Espainiako Gobernuak eta sektoreak arrantzaren gaineko kontrola malgutzea adostu dute
EBren araudi berriaren kontrako protesta-eguna izan du sektoreak gaur, hala, besteak beste, baxurako euskal ontziteria amarratuta egon da, eta Pasaiako (Gipuzkoa), eta Ondarroako eta Bermeoko (Bizkaia) lonjak itxi egin dituzte.
Espainiako Gobernuak eta arrantza-sektoreak akordioa sinatu dute gaur, arrantzaren kontrolerako Europako Erkidegoko araudia aplikatzeko modua malgutzeko. Akordio horrek baretu egin ditu astelehen honetan piztutako arrantzaleen protestak eta, ondorioz, lanuzteak bertan behera gelditu dira.
Arrantzako Idazkaritza Nagusiak, arrantzaleen kofradiek eta armadoreen Cepesca patronalak bilera egin dute gaur arratsaldean eta, horren ostean, agiri bateratua kaleratu dute, adostutako neurriak xehe azaltzeko.
Funtsezko puntuak
Akordioak polemika gehien sortu zuten puntuei eragiten die, besteak beste, harrapaketen oharpenari eta aldez aurreko jakinarazpenari lotutakoei.
Javier Garat Cepescako idazkari nagusiaren esanetan, sektoreak “funtsezko” aldarrikapenak lortu ditu, eta horien alde borrokatu da, esaterako, 50 kilotik beherako espezieen harrapaketak deklaratzeari dagokionez.
Arrantzaleen kofradiak ere gustura agertu dira adostutakoarekin, eta jakinarazi dute Estatu osoan gaur egindako lanuzteak bertan behera uztea erabaki dutela.
Kofradien presidentearen arabera, araudia malgutzea albiste ona da sektorearentzat, aurreko egoerak zigor ekonomiko handiak ekar baitzitzakeen.
Hala, arrantza-ekimen bakoitzeko harrapaketen jakinarazpenari dagokionez, betetzat joko da gutxienez egunean behin egiten bada, portura sartu aurretik edo lehorreratzea egiten den lekuan.
Era berean, sektoreak lau orduko aldez aurreko jakinarazpena moldatzea ere lortu du, beharrezkoak ez diren itxaronaldiak saihesteko.
Protestak
Ehunka arrantzale bildu dira gaur Madrilen, Arrantzako Idazkaritza Nagusiaren egoitzaren aurrean, kontrol-arauaren aurka protesta egiteko.
Mobilizazioak Atlantikotik eta Kantauritik Mediterraneoraino zabaldu dira. Euskadin, baxurako euskal flota amarratuta egon da, eta Pasaiako (Gipuzkoa) eta Ondarroako eta Bermeoko lonjak (Bizkaia) itxita egon dira.