Negazionisten liskarrak gaitzetsi eta neurriak betetzeko eskatu dute euskal alderdiek
Iragan ostegunean, negazionistek Bilbon eragindako istiluak gaitzetsi dituzte EAEko alderdiek, eta osasun neurriak betetzen jarraitzea eskatu diete herritarrei. Hala ere, lehendakariak gertatutakoa definitzeko "terrorismo" hitza erabili izana kritikatu du EH Bilduk. EAJk, ostera, "ikuspegi moraletik eta ez juridikotik" hitza erabiltzea defendatu du.
COVID-19aren pandemia aztertu dute legebiltzarkideek Radio Euskadiko Parlamento en las Ondas saioan, baita gaixotasunari aurre egiteko neurriak ere. Era berean, iragan ostegun gauean, Bilbon, negazionistek egindako elkarrataratzea hizpide izan dute ordezkari politikoek. Protestan, sei pertsona atxilotu zituzten.
Luis Javier Telleria EAJko legebiltzarkidearen hitzetan, neurriak “zentzuzkoak” dira eta, nahiz eta “amorragarriak” izan, herritarren gehiengoak betetzen ditu. Bestalde, lehendakariak Bilboko liskarrak definitzeko terrorismo kontzeptua erabili izana defendatu du Telleriak, “ikuspegi moraletik, ez juridikotik” egin zuelako. Negazionisten mobilizazioak “antolatuak” direla eta zentzurik ez dutela azpimarratu du jeltzaleak.
“Begi-bistako askatasun falta batengatik protesta egin ahal dute, baina osasuna defendatzen saiatzeko da, beraz, logikoa. Hala ere, zerbait antolatua da, Estatuko beste zenbait tokitan gertatu bezala, eta horri ikuspegi guztietatik aurre egin behar zaio, moralki eta sozialki gaitzetsiz”, azaldu du. “Kalera modu horretan ateratzea osasunarekin jolastea da, eta edukiontziak erretzea jabetzarekin jolastea”, erantsi duenez.
Bilboko liskarrak gaitzetsi ditu Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak, baina lehendakariak terrorismotzat jotzea arbuiatu du. Casanovaren ahotan, Urkulluk “irrist egin eta gehiegi esan zuen”. “Prebarikazioagatik epailea gaitasungabetzea eskatuko duela suposatzen dut orain; izan ere, atxilotuak aske utzi ditu beste akusazio batzuk egotzita”, adierazi du. “Hitzak erabiltzeko orduan zehatzak izan behar gara, konnotazio politiko, etiko, moral eta juridikoak dituztenean”, gaineratu du.
Negazionistei dagokionez, XXI. mendean, paradoxikoa da Lurra laua dela defendatzen duen jendea egotea, eta jarrera “errealitatea aldatzea” izan behar da, “eta ez mundu paraleloak asmatzea”. “Guztiek txerto bat nahi dugu berehala, baina ezagutza zientifikoa esperimentuan eta ikerketan datza”, gogorarazi du. Guzti horregatik, lasaitasuna eta erantzun “zibiko eta eredugarria” eskatu ditu. Osasun neurriak betetzeagatik “ez gara artaldea”, nabarmendu duenez.
Gloria Sanchez PSE-EEko ordezkariak egoera “kezkagarria” dela onartu du, birusak “ez du atsedenik” ematen eta, horregatik, neurriak hartu behar dira, baina “aurreneko sei hilabeteetan gogorragoak izan ziren”, gogorarazi duenez. “Guztiok erantzukizun pertsonalarekin bete behar ditugu. Etxetik atera gaitezke, baina zibismoarekin eta erantzukizunarekin”, erantsi duenez.
Bilboko istiluak gaitzetsi ondoren, osasun neurriak betetzeari uko egiten dionik egotea “ulertezina” dela esan du. “Oraindik pandemia zabaltzen ari da eta jarrera hori arduragabea da, eta ez da solidarioa. Deialdiak sare sozialetan nork egiten dituen egiaztatu beharra dago, erantzukizunak eskatzeko”, adierazi du. Horrela, “segurtasun neurriak betetzen dituzten” protesta “legitimoen” eta “liskar onartezinen” artean bereizi behar dela uste du sozialistak.
David Soto Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak esan duenez, COVID-19ak eragindako salbuespen egoerari “oinarrizko eskubide batzuk mugatzeko salbuespena” gehitu behar zaio. Gutxiengo soziala kalera ateratzeko eta “astakeriak” egiteko arriskuaz ohartarazi du. “Irizpide zientifikoek prebentziorik handiena harreman falta dela esan dute dagoeneko”, gaineratu duenez.
