Hiru erasotzaileak identifikatu dituzte
Charlie Hebdo aldizkariaren egoitzari eraso egin dioten hiru gizonak identifikatu dituzte asteazken honetan, Frantziako komunikabideek jakitera eman dutenez. 12 pertsona hil eta 11 zauritu dituzte Parisen.
Erasotzaileak 1980an eta 1982an, Parisen, jaiotako Said eta Cherif K. anaiak izango lirateke (jatorri aljeriarra). Hamyd M. hirugarren erasotzailea izango litzateke. 1996an jaio zen.
Metronews egunkariak azaldu duenez, susmagarriak 34, 32 eta 18 urteko hiru gizon dira. Antza denez, hirurek aurrekariak dituzte sare jihadistekin kolaboratzeagatik.
Hamyd M. Reimsko (Frantziako iparraldea) institutu batean bigarren hezkuntza ikasten ari zen iaz, informazio horien arabera, baina ofizialki ez dituzte baieztatu.
Cherif K. 2005ean epaitu zuten jihadistak Irakera bidaltzeko talde bateko kide izatea egotzita. 2003 eta 2005 artean 10 bat gazte Irakera bidaltzeko errekrutatu zituen taldeak. Cherif K.ri hiru urteko espetxe-zigorra ezarri zioten, baina zigorraren erdia ez zuen bete.
Bestalde, susmagarriak nortasun agiri bati esker identifikatu dituzte, Le Point astekariak jakitera eman duenez. Agiria erasotzaileek ihes egiteko erabili zuten ibilgailuan topatu dute. Terroristek auto baten aurka talka egin dute Pariseko ipar-ekialdean.
Atentatuaren hiru erasotzaileak atxilotzeko operazioa martxan jarri du Poliziak Reimsen. AFP albiste-agentziak jakinarazi duenez, Poliziak operazioa abiatu du Reimsen, Parisetik 129 bat kilometrora.
Erasoa
Gutxienez 12 pertsona (zortzi kazetari, bi polizia eta bi bisitari) hil dituzte Frantzian, Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren egoitzan izandako tiroketa batean, bertako hedabideek jakinarazi dutenez. Horrez gain, beste hogei lagun zauritu dira; horietako lau egoera kritikoan daude. Hildakoen artean Stephane Charbonnier astekariko zuzendaria eta Cabu, Tignous eta Wolinski marrazkilariak daude. Horiez gain, Bernard Maris Frantziako Bankuko Kontseilu Nagusiko kidea ere hildakoen artean dago.
Antza denez, hiru gizonezko, beltzez jantzita eta Kalashnikov fusilak eskuetan hartuta, aldizkariaren egoitzan sartu, eta tiroka hasi dira. Atentatuaren egileek ibilgailu batean ihes egin dute. Ordu batzuk geroago, Parisko XIX. barrutian aurkitu dute ibilgailua, tiroketa izan den auzotik gertu. Kotxeak aurreko beira apurtuta zuen. Poliziaren ustez, erasotzaileek istripua izan dute. Polizia zientifikoak ibilgailua miatu du, erasotzaileak identifikatzen saiatzeko.
Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroak baieztatu duenez, indar polizial guztiak mobilizatu dituzte Charlie Hebdo aldizkariaren kontrako atentatua egin duten "hiru kriminalak neutralizatzeko".
"Bitarteko guztiak martxan jarri dira" horiek atxilotzeko eta "egin duten ekintza ankerrak merezi duen zigorrarekin zigortzeko", adierazi du Cazeneuvek François Hollande Frantziako presidenteak deitutako premiazko bileraren amaieran. Gobernuko krisi taldearen buru jarri dute Barne ministroa eta operazio antiterrorista koordinatzeko egitekoa izango du.
Aldizkari horren egoitzaren ondoan lan egiten duen kazetari batek azaldu duenez, tiroketaren egileek "profeta mendekatuko dugu" oihukatu dute.
Sare sozialetan zabaldu diren zenbait bideotan, tiroka ari diren bi pertsona ikusten dira.
Erasoa izan den unean bertan, Charlie Hebdo aldizkariaren Twitterreko kontu ofizialean azken mezu bat bota dute. Estatu Islamikoaren buruzagia agertzen da mezu horretan, 'aizu, nire desiorik onenak' esaldiarekin batera.
Frantziako presidentea aldizkariko egoitzara joan da. Hollanderen hitzetan, "inolako zalantzarik gabe, gaurkoa atentatu terrorista bat" izan da.
"Euren ideiak defendatzen zituzten kazetarien aurkako erasoa izan da. Poliziak aldizkariko langileak babesten saiatu dira, baina modu koldar batean hil dituzte", deitoratu du.
"Antzeko ekintzak gerta daitezkeen toki ezberdinetan babesa bermatzeko", ministroek bilera egingo dute gaur eguerdian. Alerta maila gorenera igo du Gobernuak, atentatu gehiago izateko arriskua dela eta.
Tiroketaren egileak harrapatu eta justiziaren aurrera eramango dituztela esan du Hollandek, eta arratsaldeko agerraldian batasunerako deia egin du, indarkeriari aurre egiteko "arma onena" dela iritzita.
Erreakzioak
Nazioarte mailan, Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako atentatuak gaitzespen ugari eragin ditu.
