Usurbilgo gastroenteritis agerraldiak herriko ur depositu batean izan du jatorria
Azken egunotan Usurbilgo 2.000tik gora herritarrei eragin dien gastroenteritis agerraldiak Erroizpeko ur deposituan izan du jatorria, Usurbilgo alkateak eta Añarbeko Urak erakundeko ordezkariak gaur goizeko prentsaurrekoan baieztatu dutenez. Hala ere, oraindik ez dago argi zergatik zeuden ohi baino bakteria gehiago ur horretan. Hori dela eta, azterketa gehiago egingo dituzte gertatutakoa argitzeko.
Erroizpekoa Usurbilek duen ur deposituetako bat da Larbaingoarekin batera, eta herriaren herena hornitzen zuen. Horrez gain, herriaren zati batek Añarbetik hartzen zuen ura.
Asier Arregi Usurbilgo alkateak eta Joxean Ercilla Añarbeko Urak erakundeko zuzendari kudeatzaileak prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean Usurbilen. Alkateak jakinarazi duenez, zerbaitek "huts egin" du Erroizpeko ur deposituan. Haren esanetan, Udalak berak egiten du ur horren tratamendua bere baliabideekin, beti ere, Añarbeko Urak erakundearen eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren "kontrol eta zaintzarekin".
Erroizpeko deposituan egindako azterketan E. coli eta enterococos bakterien ezohiko presentzia antzeman dute. Arregiren hitzetan, oraindik argitzeke daude zergatiak eta, hori dela eta, datozen egunetan ikerketa gehiago egingo dituzte gertaturikoa argitzeko.
Bien bitartean, eta Erroizpeko ura edateko modukoa dela bermatu arte, Añarbeko Urak erakundeak hornituko du herri osoa.