Indarkeria matxista
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Bikotekide ohiari eraso eta lapurtu egin dio gizon batek Urduñan

Erasotzaileari urruntze agindua ezarri diote. Araialdeko Mugimendu Feministak erasoa salatzeko mobilizazioak deitu ditu ostiralerako.

Gizon batek bikotekide ohia jo egin zuen eta ondoren zorroa lapurtu zion larunbatean, Urduñan (Bizkaia), Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez.

Erasoa 15:00ak aldera gertatu zen Urduñan. Gizonak indarkeria erabilita bere ibilgailuan igotzera behartu zuen emakumea lanetik ateratzean. Handik, Amurriora (Araba) eraman eta han utzi zuen zorroa lapurtu eta gero.

Emakumeak salaketa jarri zuen Ertzaintzan tratu txar fisiko eta psikologikoak, zein bortxaketa eta lapurreta leporatuta.

Erasotzailea ez zen biharamuneko epaiketara azaldu, eta urruntze agindua ezarri dio epaileak.

Araialdea Mugimendu Feministak erasoa salatu du eta erasoen aurrean makurturik geratuko ez direla esan du. "Emakumeok ahaldundu eta indarrak batuko ditugu, sistema hetereopatriarkal honek erreproduzitzen dituen indarkeri matxista hauek eten arte. Ez gaudelako bakarrik, asko gara, eta ez daukagu beldurrik!", esan dute agiri batean.

Hori horrela, elkarretaratzea deitu dute ostiralean, martxoaren 9an, Laudion, Lamuza plazan, 19:00etan. Ondoren, 20:00etan, manifestazioa abiatuko da Urduñako Foruen plazatik "Erasorik ez erantzunik gabe! Autodefentsa feminista" lelopean.

_____________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Uharteko bizilagunak haserre, herriko apaizak Ceutako migrazio-krisiari buruz egindako adierazpenengatik

Uharteko (Nafarroa) biztanleak haserre daude Javier Aizpun herriko parrokoarekin, X sare sozialean (lehengo Twitter) migratzaileak Ceutara iristeari buruz zabaldu zituen mezuengatik. Kritiken ostean, apaizak barkamena eskatu du eta bere kontua ezabatu du. Argitalpenetako batean, apaizak zioen "Rabat bonbardatu" egin behar dela, Marokoren aurkako neurri gogorrak ezartzearen aldeko hainbat mezurekin batera. Aizpunek adierazi zuen, halaber, suarekin erantzun beharko litzaiekeela Ceutan sartzen saiatzen diren migratzaileei, eta Maroko "errekonkistatzea" proposatu zuen, haren hitzetan, "jatorrizko Espainia" berreskuratzeko, Erromatar Inperio garaiko Hispaniari erreferentzia eginez.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X