Jean-Claude Juncker Europar Batzordeko presidentearen esanetan, gaurko erasoa "onartezina" da . "Europako herritarrak eta gizakiak garen heinean, denoi eragiten digun sarraskia da".
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, berriz, atentatua gaitzetsi du, eta "adierazpen eta prentsa askatasunaren" aurkako erasotzat jo du, "gizarte demokratikoaren bi oinarri horien aurkako erasoa" izan dela iritzita.
David Cameron lehen ministro britainiarrak atentatua gaitzetsi du eta gainera, prentsa askatasuna defendatu du. Azpimarratu duenez, Erresuma Batua Frantziaren ondoan egongo da terrorismoaren kontrako borrokan.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak ere bortizki gaitzetsi du erasoa eta, terrorismoaren mehatxuaren kontrako borrokan, lankidetzan jarraitzeko gogoa berretsi du.
Etxe Zuriak "ahalik eta modu indartsuenean" gaitzetsi du atentatua. "Frantziako agintariekin elkarlanean aritzeko prest gaude, ikerketan laguntzeko xedearekin", adierazi dute bertatik.
Mariano Rajoy Espainiako presidenteak ere gaitzetsi du tiroketa, eta "elkartasuna" eta "atsekabea" adierazi die frantziarrei. Terrorismoaren aurkako alerta maila igo du Barne Ministerioak Pariseko atentatuaren ostean.
Elkarretaratze jendetsua Parisen
Milaka pertsona bildu dira, Frantziako Kazetarien Sindikatu Nazionalak (SNJ) deituta, Pariseko Errepublika plazan, Charlie Hebdo aldizkari satirikoak jasan duen eraso terrorista salatzeko eta biktimei elkartasuna adierazteko.
Zure interesekoa izan daiteke
Oihane Mateos, Orain EITBren albiste zerbitzu digitalaren burua, hil da
Kazetaritzari eta etxe honi lotutako ibilbide profesional oparoa garatuta, 45 urterekin zendu da.
Kanoikadak Donostia astinduta abiatu dira jaiak
Euriak ez du unea zapuztu, eta Onintza Mokoroak metxa piztearekin batera lehertu da festa Gipuzkoako hiriburuan. Euskal dantzek protagonismo berezia izan dute, hiriko zortzi taldek eman baitiote hasiera Aste Nagusiari.
Piraten baltsek Kontxako badia hartuko dute berriro astelehenean
Piraten abordatzeak milaka parte-hartzaile bilduko ditu berriro Donostiako Aste Nagusiko hitzordu jendetsuenetako batean, 17:00etan, Donostiako portutik aterako baitira.
Aktibo jarraitzen dute Huelvan eta Castellon piztutako suteek
Castellon, Cullako sutea kontrolpean dute jada, eta Serra d’en Galcerango sutearen bilakaera ona da; Tirigen, aldiz, sugarrek aurrera egiten jarraitzen dute. Nieblan (Huelva), suteak aktibo jarraitzen du, eta 4.000 hektarea erre dira jada.
Blusa eta neska beteranoen eguna ospatu dute larunbat honetan Gasteizko jaietan
Gasteizko nagusiek blusa eta neska beteranoen eguna ospatu dute larunbat honetan. Jardunaldia 09:00etan hasi da, San Migel elizako Andre Maria Zuriaren kaperan egindako elizkizunarekin. Ondoren, beteranoek erroskillak eta ardo gozoa dastatu dituzte, elizako balkoia hartu eta hiriko zaindariari ohiko lore-eskaintza egin aurretik. Guztira, 300 blusa eta neska inguru bildu dira bertan. Ohorezko aurreskua egin ostean, eguneko protagonista nagusiak Artepan okindegira joan dira, txoripanez gozatzera, musika bandaren erritmora.
Ia Nafarroa osoa alertapean egongo da ekaitzengatik; EAE eta Iparraldea, abisu horian
Arratsaldean, bero hodeiak garatu eta zaparrada trumoitsuak, txingorra eta haize bolada gogorrak espero dira, bereziki lurraldearen ekialdean. Ebroko Konfederazio Hidrografikoak ohartarazi duenez, uholdeak egon litezke euriteengatik.
Beroa eta oporrak oztopo dira Euskadin behar diren odol-emateak lortzeko
Tenperatura altuek eta oporraldiek zaildu egiten dute udan transfusioetarako behar den odol kopuruari eustea.
Amaitu dira AP-8ko Irun pareko eta A-8ko auto-ilarak
Trafiko Sailak amaitutzat eman ditu Euskal Autonomia Erkidegoko errepide-sareko bi puntutan sortutako auto-ilarak.
Meta eta TikTok plataformei kontrola indartzeko eskatu die Europako Batzordeak, Ceutako krisia tarteko
Abuztuaren 15aren aurretik, sare sozialok estu zaintzen ari da Brusela. Izan ere, egun horretan beste migratzaile olde bat espero da hiri autonomoan. Horren ildoan, Europako komisarioa bi plataformetako arduradunekin bildu berri da.
Kanoikadak abiatuko du Donostiako Aste Nagusia larunbat honetan
Artillari nagusiak 19:00etan piztuko du metxa Alderdi Ederreko lorategietan, eta horrela emango dio hasiera zortzi eguneko jaiari. Guztira, 400 ekitaldi baino gehiago daude programatuta.