Goizeko txandako medikuen % 19,4k egin dute bat hirugarren greba egunarekin, Osakidetzaren arabera
Jarraipena, beraz, asteazkenean txanda berean izandakoaren antzekoa da (% 19,02), eta asteartekoa baino zerbait handiagoa (% 17,26). Eguerdian, dozenaka osasun-langilek elkarretaratzea egin dute Gasteizko Txagorritxu Ospitalearen atarian, estatutu propioa aldarrikatzeko.
Arabako Unibertsitate Ospitalea, Gasteizen, gaur eguerdian. Argazkia: EFE
Osakidetzaren sareko medikuen % 19,4 batu dira hirugarren greba-egunera, goizeko txandan. Estatu osoko medikuek herenegun abiatu zuten lau eguneko lanuzte deialdia, Espainiako Osasun Ministerioak onartu nahi duen estatutu markoaren zirriborroaren aurka egiteko, eta Euskadiko Medikuen Sindikatuak bat egin du protestarekin.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur zabaldutako datuen arabera, grebak gaur izan duen jarraipena atzokoaren (% 19,02) oso berdintsua izan da, eta asteartekoa (% 17,26) baino zertxobait handiagoa.
Lurraldeka, ostegun honetan jarraipen handiena Bizkaiko osasun-zentroetan izan du lanuzteak, % 20,9koa; Gipuzkoan, % 19,08koa; eta Araban, % 15,4koa.
Bihar amaituko da protesta, eta azken hiru egunotan bezala, ospitaleek eta anbulatorioek gutxieneko zerbitzuetan jardungo dute, eta larrialdiak eta atzeraezinak diren patologiak artatuko dituzte bakarrik.
Euskadiko Medikuen Sindikatuak deituta, hainbat mobilizazio egin dituzte aste osoan. Asteartean Bilbon egin zuten bilkura, atzo Donostian manifestatu ziren, eta gaur Arabako Unibertsitate Ospitalearen atarian elkartu dira, medikuentzako estatutu propioa aldarrikatzeko.