskadiko Medikuen Sindikatuak.
Horrenbestez, abenduaren 12ra arte, ostirala, ospitaleek eta anbulatorioek gutxieneko zerbitzuetan egingo dute lan, eta larrialdiak eta halabeharrez artatu behar diren patologiak dituzten pazienteei soilik emango diete laguntza.
Medikuek kontzentrazioak egingo dituzte aste osoan. Gaur, asteartea, elkarretaratzea egin dute Gurutzetan, 11:00etan, eta eguerdian manifestazioa deitu dute Bilbon, Moyua plazatik Osasun Saileraino.
Asteazkenean, elkarretaratzea egingo da Gurutzetan (10:00etan) eta Donostiako Unibertsitate Ospitalean (12:00etan). Ostegunean, Gurutzetan (10:00etan) eta Txagorritxu AUOn (12:00etan); eta ostiralean, kontzentrazioak 11:00etan Gurutzetan eta 12:00etan Basurtuko Osasun Zentroan izango dira.
MUDen babesa
Sektoreko profesionalen artean aintzatespen eta babes oso zabala duen Medicos Unidos por Nuestros Derechos (MUD) irabazi-asmorik gabeko mugimendu asindikalak ere babestu du greba.
Manifestu batean, mugimendu horrek argitu du greba egiten badute, hori dela "pazienteak baldintza egokietan artatu ahal izateko", izan ere, salatzen dute, adibidez, astean 90 ordura arteko lanaldiak dituztela, erretirorako kontuan hartzen ez diren lanorduak dituztela, edo soldata desegokiak dituztela, besteak beste, aparteko ordua ordu arrunta baino gutxiago kobratzen delako.
Ziurtatu dute politikek medikuen bizkar jarri dutela osasun-arretaren zama, eta ikuspegi laburreko politiken ondoriz, sistema ahuldu egin dela.
Mugimenduak Osasun Ministerioaren aurreproiektua kritikatu du, "aurkeztutako testuak gehiago balio baitzuen gure herrialdeko sindikatu nagusien nahiak asetzeko, osasun sistema nazionalari eta pazienteei eragiten dieten arazoak konpontzeko baino".
"Testu horrek, Espainiako medikuon lan-eskubideen murrizketa bidegabeetako bat ere ez aldatzeaz gain, gure lana negoziazio sindikalaren eremuan nagusi diren beste kategoria batzuetakoekin parekatu nahi zuen", gaineratu dute.
Gauzak horrela, "legedi modernoa" aldarrikatu dute, "gure pazienteek mediku espezialistak izan ditzaten, prestatuak, beharrezko atsedena hartutakoak eta artatzeko denborarekin, zainketarik onena jaso ahal izan dezaten".
Elkargoen aldarriak
Greba honekin bat egin dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Medikuen Elkargoek, zeintzuk aspalditik ari diren medikuen lan-baldintza kaskarrak salatzen.
Arabako Sendagileen Elkargoak nabarmendu du medikuen "betebeharretako bat" dela manifestatzea, "denboran zehar luzatzen ari den bidegabekeria egoera" salatzeko.
Elkargoak ziurtatu du estatutu propio batek islatuko dituela lanbidearen berezko ezaugarriak, eta erregulazio espezifiko baten beharra defendatu du.
Izan ere, Arabako erakundeak profesionalen egoera prekarioa eta bidegabea salatu du, agintariek "bokazioaren premisaren azpian ezkutatzen" dutena.
"Ez gabiltza hau aldarrikatzen gogoak eman digulako, ez da deialdi korporatibista. Justizia sozialaz ari gara", azpimarratu du Arabako Sendagileen Elkargoak.
Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak kaleratutako ohar batean adierazi duenez, "mobilizazio horiek egoera jasanezin bati erantzuten diote: Herritar guztiek jasotzen duten osasun-arretaren kalitatean zuzenean eragiten duten lan-baldintza duinen aldeko borroka dira".
Gaineratu dutenez, "medikuen egoera kritikoa da eta osasun publikoak bizi duen egoeraren isla baino ez da: lan-gainkarga, langile-falta, agenda eginezinak eta profesionalen osasuna eta pazienteen segurtasuna arriskuan jartzen dituen prekarizazio kezkagarria", eta babesa erakutsi dio erakundeak greba egitea erabakitzen duen mediku orori.
Bizkaiko Sendagileen Elkargoak nabarmendu duenez, "ezinbestekoa da zenbait alderdi berariaz arautuko dituen esparru bat sortzea, hala nola karrera profesionala, autonomia klinikoa, babes juridikoa, guardien antolaketa eta atsedenaldiak, etengabeko prestakuntzaren beharrak barne".
Horrez gain, Estatutu propio baten alde ari dira, diotenez, "gure jarduera antolatzeaz gain, asistentziaren kalitatea indartuko duen eta osasun-sistemak hura sostengatzen duten profesionalak erakartzeko, bertan geratzeko eta motibatzeko aukera emango duten baldintzak izango dituela bermatuko duen arau-tresna bat eskatzea".
Ministerioak ez du testua erretiratzeko asmorik
Javier Padilla Estatuko Osasun idazkariak TVEn egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, testua erretiratzeak "osasun sistemaren beraren antolamendu juridikoa haustea" ekarriko luke.
