Gipuzkoako Aldundia: 'Arbitro batek euskaraz hitz egitea debekatzea oso larria da'
Idiazabal eta Elgoibarren arteko partidan zehar arbitroak jokalariei euskaraz hitz egitea debekatu izana “oso larria” dela uste du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Preferenteko norgehiagoka iragan asteburuan jokatu zen Idiazabalen.
Imanol Lasa Aldundiko bozeramaileak prentsaurrekoa eman du gaur, Foru Gobernuak hartutako azken neurrien berri emateko. Gertakariak gaitzetsi ditu Lasak. Euskara “ez da Gipuzkoako eta Euskadiko hizkuntza ofizial bat bakarrik, euskal herritar guztien hizkuntza baizik”, gogorarazi du bozeramaileak.
Zentzu horretan, Aldundiak euskara “edozein erasoren aurrean irmo” defendatuko duela ohartarazi du Lasak. “Euskararen erabilera euskal herritarren eta gipuzkoarren artean gero eta handiagoa izateko lurraldeko gizarte eragile guztiekin elkarlanean ari da Aldundia”, erantsi du.
Lasaren hitzetan, “gertakaria une kritiko batean jazo da”; izan ere, “alderdi politiko eta erakundeetako ordezkari batzuek Espainiako bandera behin eta berriro astintzen ari dira; euskara hezkuntza sistemako komunikazio-hizkuntza ezin daitekeela izan esaten hasi dira”. “EAEko Administrazioan lan egiteko euskara beharrezkoa ez izatea eskatu dute beste batzuek, guztia testuinguru honetan”, gaineratu du bozeramaileak.
Testuinguru horretan, “ez da halabeharrezko gertakaria”; horregatik, “euskararenganako errespetua ez ezik, erabiltzen duenarenganako errespetua ere” eskatu du Lasak. “Ez gara hizkuntza eskubideaz soilik ari, herri honetako nortasun ikur bat errespetatzeaz baizik”, azpimarratu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Zazpi urteko kartzela-zigorra ezarri diote gizon bati, lo zegoen 14 urteko adingabe bat bortxatzeagatik
ErNEk Tolosako bi udaltzaini egindako eraso bat salatu du, esku-hartze batean larri zaurituak izan baitziren
Greba orokorra Iparraldean, bizitzaren garestitzearen aurka
Zupiria: "Ertzaintzak eta Donostiako Udaltzaingoak hartu dituzte hartu beharreko neurriak gaurko partiduari begira"
Behobia-Donostia lasterketak aldaketak eragingo ditu igandean trafikoan, aparkalekuetan eta garraio publikoan
Etxebizitza eta ekonomia dira EAEko herritarren kezka nagusiak, erabakigarriak iruditzen zaizkien hauteskunde orokorren atarian