Babestu: "Zerbait ez da ondo egin"
Zaintza ereduan aldaketa bat eta zentroetan langile kopurua handitzea eskatu du Babestu adinekoen egoitzetako eta eguneko zentroetako erabiltzaileen senideen elkarteak, koronabirus pandemiak egungo ereduak funtzionatzen ez duela, eta “zerbait ondo egin” ez dela agerian utzi duelako.
Kolektiboko kideek elkarretaratzea egin dute Gasteizen, egoitzetan hildako pertsonak gogora ekartzeko, soilik Araban 200 baino gehiago. Erabiltzaileenganako errespetua eta zaintza duina aldarrikatu dituzte.
Txaro Marquinez Babestuko bozeramaileak azaldu duenez, koronabirus pandemiak zaintza esparru publiko zein pribatuko “gabeziak agerian utzi” ditu. Gertatutakoa ezin da konpondu, baina eredu berri baterantz aurrerapausoak ematea beharrezkoa da, erantsi duenez.
Gogorarazi duenez, adinekoen egoitzetako ereduak aldatu behar zuela esan zuen Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak duela hilabeteak. Marquiñezek salatu duenez, “berdin” jarraitzen du.
Zentzu horretan, “erakundeen utzikeria” kritikatu du, eta autokritika eskatu die. “Ereduak balio ez duela eta eredu duinago batera aurrerapausoak eman behar direla argi dago”, laburbildu du.
Aldaketei dagokionez, aurrena ratioak murrizteko behargin kopurua handitzea litzatekeela uste du, zaintza hobeagoa bermatzeko. “Zaintzaile batek zortzi adineko artatu behar izatea onartezina da”, adierazi du.
Bestalde, adinekoen egoitzak Osakidetzaren menpe egotea aldarrikatu du, zerbitzua hobetzeko. Azkenik, informazio gehiago eta familiekin harreman estuagoa eskatu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Euskararen alde larunbatean Baionan izango den manifestazioak babes zabala eskuratu du
Olatuak lau metrora iritsiko dira ostegunean, eta hainbat pasealeku itxi beharko dituzte Donostian
Topo berriak bere lehen bidaia egin du, herritarrei ateak ireki baino 72 ordu lehenago
Auzitegi Nazionalak onartu egin du bi emakumek Julio Iglesiasen aurka sexu erasoagatik jarritako kereila
Nafarroako Gobernuak berriz lizitatuko du Belateko tunela amaitzeko lanen idazketa eta zuzendaritza, 1,7 milioi euroan
Sutea piztu da Lasarteko Zapategi kaleko etxebizitza batean
GTA VI argitaratzearekin batera, handitu egin da lanera joango ez diren beharginen kopurua
Bi adin txikiko eta bi emakumez osatutako familia bat etxegabetu dute Santutxun