"Kontua ez da erretiratzea, baizik eta ulertaraztea medikuak erregulaziotik aparte ateratzeak hautsi egiten duela pazientearen arreta bere osotasunean kudeatu behar duen Osasun Sistema baten ideia", esan du. Hala ere ziurtatu du Ministerioak ez duela jarrera hertsia eta aurrera egiten jarraitu nahi duela.
Padillak azpimarratu du "galtzeko askoz gehiago" dagoela zerotik hasi eta "testua tiradera batean sartuz gero".
Bere ustez, estatutuak barne hartzen ditu Osasun Ministerioaren eskumenekin zerikusia duten aldarrikapen guztiak, hala nola atsedenaldiak bermatzea edo guardiei buruzkoak, baina zehaztu du badagoela autonomia erkidegoen eskumenekin lotuta dagoen zati garrantzitsu bat, hala nola ordainsariena, eta Esparru Estatutuan ezin direla horiek jaso, eskumenak inbaditzea litzatekeelako eta horrek "araua osorik atzera bota dezakeelako".
Espainian, negozioazio orokorra
Espainian orokorragoa ari da izaten negoziazioa, izan ere sindikatu nagusiek (SATSE-FSES, CCOO, UGT, CSIF eta CIG-Saude) Espainiako Osasun Sistemako langile guztien lan baldintzak hobetzea eskatu dute, sanitarioak eta ez sanitarioak. Hala ere, elkarteek kritikatu dute Osasun Ministerioa ez dela argia izaten ari langileei eragiten dieten gai askotan; besteak beste, erretiro aurreratuan, birsailkapen pertsonalean eta 35 orduko lanaldian.
Arrazoi horiek tarteko, urtarrilaren 27tik aurrera greba mugagabea egingo dute Estatu osoan.
Sindikatu orokor horietan ordezkaritza txikia dute medikuek, euren sindikatu propioetan antolatu direlako, eta, beraz, ikusteko dago medikuek urtarrilaren 27tik aurrerako greba hori babestuko duten. Baina, gaur-gaurkoz agerikoa dena da sindikatu orokor horiek ez dutela babestu gaurtik sendagileek deitu dituzten grebak.
Zure interesekoa izan daiteke
Euriborrak % 2,855ean itxi du uztaila, mailarik altuena 2024ko irailetik
Ekainarekin alderatuta, tasa oinarrizko 6 puntu igo da.
Euroguneko inflazioa % 2,9an kokatu da uztailean, hamarren bat igota
Eurostatek argitaratu berri duen urte arteko tasa % 3,8koa da Espainian, ekainekoa baino bi hamarren handiagoa, eta % 2,4koa Frantzian, joan den hilean baino lau hamarren handiagoa. Energiaren esparruan igo da gehien inflazioa.
Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek greba ziklo bati ekin diote, lan-baldintzak hobetzeko asmoz
Lehenengo lanuztea ostegunean hasi zen, 22:00etan, eta igandean amaituko da. Mobilizazioen artean, gaur elkarretaratzea egin dute AP-8 autobidearen Oiartzungo gasolindegian.
Gasolina eta gasolioa 6 zentimo baino gehiago garestitu dira litroko, Hidrokarburoen Zerga Bereziaren igoeraren ondorioz
Batez beste, gasolina depositua betetzeak duela urtebete baino 8,5 euro gehiago balio du, eta gasolio deposituak ia 16 euro gehiago, abuztuko irteera-operazio betean.
38 urteko langile bat oso larri zauritu da Alesbeseko kontserba-enpresa batean izandako istripuan
Foru Gobernuak zabaldutako oharraren arabera, langileari ur irakina erori zaio gainera, eta erredurak ditu gorputzaren % 80an.
Bazka erosketa bateratua aztertuko du Euskadik, lehorteak eragindako larre-eskasia dela eta
ENBA sindikatuko eta UAGA Arabako nekazarien elkarteko ordezkariak Eusko Jaurlaritzarekin bildu dira Lakuan, beroak eta euri faltak lehen sektorean eragindako kalteak aztertzeko.
Tubos Reunidosek 88,19 milioi euroko galera ekonomikoa izan du 2026ko lehen seihilekoan
Konpainiak nazioarteko arantzelek eragindako beherakadari eta enplegu-erregulazioko espedientearen negoziazioan zehar lantegietan izandako mobilizazioei egotzi die emaitza negatibo hori.
Etxebizitza-salerosketen kopurua % 8,2 igo da Nafarroan, eta % 13,6 jaitsi da EAEn, maiatzean
Notariotzaren Kontseilu Nagusiaren arabera, etxebizitzaren prezioa % 13,5 garestitu da Nafarroan eta EAEn, berriz, egonkor mantendu da.
BBVAk 6.051 milioi irabazi ditu ekainera arte, iaz baino % 11 gehiago, diru-sarrera errepikariek eta kredituen igoerak bultzatuta
Erakundeak akzioak berrerosteko ezohiko programa berri bat iragarri du, 2.000 milioi eurokoa. Lehenengo tartea, 1.000 milioikoa, abuztuaren 5ean hasiko da.
Urte arteko KPIa % 3,5eraino igo da uztailean Espainian, erregaien eta argindarraren igoeragatik
Azpiko inflazioa (energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituena) hamarren bat igo da uztailean, % 3raino.