Euri eskasiak eragindako lehorteari aurre egiteko neurriak ezarri dituzte Markinan
Markina-Xemeingo Udalak edateko ura aurrezteko eta zentzunez erabiltzeko neurriak hartu ditu, udalerrian "aspaldian euri gutxi egin izanak eragindako sikateari aurre egiteko", asteazken honetan zabaldutako bandoan azaldu duenez.
Bizkaiko udalerri horretan izandako euri eskasiaren ondorioz Ur Partzuergoak neurriak hartzeko eskatu ostean hartu dituzten zenbait erabaki eta debeku jaso dituzte agiri horretan.
Ildo horretatik, "sare publikora lotutako herriko iturriak aldi baterako ixtea" erabaki du Udalak, eta "parke eta lorategien ureztatzea ebitatzea" eta "kaleak derrigorra danean baino ez ureztatzea".
Gainera, egoera ahalik eta azkarren bere onera ekartzeko asmoz, Udalak "eraikin eta zerbitzu publiko batzuetan uraren giltza zarratzea" agindu du.
Horrez gain, etxeko eremuan "edateko ura aurrezteko eta zentzunez erabiltzeko" eskatu die Udalak herritarrei. Horregatik, "ezingo da herriko ura erabili etxeko igerilekuak betetzeko, ortu eta lorategien erregadiorako eta kotxeak garbitzeko".
Bandoan, Udalak ohartarazi du "edateko ura bitarteko mugatua dala, eta, beraz, zaindu, kontrolatu eta neurrian erabili beharrekoa" dela beti, "baina are gehiago gagozan sikate larri egoeran egonda".
Zure interesekoa izan daiteke
Juntsen ezezkoak tentsioa areagotu du Solen, eta etxebizitzaren aldeko plataformek greba orokorra dute hizpide
Euskal Herrian urriaz gozatzeko 10 plan. Zein duzu gogoko?
Alerta euriagatik penintsulako ekialdean, 150 l/m² baino gehiagorekin Castellon