Kolon eta ondesteko minbizien % 70 hasierako estadioan diagnostikatzen du Osakidetzak
Igande honetan, martxoak 31, Koloneko Minbiziaren aurkako Mundu Eguna da, eta hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela 10 urte abian jarritako Kolon eta Ondesteko Minbiziaren Detekzio Goiztiarreko Programaren datuak eman ditu ezagutzera.
Osakidetzak 30.634 lesio pregaizto (adenoma aurreratuak) eta lesio gaizto (minbizi inbaditzaileak) detektatzea eta tratatzea lortu du denbora tarte horretan. Horietatik %70 hasierako estadioetan (I-II) diagnostikatu dira; programa hasi aurretik % 40 baino ez zirenean diagnostikatzen hasierako estadioetan.
Gainera, programaren bidez kolon eta ondesteko minbizia hauteman zitzaien pertsonen %90 5 urte baino gehiago bizi izan da, eta programa honen aurretik 5 urteko biziraupena %60k lortzen zuten.
Azken urteotan bultzada garrantzitsua izan du programak eta EAEko 50 eta 69 urte artekoen %100ari iritsi zaio deialdia. Zabalkunde hau dela eta, EuropaColon txosten nabarmendu egin du programa hau, Holandako eta Esloveniako beste bi detekzio goiztiar programekin batera.
Nekane Murga Osasun sailburuak lorpen hori "baliabideetan eta inbertsioan etengabe egiten den ahaleginaren eta Osakidetzako profesionalen antolaketaren eta konpromisoaren ondorio" dela esan du, "baita herritarren inplikazio handiarena ere".
Hala ere, programetako parte-hartzea handitzen jarraitzeak duen garrantzia nabarmendu du sailburuak, eta dei berezia egin die gizonei; izan ere, gizonen partaidetza-tasa emakumeena baino baxuagoa da (%70ekoa eta %72,3koa, hurrenez hurren), nahiz eta gizonek lesio gaiztoak izateko aukera gehiago izan.
Ia 600.000 pertsonei zuzentzen zaie programa EAEn
Kolon eta Ondesteko Minbiziaren Baheketa Programa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 50 eta 69 urte bitarteko biztanleei zuzenduta dago, 591.744 pertsonari, hain zuzen ere. EUSTATen biztanleria-datuen arabera, Euskadiko biztanleen %27,2 dira horiek.
Gorotz edo eginkarietan ezkutuko odolik dagoen antzematen duen testa erabiltzen da programa honetan. Bi urtero egiten da proba, eta horretarako behar den kita etxera bidaltzen dute. Proba egin ondoren, norbere osasun-zentroan utzi behar da, eta egun gutxian jasotze dira emaitzak gutun bidez.
Proban baiezkoa ateraz gero, kolonoskopia egitera bidaltzen du sendagileak pazientea. Kolonoskopiak norberari dagozkion ospitaleetan egiten dira, sedazioarekin.
Zure interesekoa izan daiteke
Abenduaren erdialdean irekiko dute Bilboko Zabalguneko aparkalekua, 549 plazarekin
Santurtziko alkateak "onartezintzat" jo ditu Anderren atxiloketaren irudiak
Zer neurri proposatzen ditu KIDS Legeak adingabeak Interneten babesteko?
SOS-Deiak larrialdi zerbitzua ordu erdi etenda egon da sistemako akats baten ondorioz
Ezkontza kopurua % 8,4 gutxitu da Euskadin urteko lehen hiruhilekoan
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, ibilgailuak erregistratzeko eta delituak egiteko mutil baten identitatea usurpatzeagatik
Euriteek gutxienez hildako bat utzi dute Katalunian
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu helegitea aurkeztu edo ez erabakitzeko eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langilearen kaleratzea berretsi egin du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak