Haize-ufada indartsuek arazo ugari eragin dituzte
Gorabehera eta arazo ugari izan dira azken orduetan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan, Elsa depresioak eragindako haize-ufada indartsuen eraginez. Izan ere, dozenaka zuhaitz handi erori dira, pertsiana batzuk zintzilik geratu dira eta Gabonetako argiztapenean ere arazoak sortu dira, besteak beste.
Getxon, 119 km/h-ko abiadura zuten haize-boladak neurtu dituzte, eta zuhaitz handi bat errepidera erori da Makaleta etorbidean. Ondorioz, kalte handiak eragin ditu bertan aparkatuta zeuden bi ibilgailutan, eta suhiltzaileek bertaratu behar izan dute.
Dena dela, hori ez da izan Bizkaiko suhiltzaileek egin behar izan duten esku-hartze bakarra, Zierbena, Ortuella, Balmaseda, Leioa, Lezama, Santurtzi eta Gernikako hainbat tokitara ere joan behar izan baitute.
Nafarroan ere, arazo ugari eragin ditu Elsa depresioak, eta Ibañetan, zazpi erromesi Orreagara iristen lagundu behar izan diete. Maximoak 90-100 km/h-ko abiadura harrapatu dute haize-boladek erdialdean eta iparraldean. Noainen, 104 km/h-ko abiadura izan du bolada indartsuenak; Oroz-Betelun, 102koa; Izaban, 99koa; eta Kasedan, 96koa. Monrealen, haize-ufadek 128 km/h-ko abiadura hartu dute, baina oraingoz behin-behineko datua da, datozen orduotan baieztatu behar baitute.
Horrez gain, Aniz eta Irurita arteko errepidea moztuta geratu da hainbat puntutan, zuhaitz batzuk errepidera erori ondoren, eta Ziga errepidez isolatuta egon da, suhiltzaileek jakinarazi dutenez.
Iruñean ere, esku-hartze ugari egin behar izan dituzte suhiltzaileek, haize bortitza dela eta, batez ere teilak eta zuhaitzak erori direlako. Irurtzungo parrokiako etxean ere, kalteak eragin ditu haizeak. Horrez gain, Elsa depresioak sabaiko egitura bat eraitsi du Mutiloan.
Denboralearen unerik txarrenak 21:30 aldera izan ziren, haize-ufadek 70 km/h-ko abiadura gainditu baitzuten ekaitzak egon ez ziren lekuetan. Haizeguneetan, berriz, 120 km/h-ko abiadura hartu zuten kasu askotan, Euskalmetek jakitera eman duenez.
Hala, Ordunten, Garbean eta Oizen 123 km/h-ko abiadura gainditu zuten maximoek, eta Andoainen, Zizurkilen, Bidania-Goiatzen eta Deustun, berriz, 90 km/h-koa. Iurretan, 87,3 km/h-ko abiadura hartu zuen haizeak, eta Gardean eta Ordizian, 80 km/h-koa gainditu zuen.
Zarautzen ere, 100 km/h-ko abiadura gainditu zen, baina Urduñan izan zen ufadarik indartsuena, 01:40an, haizeak 169 km/h-ko abiadura gainditu baitzuen, Euskalmetek emandako datuen arabera. Alabaina, datu hori oraindik baieztatu gabe dagoela nabarmendu du.
Artziniegan, udaletxe ondoan jarritako zuhaitz bat erori zen haize-ufada indartsuen ondorioz, eta herria ilunpetan geratu zen, erabiltzaile batzuek sare sozialen bidez esan zutenez.
Azken orduetan, haizea baretu egin da eta frontea urrundu egin da, baina asteburu honetarako beste denborale bat espero da, Fabien depresioa. Hala, Euskalmeten iragarpenaren arabera, ufada indartsuenak kostaldean nabarituko dira bereziki.
Asturiasen eta Galizian bi pertsona hil dira Elsa denboralearen ondorioz, eta Portugalen ere bi hildako utzi ditu.
Gomendioak
Datozen orduetan haize-ufada handiak espero direnez, Nafarroako Suhiltzaileek errepidean arreta handiz ibiltzeko gomendatu dute, eta balkoietan eta leihoetan ezer ez uzteko. Halaber, zuhaitzak dauden guneetatik paseatzeko orduan kontuz ibiltzeko eskatu dute, eta edozein ezbeharren aurrean, berehala abisatzeko.
Bestalde, erlaitz, horma, zuhaitz edo publizitate hesietatik urruntzeko deia egin du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Halaber, alerta laranja indarrean dagoen bitartean, autoa ez hartzeko gomendatu du, eta errepideetatik joan-etorriak egin behar izatekotan, kontu handiz ibiltzeko.
Hala, ohar batean zabaldu dituen prebentzio-neurriak hartzeko eskatu die Jaurlaritzak herritarrei, hala nola loreontziak balkoietatik kenduz eta ateak eta leihoak itxiz. Kalean egonez gero, alerta laranja indarrean dagoen bitartean, eta behar-beharrezkoa ez bada, mendira ez joateko eskatu die herritarrei. Nahitaez joan behar izanez gero, berriz, arretaz ibiltzeko eta babes-neurriak hartzeko eskatu du.
