Onik aurkitu dute Zornotzan desagertuta zegoen 83 urteko gizona
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, larrialdi-zerbitzuek onik aurkitu dute astearte gauetik desagertuta zegoen 83 urteko zornotzar gizona; hala baieztatu diote eitb.eus-i Ertzaintzaren iturriek.
Gizona asteazken honetako eguerdian topatu dute, haren etxetik gertuko mendi-gune batean, "ondo, itxura batean". Nolanahi ere, Galdakaoko Ospitalera eraman dute, azterketa medikoa egin diezaioten. Familiak asteartean jarri zuen salaketa, gizonaren desagertzeagatik.
Bilaketa Muniketan oinarritu dute, eta asteartean abiatu zuten, azken orduan; egunero egiten du gizonak mendi-ibilaldia inguru horretatik, baina asteartean ez zen bueltatu etxera, eta senideek ez zuten topatzen. Hortaz, salaketa aurkeztu zuten.
Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitatea, Txakur Unitateak, DYAk eta Gurutze Gorriak lagunduta, bilatzen hasi zen. Gauean eten egin zuten, eta goizeko zortzietan ekin diote berriro bilatzeari; eguerdiko hamabiak aldera topatu dute, itxuraz ondo.
Zure interesekoa izan daiteke
Alzheimerra geldiarazteko gai diren bi botikak gizarte segurantzan sartzeko galdegin dute neurologo eta elkarteek
Aita Mennik lehen hiru solairuak ireki ditu berriro, hildako bat eta 18 zauritu eragin dituen sutearen ondoren
Migratzaileen aurkako tentsioak gora egin du Ceutan, Negu Gorriaken aurkako protesta batean