Gizon batek emakume bati eraso dio Donostian, urruntze-agindua urratuta
51 urteko gizon batek emakume bati eraso dio Donostian, indarrean zuen urruntze-agindu bat urratuta. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, erasotzailea biktimaren bikotekidea zen. Kartzelan sartu dute gizona, genero-indarkeriako delitu bat egotzita.
Biktima Donostia Ospitalera eraman dute; izan ere, kontusioak, hematomak eta arma zuriak eragindako ebakiak zituen aurpegian eta izterretan.
Asteleheneko goizaldean gertatu zen, 01:45 aldera. Una horretan, emakume batek 112 Sos Deiak telefonoari deitu zion, jakinarazteko bikotekidearen eraso bat zuela pairatuta eta zaurituta zegoela. Ertzaintzaren patruila iritsi zenean, emakumea bere etxeko atarian zegoen; segituan ospitaleratu zuten, haren lesioengatik.
Etxebizitzan, agenteek ustezko erasotzailea topatu zuten, lotan, eta odol-zantzuak antzeman zituzten horren jantzietan. Genero-indarkeriako delitu batengatik, atxilotu egin zuten.
Gainera, ertzainek egiaztatu zuten gizonak urruntze-agindua zuela, eta debekatuta zuela biktimarengana hurbiltzea. Atxilotua astelehen arratsaldeko lehen orduan sartu zen kartzelan.
Donostiako Udaleko udalbatzak elkarretaratzea egingo du astearte honetan, 12:00etan, Alderdi Ederreko lorategietan, genero-indarkeriako kasu hau gaitzestea xede.