Astebetean Oriaren arroan bi isurketa izan direla salatu dute
Astebeteko tartean Oria ibaiaren arroan bi isurketa izan direla salatu du Eguzki talde ekologistak.
Eguzkik azaldu duenez, lehenengo isurketa Andoainen gertatu zen, Leitzaran ibaian, irailaren 15ean, eta ur bazterrak zurituta aurkitu zituzten. Udaltzainen eta URAko ikuskarien lanari esker, egiaztatu zuten etxe bat berritzeko lanetan erabiltzen ari ziren pintura zuria zela uraren kolorea zikindu zuena. Ekologistek gogorarazi dute pinturek metal astunak dituztela eta oso kutsakorrak direla.
Irailaren 20ean, berriz, Olaberrian antzeman zuten isurketa. Estanda ibaiak Oriarekin bat egiten duen tokian aurkitu zuten ura zurituta, eta arrastoari jarraituta, jatorria Arcelor-Mittalen lantegian zuela ikusi zuten.
Ez batean ez bestean, ez zuten arrainik hilda aurkitu, baina uraren azterketen emaitzen zain daude.