Arazoak ostegun goizaldean hasi ziren
Euskalmetek 133 km/h-ko abiadura harrapatu zuten haize-ufadak neurtu zituen ostegun goizaldean Karrantzan (Bizkaia). Ildo horretatik, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan alerta laranjak ezarri zituzten egun osoan, haizeagatik.
Matxitxako lurmuturrean, adibidez, 120 km/h-ko abiadura gainditu zuen haizeak asteazken arratsaldean, eta, Oizen, 103 km/h-ko abiadura harrapatu zuten haize-ufadek. Deustun, 81 km/h-ko haize-boladak neurtu zituzten egunaren bigarren partean.
Ostegunean ere, haize-ufada handiak izan ziren goizaldean, eta 100 km/h-ko abiadura gainditu zuten gure lurraldeko hainbat tokitan. Halaber, goizeko lehen orduan, Ordunten 94 km/h-ko abiadura izan zuten maximoek, eta Berastegin, 84 km/h-koa.
Nafarroako isurialde atlantikoan, Aemetek 70 km/h-ko haize-boladak neurtu zituen azken orduetan, eta 80 km/h-koak, Nafarroako Pirinioetan eta Erriberan. Gainera, 110 km/h-rainoko ufadak egon ziren Nafarroako isurialde atlantikoan, erdialdean eta Nafarroako Pirinioetan.
Zure interesekoa izan daiteke
Pantailak Euskaraz plataformak txalotu egin du ETB1 ONen haurrentzako edukiak eskaintzeko erabakia
Apirilaren 13tik aurrera, EITBk bikoiztu egingo du ETB1 ONen seinalea, eta 07:00etatik 19:00etara haurrentzako euskarazko edukiak eskainiko ditu, etenik gabe, telebista konbentzionalean.
Ehunka herritarrek Berrizen atzo izandako hilketa matxista saiakera salatu dute
'Erasoen aurrean, autodefentsa feminista' goiburupean, manifestazio zaratatsua egin dute gaur arratsaldean Berrizen. Ehunka herritar batu dira Mugimendu Feministak deitutako protestara, atzo izandako eraso matxista irmo salatzeko. Emakundek ere bat egin du deialdiarekin.
Basauriko hilketa matxista salatu dute Berangon
Berangoko Udalak eta Emakumeen Elkarteak deituta, indarkeria zantzuekin hilda agertu zen 44 urteko emakume berangoztarra gogoan izan dute astearte honetan.
Hego Euskal Herriko garaiak Kultura Ondare ez-materiala dira jada
Espainiako Gobernuak errege-dekretu batean aitortu du Iberiar Penintsulako iparraldeko garaien balio sinbolikoa eta soziala. Deklarazioak eraikuntza tradizional horien kontserbazioa bermatzen lagunduko du; izan ere, mantentze ezak, homogeneizazioak eta belaunaldien arteko aldeak arriskuan jartzen dituzte.
21 urteko mutil bat hil da Nafarroan, nitazenoa kontsumitu ondoren
2024ko abuztuan hil zen, eta Nafarroako Ospitale Unibertsitarioak orain egiaztatu du nitazenoek eragindako heriotza izan zela. Opioide sintetiko horri lotutako lehen heriotza da Euskal Herrian eta Estatu espainiarrean.
El Bocaleko pasaguneko ezbeharra gertatu aurretik, Poliziak 112ra deitzeko protokolorik zuen ala ez ikertzen ari da epailea
Agintariak, agenteak eta teknikariak deituko ditu deklaratzera, eta ikerketa-lerro bat abiatu du, materialen eta pasabidearen mantentze-lanen inguruan.
Erreskate ugari izan dira Aste Santuan euskal kostaldean
Jai egunak lausotzetik gertu izan diren egoerak bizi izan dira egunotan, eta erreskate ugari egin behar izan dira itsasoan, bai marearen igoerak ezustean harrapatu dituen pertsonenak, bai korronteek arrastan eramandako edo olatuek harrapatutako pertsonenak. Zorionez, ez da biktimarik izan.
25 eta 28 urteko bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen, bikotekideari eta bikotekide ohiari eraso egitea egotzita
Gasteizko Udaltzaingoak pasa den ostegunean eta ostiralean egin zituen atxiloketak, astearte honetan jakitera eman duenez.
Martinezek esan du garrantzi handikoa dela ohitura osasungarriak izatea, osasunari eragiten dioten faktoreen % 50 baitira
Osasun sailburuak ariketa fisikoa egitera, elikadura zaintzera eta alkohol eta kalamu kontsumoa murriztera animatu ditu herritarrak, Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta.
Mugikorrak alboratu eta familiaz gozatzeko gonbita, apirilaren 18an, EAEko hiriburuetan
Eusko Jaurlaritzak antolatuta, Mugikorrik Gabeko Eguna Familian izango da Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Familia inguruan teknologiaren erabilera kontzienteagoa sustatzea du helburu egitasmoak. “Ongizate emozionala zaintzeko eta senideekin egotearen balioa berreskuratzeko keinu txiki” gisa aurkeztu du Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak.