Genero indarkeriaren biktimen kopuruak gora egin du EAEn eta Nafarroan
1.051 emakume genero indarkeriaren biktima gisa (bikotekideek edo bikotekide ohiek egindako indarkeriaren biktima) zenbatu zituzten iaz Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan. Biktimen kopuruak gora egin du Euskadin (% 8,3) eta Nafarroako Foru Erkidegoan (% 4,7).
Bikotekideen edo bikotekide ohien indarkeria jasan eta gero, babes neurriren bat duten emakumeak bakarrik kontuan hartzen dituzte estatistika horretan (ezezagunek egindako indarkeriaren biktimak, adibidez, ez dituzte zenbatzen).
Espainiako Estatistika Institutuak (INE, gaztelaniazko sigletan) gaur plazaratu ditu 2018ko Genero Indarkeriaren eta Etxeko Indarkeriaren Estatistikaren datuak. Kopuruok Biktimen Babeserako Erregistrotik atera ditu Institutuak.
Zenbaki absolututan, Estatuan genero indarkeriaren tasa txikiena duen hirugarren erkidegoa da Nafarroa (309 emakume); EAE, berriz, zortzigarrena da (724 emakume).
1.000 biztanleko tasari erreparatuta, ordea, EAE da indarkeria tasarik txikiena duen erkidegoa (0,8); Nafarroa, laugarrena (1,1).
Etxeko indarkeriari dagokionez (senide bati emakume batek edo gizon batek egindakoa), 287 emakume eta 184 gizon zenbatu zituzten biktima gisa Hego Euskal Herrian. Kasu honetan ere gora egin zuen biktima kopuruak: % 25 eta % 63, emakumeen kasuan, eta % 8 eta % 4,8 gizonen artean, EAEn eta Nafarroan, hurrenez hurren.
Espainiako Estatuan ere hazi egin zen genero indarkeriaren biktimen kopurua. 31.286 biktima izan ziren (% 7,9ko igoera). Bestela esanda, 14 urtetik gorako 1.000 emakumetik 1,5 biktima da.
INEk ohartarazi duenez, kezkagarria da erasotzaileen adina. Izan ere, 18-19 urteko eta 25-29 urteko erasotzaileen kopurua % 14,1 eta % 11,9 igo da, hurrenez hurren. Adin tarte horietan hazi da gehien erasotzaile kopurua.
Biktimei dagokienez, gehienek 25 eta 39 urte bitartean dituzte. Batezbestekoa 36,5 urtekoa da.
_____________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Zure interesekoa izan daiteke
Emakume bati lau urteko zigorra ezarri diote 80 urteko gizon bati 400.000 euroko iruzurra egiteagatik
Negu Gorriak talde nafarrak heriotza mehatxuak salatu ditu eta "elkartasuna ez gelditzeko" eskatu du
Negu Gorriak GKEa, albiste faltsuen eta eskuin-muturraren gorrotoaren jomugan
Hondakin organikotik biometanoa sortzeko planta inauguratu dute Bizkaian
Ikerketa abiatu dute Barakaldon kriminalitate zantzuak dituen emakume baten gorpua topatu dutela eta
Espainiak Rabaten duen enbaxadak ohartarazi du Ceuta zeharkatzeko deialdiak zabaldu direla datorren astezkenerako
Nafarroako Gobernuak Maiatzeko Plazako Amak elkarteko kideak omendu ditu
Auzitegi Nazionalak Flotillako kideak torturatzeagatik ere ikertuko ditu militar israeldarrak
Euskal Hirigune Elkargoa ikertzen ari dira ur zikinak itsasora isurtzeagatik