Bi pertsona hil dira, itota, Mutrikun eta Ribaforadan
Berrizeko (Bizkaia) 48 urteko gizon bat hil zen atzo, Mutrikuko Saturraran hondartzan bainua hartzen ari zela itota.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, hondartzako sorosleek gizon bat uretatik atera zuten eta, hura suspertzen saiatzen ari zirela, larrialdi zerbitzuetara deitu zuten osasun langileak bertaratzea eskatzeko.
Sorosleak eta bertaratutako medikua bainularia suspertzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu.
Momentuz ez dakite gizonak konortea galtzeagatik ito zen edo ez. Izan ere, pertsona horrek epilepsia aurrekariak omen ditu.
Ribaforadan (Nafarroa), bestalde, 13 urteko mutiko bat ito zen atzo arratsaldean, udal igerilekuetan bainatzen ari zela.
Ez dakite hori guztia zelan gertatu zen. Hori dela eta, autopsia egingo diote adingabearen gorpuari, zer gertatu zen ziurtatzeko.
Jesus Maria Rodriguez alkateak jakinarazi duenez, anbulantzia bat eta guardiako mediku bat bertaratu ziren, baina ez zuten gaztea suspertzea lortu.