Zarautzeko eta Getariako herritarrek sexu-erasoa salatu dute
Manifestaldi isil batek eta bi elkarretaratzek igande goizaldean gertatutako sexu-erasoa gaitzetsi dute arratsaldean, Zarautzen eta Getarian.
Getariako eta Zarautzeko alkateek, udalbatzek lagunduta, zazpi puntuko adierazpen bat irakurri dute, gertakariak salatuz eta Ertzaintzari ikerketa bizkortzeko eskatuz.
18:00ak aldera herritarrak Zarautzeko Musika plazan bildu dira. Zarautz eta Getaria lotzen dituen errepidetik isilean eta oinez ibilbidea egin dute.
Getarian ordu erdiko elkarretaratze isila egin dute manifestariek. Protestak Bilgune Feministak deitu ditu eta Zarautzrko eta Getariako udalek bat egin dute.
Arratsaldeko lehen orduan, bi herrietako alkateek eta zinegotziek zazpi puntuko adierazpena irakurri dute sexu-erasoa salatzeko. Biktimaren intimitate-eskubidea errespetatzeko eskatu diete komunikabideei. Bestalde, Ertzaintzari gertakariak ikertzeko eskatu diote.
Batzar Nagusien gaitzespena
Era berean, Gipuzkoako Batzar Nagusiek sexu-erasoa gaitzetsi dute. Batzarkide guztiek aho batez adierazpen instituzionala onartu dute Getariako emakumeari elkartasuna adierazteko eta emakumeen aurkako indarkeria salatzeko.
Genero indarkeria "ez da soilik emakumeen arazo bat, herritar guztien kezka baizik, gizartearen desberdintasunaren ondoriorik larriena baita", azaldu dute Batzar Nagusiek adierazpenean. "Berdintasunean eta errespetuan oinarritutako gizartea lortzeko" lanean jarraitzearen aldeko apustua egin dute.
Emakunde
Sexu-erasoa "irmo" gaitzetsi eta arbuiatu du Emakundek. Biktimari eta haren senitartekoei elkartasuna adierazi die. Gainera, herritarrak emakumeen aurkako indarkeriaren aurka egitera animatu ditu.
Emakumeen aurkako erasoak bakanak ez direla gogorarazi du Emakundek, eta emakumeen aurkako indarkeriaren testuinguruan kokatu ditu, "gizon eta emakumeen arteko desberdintasunen ikurrik basatiena".