Prezipitazio handiek arazo ugari eragin dituzte euskal errepideetan
Euriak zenbait arazo eragin ditu euskal errepideetan igande goiz honetan, eta hainbat tokitan urak gainezka egin du eta arazoak sortu dira. Prezipitazio handien eraginez, lau pertsona zauritu dira Iruña Okan izandako zirkulazio istripu batean. Arabako Foru Suhiltzaileek jakitera eman dutenez, 12:00k aldera hiru ibilgailuk elkarren aurka talka egin dute AP-1 autobidean, Irungo noranzkoan, oraindik argitzeke dauden arrazoiak direla eta.
Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak azaldu duenez, istripu horren eraginez bi errei itxi behar izan dituzte, eta hiru kilometrorainoko auto-ilarak sortu dira.
Halaber, 7 kilometrorainoko auto-ilara handiak egon dira AP-8 autobidean, Irungo bidesariaren parean, Kantabriarako noranzkoan.
Bestalde, prezipitazio handien eraginez Bilboko hainbat kaletan sortu diren zenbait arazoetan lan egin behar izan dute Bizkaiko suhiltzaileek eta Bilboko Udaltzaingoak.
Bizkaiko DYA erakundeko anbulantzia batek istripua izan du Bilboko Kastrexana auzoan, Sodupen (Bizkaia) pertsona bat artatu ostean.
Azken orduotako euri-jasa handiek ur-putzu handiak utzi dituzte euskal errepideetan. Arrazoi horregatik, abiadura moteltzeko aholkatu die trafiko zuzendaritzak gidariei. Larrialdi Zerbitzuak azaldu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) kaleetan eta errepideetan ur-putzuek eragindako arazoekin zerikusia izan duten 53 gertakariren berri izan dute goizean.
Hegaldi bat desbideratu dute
Loiuko aireportuan lur hartu behar zuen Lufthansa konpainiaren hegaldia Valladolideko aireportura desbideratu dute haizearen eraginez, AENAk jakitera eman duenez.
Hegazkina Munichetik (Alemania) zetorren, eta 10:45 inguruan iritsi behar zen Bilbora. Alabaina, eguraldiaren eraginez Valladolidera desbideratu behar izan dute.
Abisu horia
Goizeko lehen ordutik oso nabaria izan da eguraldiaren aldaketa. Izan ere, goizaldean zerua hodeituz joan da, eta prezipitazio handiekin batera tenperaturek behera egin dute nabarmen. Fronteari loturiko zaparradak ugarituz eta indartuz joango dira, batez ere eguerdi partean eta arratsaldeko lehen orduetan. Ekaitzak ere gogor jo dezake zenbait tokitan metro koadroko 20 litro ur baino gehiago pilatu daitezke ordubetean, bereziki ekialdean.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du igandeko 21:00ak arte Euskadin, prezipitazio iraunkorrak izango direla iragarri baitute. Gauzak horrela, zerua oso hodeitsu eta estalita egongo da egun osoan zehar.
Datozen orduei begira, haizea ipar-mendebalderantz aldatuko da. Aldaketa horrek haize-bolada bortitzak utziko ditu kostaldean. Zaparrada handiak espero dira, batez ere eguerdi partean eta arratsaldeko lehen orduetan. Noizbehinka ekaitzak jo dezake, eta, orokorrean, tenperatura asko jaitsiko da.
Gauzak horrela, Bizkaian eta Araban ordubetean metro karratuko 20 eta 40 litro artean pilatu daitezke, eta Gipuzkoako ekialdean, berriz, 60 litro biltzera iritsi daitezke.
Bestalde, Hernaniko (Gipuzkoa) Lastaola industrialdean atzo behera etorri zen zubiak Urumea ibaiaren ibilguaren gainean utzitako hondakinak garbitzen ari dira beharginak, ur-goraldietan ez buxatzeko.
Alerta laranja ezarri dute Nafarroan
Nafarroan euri-jasak eta haize-bolada bortitzak utzi ditu Leslie zikloiak penintsularen iparraldean eta ekialdean. Halaber, beste fronte aktiboen presentziak euri-jasa oso bortitzak utzi ditzake, eta zenbait tokitan 50 litro metro karratuko pilatu daitezke ordubetean.
