Barakaldon atxilotua, kontrol bat gainditu eta Ertzaintzaren aurka talka egiteagatik
Ertzaintzak 29 urteko gidari bat atxilotu du goizaldean Barakaldon, ausarkeriaz gidatzeagatik bide-segurtasunaren aurkako delitua, agintaritzaren aurkako atentatua eta mugikortasunari eta ordutegiei buruzko arauak urratzea leporatuta.
Atxilotua gelditu gabe igaro da Kantabrian jarritako polizia-kontrol batetik, eta A-8tik Bizkaia aldera ihes egin du. Azkenean, alboz jo du abiadura moteltzea eta autoa gelditzea lortu nahi zuen Ertzaintzaren auto baten kontra.
02:30ak alder, Kantabriatik Ertzaintzari jakinarazi diote gama altuko auto batek polizia-kontrol bat gainditu duela Torrelavegan eta abiadura handian ihes egin duela Bizkairantz.
Une horretatik aurrera, Bizkaiko Trafiko Unitateko eta, ondoren, Sestaoko ertzain-etxeko ertzainek aipatutako ibilgailuaren bilakaera zaindu eta kontrolatu dute A-8 autobidean. Polizia-ibilgailuak atzetik joan dira, argi-seinaleak aktibatuz, eta Sestao parean beste patruila batzuk jarri zaizkio aurrean.
Polizia-auto horiek abiadura moteldu dute ihesi zihoan autoak ere abiadura moteldu zezan, baina inplikatua bi patruila-autoren artetik igarotzen saiatu da eta horietako bat alboz jo du. Azkenean, autobideko eskuineko eta erdiko erreietan geratu da, Barakaldo parean.
Polizia-dispositiboko ertzainek identifikatu eta atxilotu egin dute minik hartu ez duen gidaria. Gidariari gero egin zaion droga-testean, horrek positibo eman du.
Polizia-eginbideak amaitutakoan, atxilotua aske utzi dute, eta agintari judizialaren aurrera agertzeko noiz deituko zain dago.