Haize zakarrak eta euri jasek eragozpen ugari eragin dituzte
Amelie borraska indartsu iritsi da goizaldean Euskal Herri osora eta arazo ugari eragin ditu: zuhaitzak erori dira, errepideak itxi behar izan dira eta kaleko elementuak kaltetu ditu, besteak beste.
Bigarren mailako errepideetan izan dira arazo gehien goizeko lehen orduetan, bidera erori diren zuhaitzengatik. Hain zuzen ere, Basalan enpresako langile bat zauritu da Solluben, Bi-631 errepidean, gauean, eroritako zuhaitzak erretiratzen ari zela, Bizkaiko suhiltzaileek jakitera eman dutenez. 76 interbentzio egin behar izan dituzte goizean zehar.
Putxeta eta Muskiz artean, berriz, etenda egon da Renferen tren zerbitzua denbora tarte batean goizean.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri zuen gaurko, haizeak 120 km/h-ko ufadak izan zitzakeelako, kostaldean batez ere, eta horrek olatu handiak eragin. Matxitxako lurmuturrean, esatea baterako, 169 Km/h-ko haize boladak neurtu dituzte goizaldean. Cerrojan eta Punta Galean, 154,5 eta 127,4 km/h, Zokoan 130 km/h-ko abiadura harrapatu du haizeak, eta Jaizkibelen 132 km/h-ko haize boladak izan dira.
Gauzak horrela, arreta handiz ibiltzeko eskatu dute Segurtasun Sailetik. Hauek izan dira lehen orduetan nabarmentzeko puntuak:
- N-634, Deban: Errepidea itxita egon da bi noranzkoetan, zuhaitzak erori direlako hainbat puntutan eta 08:30 aldera ireki dute.
- BI-631, Solluben: Errepidea itxita egongo da zuhaitzak erori direlako, baina 08:21 aldera ireki dute. Langile bat zauritu da.
- BI-630, Karrantzan: Zuhaitz batek zirkulazioa oztopatu du eta Ertzaintza trafikoa erregulatzen aritu da, txandaka igaroaraziz. Konpondu da egoera.
- A-8, Orio parean: Ibilgailu bat irauli da eta bi errei itxita egon dira. Bi pertsona arin zauritu dira eta Donostia Ospitalera eraman dituzte.
- Artziniegan: zuhaitz bat erori da elektrizitate kable baten gainean eta suhiltzaileek erretiratu bitartean auto-ilarak izan dira. Bizilagun ugari argirik gabe geratu dira eta egun osoan horrela egotea aurreikusten da, zerbitzua berrezarri bitartean

Suhiltzaileak lanean Artziniegan. Argazkia: Arabako Suhiltzaileak
- Bakion: Haizeak karpa bat eraman du 05:00ak aldera eta bidean kalteak eragin ditu hainbat ibilgailu eta kaleko elementutan. Etxe bateko fatxadan ere kalteak eragin ditu haizeak.

Bakion, haizeak eraman duen karpa. Argazkia: EiTB

Kalteak Bakioko frotoian. Argazkia: Bizkaiko Suhiltzaileak
Bakio Udalak jakinarazi duenez, bihartik aurrera, kaltetutako bizilagunak artatzeko zerbitzua martxan izango dute.
- Bermeon: Polikiroldegiko sabaiko plaka batzuk askatu eta igerileku gainera erori dira. Kristal batzuk apurtu dira eta igerilekua ixtea erabaki du Udalak segurtasunagatik.

Bermeoko polikiroldegiaren teilatua. Argazkia: Bermeoko Udala

Ez da izan haizeak xaflak astindu dituen toki bakarra:
- Durangaldean: Amorebietan eta Garain lanean aritu behar izan dute Bilboko Suhiltzaileek zuhaitzen erorketagatik. Imanol Aragonen bideo honetan Ibaizabalera eroritako zuhaitz andana ageri dira.
- Bilbon ere sentitu dute Amelie borraska. Termibus inguruan xafla batzuk mugitu eta tolestu ditu, hain zuzen ere.

Kalterik ikusgarrienak Deustun izan dira. Eliseo Migoya kaleko etxe baten fatxada zati bat erori da baina zorionez ez da inor zauritu. Ertzaintzak ingurua hesitu behar izan du.
-Barakaldon, berriz, gertakaririk garrantzitsuena 06:12 aldera gertatu da, haizeak San Bizente auzoko adinekoentzako egoitza bateko metalezko estalkia altxatu duenean.
-Muskizen, berriz, hainbat lantegitako teilatuak eraman ditu.
- Donostian, Paseo Berria itxita
Donostiako Paseo Berria itxita egongo da egun osoan, bai oinezkoentzat bai ibilgailuentzat.
Udaleko Babes Zibiletik jakitera eman dutenez, hiriko parkeak ere itxita egongo dira.
Hala, astelehenean Paseo Berria eta parkeak aztertu ondoren, "normaltasunera" itzuliko direla espero du Udalak.
Haizeak triskantza egin die Bretxako baserritarrei. Izan ere, gaurko merkaturako prest zituzten postuak eta karpa txikitu dizkie, Donostiar batek Euskadi Irratira bidalitako argazki honetan ikusten denez:

Suhiltzaileek jakitera eman dutenez, 15 zuhaitz bota ditu haizeak Donostian, eta hainbat hesi, seinale eta edukiontzi ere tokiz mugitu ditu.
-Irunen: Sabai-lehio bat bere tokitik atera eta teilatutik lurrera bota du haize bolara batek. 07:50 aldera izan da istripua. Blas de Otero kaleko etxe bateko teilatutik askatu eta kalera erortzean aparkatuta zeuden bost auto kaltetu ditu baina ez da inor zauritu.
Aire libreko ekintzak bertan behera Iparraldean eta Getxon
Iparraldean ere gogor jotzen ari da haizea gauetik, eta prebentzio neurri gisa, bertan behera utzi dituzte ari librean egin beharreko ekintza guztiak.
Goizean goiz, gainera, arazoak izan dira ibilbide laburreko tren zerbitzuan eta Baionara iristekoak ziren hainbat tren geldirik egon dira.
Getxoko Udalak ere Babes Zibilerako plana aktibatu du, eta besteak beste, egunean zehar aire librean egin behar ziren kirol ekitaldi guztiak bertan behera utzi ditu.
Argirik gabe hainbat tokitan
Haizeak argindar sarean eragin dituen kalteak direla eta (zuhaitzak gainera erortzeagatik, batez ere), Euskal Herriko hainbat tokitan argirik gabe geratu dira azken orduetan.
Egoerarik larriena Iparraldean ari dira bizitzen. Izan ere, Lapurdiko kostaldeko 15.000 bezero argirik gabe geratu dira. 19:30ean 5.000 lagunek argindarrik gabe jarraitzen zuten.
Hegoaldean, Mendaron zein Artziniegan ere halaxe daude. Mendaron, Atxuri landetxearen jabeak Euskadi Irratian kontatu duenez, landetxea jendez beteta du eta ez dute batere gau ona pasa.
Arazoa ahal den azkarren konpontzeko lanean ari dira langileak baina arratsaldera arte luzatu daiteke argi mozketa inguru horietan.
Eguraldiaren iragarpena
Euskalmetek iragarri duenez, goizean zehar haizea indarra galtzen joango da, eta eguerdian amaituko da alerta laranja. Handik aurrera, dena dela, abisu horian jarraituko dugu haize bolada bortitzengatik.
Goizean zehar euria egingo du han-hemenka, baina euriak ere gutxira egingo du orduek aurrera egin ahala.
Olatu handiak
Kostaldeko hainbat lokal eta tabernek neurriak hartu zituzten atzo jada, olatu alerta zela eta. Ez da txikiziorik izan, baina olatu ederrak izan dira.
Hemen Lorentxo Portularrumek goizean Zarautzen ateratako argazkia:

Ricardo Agirregomezkortak atera du hau Deban:

Victor Uriatek hau Bakion:

Zure interesekoa izan daiteke
Espainiako Poliziaren buru ohiaren sexu erasoak berretsi ditu epailearen aurrean salaketa jarri zuen inspektoreak
Epaileak atzera bota du poliziako buru ohia emakumearekin ez komunikatzeko salatzaileak egindako eskaria, "arriskurik ez" dagoela iritzita.
Espainiako Estatuko herritarren % 79k uste dute "posible" dela etorkizunean gerra batean arma nuklearrak erabiltzea
CISen inkesta baten arabera, herritarrei gehien kezkatzen dien beste beldur batzuk dira gertuko senide bat galtzea, osasuna galtzea, itsu geratzea edo minbizia hartzea.
Gorpu bat aurkitu dute itsasoan, Ondarroa eta Lekeitio artean
Gorpua ezin izan dute identifikatu, baina baliteke asteartean Mendexan desagertutako 82 urteko arrantzalea izatea.
Tasa turistikoa 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera ezarriko da Euskadin
Gipuzkoako Foru Aldundiak turismoari lotutako zerga berria arautzen duen Foru Arauaren proiektua onartu du. Zergaren oinarria gau kopuruaren arabera kalkulatuko da.
76 urteko gizon bat eta 38 urteko emakume bat atxilotu dituzte, Bilbon, emakume bati sexu-erasoa egiteagatik
Biktima atxilotuekin batera Santutxuko Karmelo kaleko etxebizitza batera igo omen zen.
Dozenaka lagunek justizia eskatu dute Parisen hildako gazte tolosarrarentzat
"Justizia Dalianentzat" lelopean, Parisen hil zuten Tolosako bizilagunaren senide eta lagunek elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean. Martxoaren hasieran aurkitu zuten haren gorpua, Frantziako hiriburuko etxebizitza batean.
Bi gizon inputatu dituzte Artxandako hilketagatik, eta beste hiru krimen hura ezkutatzeagatik
2023ko abuztuan, gizonezko baten gorpua aurkitu zuten, zatituta eta erreta, maleta baten barruan, Artxandan dagoen abandonatutako eraikin batean.
Goiz korapilatsua Txorierriko errepideetan, Asua parean bederatzi autoren artean izandako talka baten ondorioz
Istripuaren ondorioz, bideko lau erreietatik hiru itxi behar izan dituzte puntako orduan, eta auto-ilara luzeak sortu dira inguruan: Artatzan, Arrontegin, Barakaldon eta Gurutzetan. Behin ibilgailuak bidetik kenduta, egoera bere onera itzultzen joan da. Arazoak izan dira, halaber, A8an, Kantabriarako noranzkoan, San Mames parean istripu bat izan baita. Gipuzkoarako noranzkoan, gainera, trafikoa astuna izan da.
Osakidetzako proba diagnostikoen irudiak ikusgai, Osasun Karpetaren bidez
Iaz, 592.888 herritarrek erabili zuten Osasun Karpeta eta 8,2 milioi sarbide izan zituen. Interesa dutenek irudietara sartzeko eskaera online egiteko aukera izango dute.
Eusko Jaurlaritzak 271 milioiko inbertsioa egingo du hezkuntza sistemaren eraldaketa digitala bultzatzeko
ADIMEN DIGITALA estrategiak software librean oinarritutako hezkuntza-plataforma propioa ahalbidetuko du, irakasleen prestakuntza digitala indartuko du eta euskarazko hezkuntza-edukiak sustatuko ditu.