Espainiako Gobernuko Barne Ministerioko Babes Zibilak agiri batean azaldu duenez, Nafarroan prezipitazio iraunkorrengatik ezarri duten alerta laranja goizaldera arte egongo da indarrean.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, momentuz ez da ezer larririk gertatu, nahiz eta Leslie zikloiak prezipitazio handiak utzi dituen.
Larrialdi zerbitzuak "kontu handiz" ibiltzeko deia luzatu die herritarrei, bereziki haize-ufada zakarrak espero diren orduetan kalera irten behar izanez gero.
Foruzaingoak "oinarrizko aholku" batzuk zabaldu ditu sare sozialen bidez eta, besteak beste, zuhaitz ugari dauden tokietatik ibili ez daitezen eskatu die nafarrei.
Bost erromes erreskatatu dituzte Izandorren
Larrialdi zerbitzuek Izandorreko aterpetik gertu galduta zeuden bost erromes korear erreskatatu behar izan dituzte igande arratsalde honetan, eguraldi kaskarra tarteko ezin izan baitute haien ibilbidearekin jarraitu.
Erromesek 15:00ak aldera eman dute abisua, eta lekura suhiltzaileak hurbildu dira, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez. Orreagaraino eraman dituzte bostak, baina ez da inor zauritu.
Beste alde batetik, goizean Aralar mendilerroan azaldu den lainoaren eraginez galdu diren bi mendizale erreskatatu behar izan dituzte suhiltzaileek.
Zure interesekoa izan daiteke
Blusa eta nesken kalejiraren ibilbidea moldatzea proposatu du Gasteizeko Udalak, segurtasun arrazoiengatik
Andre Mari Zuriaren plazan hasi eta bukatuko den ibilbide zirkularra jarri du mahai gainean Udalak. Orain, kuadrillek hilabeteko epea dute proposamena aztertu eta ekarpenak egiteko.
Adituek ongi ikusten dute 16 urtetik beherakoei sare sozialak debekatzea
Psikologo eta pedagogoentzat erreferentziazko adin bat izatea onuragarria da, nahiz eta argi duten ez dela erraza izango debekua betetzea. Kalean, berriz, denetariko iritziak daude, baina askorentzat debekuak ez du arazoa konponduko.
Iraungitako txertoa jaso zuten 23 pertsonari txerto hexabalentea jarri diete berriro
Alberto Martinez Osasun sailburuak azaldu duenez, iraungitako txerto hexabalentea 29 pertsona gehiagori jarri ote zitzaien ikertzen ari dira, baina erregistroan egindako akatsak izan daitezkeela aurreratu du. Dena den, txertoen intzidentzia "bideratuta" dagoela eta orain gertaturikoa argitzea falta dela adierazi du.
Hiru pertsona atxilotu dituzte Obanosen, horietako bat larri zaurituta, etxebizitza batean izandako leherketa batean
Lehen hipotesien arabera, hiru atxilotuak leherketa eragin duen osagairen bat manipulatzen ari ziren.
Espainiako Gobernuak sare sozialetan sartzea debekatuko die 16 urtetik beherakoei
Pedro Sanchezek iragarri du Espainiak sare sozialen zuzendariak erantzule egingo dituela legez kanpoko eta gorrotozko edukiengatik.
Goiz gorabeheratsua Kataluniako Rodaliesen, zirkulazioa bi bider eten da eta
Lehen mozketa 07:10 eta 07:15 artean gertatu da; bigarrena, berriz, 08:08 eta 08:19 artean. Renfek adierazi duenez, trenak normaltasunez dabiltza dagoeneko.
38 urteko gizon bat hil da Bergaran, auto batek harrapatuta
Ezbeharra 07:15ean gertatu da, Ibarra kalean.
Auto-ilarak Bilbon, hainbat ibilgailuk istripua izan baitute Zorrotza parean
Hiru ibilgailuk talka egin dute eta ondorioz erreietako bat itxi dute. Hori dela eta, lau kilometrorainoko auto-ilarak sortu dira.
Albiste izango dira: iraungitako txertoak, San Blas eguna eta EEEa Tubos Reunidosen
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Zaldi-probek beteko dute idi-proben lekua Abadiñoko San Blas egunean
Erroskilla eta eztarria babesteko lokarriekin batera, idi-probek leku berezia izan ohi dute sanblasetan, baina, aurtengoan, egitarauan moldaketak egin behar izan ditu Udalak, dermatosiaren ondorioz.