Aaiun
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Izagirre bidaia egiten ari da Mendebaldeko Saharan

Aminatou Haidar giza eskubideen ekintzaile sahararrarekin batera sartu da Donostiako alkatea Aaiunera. Donostiako Udala giza eskubideen alorrean egiten ari den lanaren baitan kokatu du bidaia.
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea eta Aminatou Haidar ekintzaile sahararra.
Juan Karlos Izagirre eta Aminatou Haidar. Argazkia: Donostiako Udala

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea Mendebaldeko Saharan dago, giza eskubideen ekintzaile sahararren gonbiteari erantzunez. Aminatou Haidar giza eskubideen ekintzaile sahararrarekin batera sartu da Donostiako alkatea Aaiunera.

Aminatouren esanetan, "Mendebaldeko Saharan, gure jaioterrian, sahararrok bizi dugun egoera bertatik bertara ezagutzera gonbidatu dugu, egunero-egunero bizi ditugun giza eskubideen urraketen lekuko izatera; ohorea da guretzat bera hemen egotea".

Donostiako Udala giza eskubideen alorrean egiten ari den lanaren baitan kokatu du bidaia, bere lan ildoetako bat munduko errealitate eta gatazkak ezagutzea eta elkartasun eta elkar ezagutzeko bideak irekitzea baita.

“Elkartasuna”

Izagirrek azpimarratu du Mendebaldeko Saharako errealitate soziala eta politikoa ezagutzea dela bidaiaren helburua. "Munduko beste errealitate batzuekin harremana izan dugun bezala, oraingoan sahararren egoera bertatik bertara ezagutzera etorri gara, gure elkartasuna adieraztera eta gatazkaren konponbidean gure ekarpena egitera, ezberdintasunak ezberdintasun, gatazka politikoa bizi izan duten bi herriren arteko elkar ezagutza oso interesgarria delako", esan du.

Datozen egunetan hainbat pertsona, elkarte eta erakundetako ordezkarirekin elkartuko da Izagirre, besteak beste, Moulay Hamdi Ould Errachid Aaiungo alkatearekin, Nazio Batuen Erakundeko Misioko ordezkariekin eta giza eskubideetako ekintzaile sahararrekin.

Memoria historikoa

Halaber, Donostiako Udalak babesten duen memoria historikoaren inguruko proiektu baten testigantzak bertatik bertara ezagutzea da bidaiaren beste helburua.

Carlos Martin Beristainek eta Francisco Etxeberriak desagertu sahararren inguruko ikerketan jasotako lekukoetako batzuekin ere egotekoa da Donostiako alkatea.

El Oasis de la Memoria (Memoria histórica y violaciones de derechos humanos en el Sahara Occidental)’ eta ‘Meheis: La esperanza posible (Fosas comunes y primeros desaparecidos saharauis identificados)’ ikerketak egiteko, 261 sahararren lekukotasunak bildu zituzten, eta Donostiako udaletxean aurkeztu zituzten.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Uharteko bizilagunak haserre, herriko apaizak Ceutako migrazio-krisiari buruz egindako adierazpenengatik

Uharteko (Nafarroa) biztanleak haserre daude Javier Aizpun herriko parrokoarekin, X sare sozialean (lehengo Twitter) migratzaileak Ceutara iristeari buruz zabaldu zituen mezuengatik. Kritiken ostean, apaizak barkamena eskatu du eta bere kontua ezabatu du. Argitalpenetako batean, apaizak zioen "Rabat bonbardatu" egin behar dela, Marokoren aurkako neurri gogorrak ezartzearen aldeko hainbat mezurekin batera. Aizpunek adierazi zuen, halaber, suarekin erantzun beharko litzaiekeela Ceutan sartzen saiatzen diren migratzaileei, eta Maroko "errekonkistatzea" proposatu zuen, haren hitzetan, "jatorrizko Espainia" berreskuratzeko, Erromatar Inperio garaiko Hispaniari erreferentzia eginez.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X