Bestalde, terrorismo kontzeptua erabiltzeak “eztabaida estaltzen” duelako, kezka agertu du. “Gertakarien gaitzespena mahai gainean dago, baina eztabaida semantikoak ez du nahastu behar”, zehaztu du.
Azkenik, Laura Garrido PP+Cs koalizioko ordezkariak egoera “larria eta zaila” dela adierazi du, eta horrek neurri “zorrotzak” hartzera behartzen du. Garridoren esanetan, talde parlamentarioak neurriak beti babestuko ditu, “irizpide zientifiko eta tekniko zorrotzak baldin badituzte, baina beti ez da horrela izaten”. Zentzu horretan, duela gutxi arte Eusko Jaurlaritzak “konfinamendu perimetralak erabilgarriak” ez zirela esaten zuen, gogorarazi duenez; horregatik, “mezuak ez dira aldakor eta kontraesankorrak izan behar”.
Azkenik, Bilboko “istilu larriak guztiz gaitzesgarriak” dira, eta terrorismo delitua Zigor Kodean jasota dago ezaugarri zehatzekin, erantsi du.
Zure interesekoa izan daiteke
Osakidetzak pertsona transexualentzako lehen mailako arreta zerbitzuak zabalduko ditu EAEko hiru hiriburuetan
Gauzak ondo bidean, maiatzetik aurrera jarriko da abian zerbitzu hori. Osakidetzako zuzendariak adierazi duenez, helburua da pertsona transexualei errespetuzko eta gertuagoko arreta ematea.
Legebiltzarrak onartu egin du udalekuetan adin txikikoen babesa indartzeko Legea izapidetzea
EH Bilduk eta Sumarrek, neurriak babestu arren, prozedura kritikatu dute, eta PPk eta Voxek erreforma egitea "zuriketa hutsa" dela esan dute.
Noelia eutanasia eskatu zuen Bartzelonako gazteak gaur jasoko du, epaileak onartu ostean
25 urteko emakumeak bere erabakiari eutsi dio, nahiz eta aita aurka agertu, Espainian legezko bide guztiak agortuta eta Giza Eskubideen Europako Auzitegira jota.
Meta eta Google, 2,6 milioi euro ordaintzera behartuta, gazte bati eragindako menpekotasunagatik
Antsietatea, depresioa edo gorputz-dismorfia dira gazteak pairatutako kalteetako batzuk. “Haurrak mendeko egiten dituzten eta osasungaitzak diren produktuak diseinatzen dituzte”, adierazi du abokatuak.
Hondarribiak gaur onartuko du bere II. Berdintasun Plana, Alardearen inguruko gatazka bideratzeko neurriak jasoko dituena
Planak “emakumeen eskubideen defentsan jasandako indarkeria aitortzeko formulak" bilduko ditu.
Albiste izango dira: Korrika zuzenean, krisi energetikoaren aurkako neurriak eta hauteskunde sindikalak Ertzaintzan
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Ikerbasquek 30 ikertzaile erakarri eta 49 milioi euro baino gehiago bildu zituen 2025ean ikerketarako funtsetan
Urtearen amaierarako, 35 herrialdetako 417 profesional zeuden, eta 1.685 lagunek fundazioko langileek gidatutako taldeetan lan egiten zuten.
Kasua artxibatu ostean, Justizian sinestea zaila egiten zaiela adierazi du Amaya Zabarteren senarrak
Epaileak Amaya Zabarteren kasua artxibatzea erabaki zuen atzo, eta familiak helegitea jarri du gaur. Haren bikotekideak, Joseba Novoak, haserre eta minduta daudela dio. Deitoratu du epaileak ertzainen bertsioa soilik izan duela kontuan, lekukoen testigantzak eta frogak alde batera utzita. Probintzia Auzitegira begira itxaropentsu dago, justizia kasua hara heldutakoan iritsiko zaielakoan.
Eureka! Zientzia Museoak ekainaren amaieran itxiko ditu ateak, 25 urteren ondoren
Kutxa Fundazioak ATENEA proiektua bultzatuko du, Tabakaleran, eta jakintza-eredu irekiagoa eta diziplinartekoa proposatuko du.
Hondarribiak "berariaz" landuko du Alardea Berdintasun Planean, "gatazkaren konponbidean aurrera egiteko"
Udal arduradunek esan dutenez, Emakundek egindako txosten batek ezartzen du Berdintasun Planak gai horri heldu behar diola, "parte-hartzean dauden desorekak direla eta".