Iaz EAEko 241 gorroto-delituen ia erdiek izaera arrazista edo xenofoboa izan zuten
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak astelehen honetan aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean Euskadiko Gorroto Gertakariei buruzko 2020ko Txostena, iaz Euskal Autonomia Erkidegoan izan ziren gorroto-delituak jaso eta aztertzen dituena.
EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrako Jon Mirena Landak zuzendu eta Enara Garrok koordinatutako lanean, guztira 241 gorroto-delitu jaso dituzte.
2020an, Ertzaintzak 241 gorroto-delitu erregistratu zituen EAEn, hau da, iazko datuekin alderatuz gero, % 129,5eko "hazkunde esponentziala" izan zen. Poliziak jarrera horiek atzemateko eta erregistratzeko "eraginkortasun handiagoa" izan du, Erkorekaren hitzetan.
Sailburuak azaldu duenez, Ertzaintza gero eta hobeto dago prestatuta kolektibo zaurgarrien aurkako delitu-tipologia horri aurre egiteko, eta, horri esker, "datuak hobeto identifikatu, tratatu eta zenbatu daitezke".
Delitu horietatik gehienak, % 48,5, hain justu, arrazistak edo xenofoboak izan ziren, eta sexu-orientazioarekin eta -identitatearekin lotutakoak, berriz, % 21 dira. Dibertsitate funtzionalarekin zerikusia zuten delituak (29 kasu) guztien % 12 dira, eta oinarria ideologia eta orientazio politikoa izan zutenak (24 kasu), % 10.

Biktimaren sexuarekin zerikusia zuten gorroto-delituak (16) delitu guztien % 7 izan ziren, eta gainerakoak, berriz, aporofobiarekin (2 kasu), adinarekin (1 kasu), antisemitismoarekin (1 kasu) eta sinesmen eta praktika erlijiosoekin (1 kasu) lotutakoak izan ziren.
Guztira, 117 eraso arrazista eta xenofobo izan ziren. Kolektiborik kaltetuenak arabiarrak izan ziren, eraso horietako 29ren biktima izan baitziren, eraso arrazista edo xenofobo guztien % 25. Pertsona beltzei egindako erasoak, berriz, 24 izan ziren, (guztien % 20,5): nazionalitateak edo jatorriak eragindako 25 eraso zenbatu zituzten, latinoei egindako 17, (% 14,5), ijitoen kontrako 9 izan ziren, eta asiarren kontrako kasu bat izan zen (% 1).

Sexu-orientazioaren eta -identitatearen aurkako 50 delitu zenbatu ziren. Kolektibo biktimizatuena homosexualena izan zen, horien kontrako 31 gertakari zenbatu baitzituzten, sexu-orientazioaren eta -identitatearen aurkako eraso guztien % 62; transgeneroen kasuan, berriz, 10 eraso zenbatu zituzten, guztien % 20; eta lesbianen kolektiboan, 3 kasu atzeman zituzten, guztien % 6.

Dibertsitate funtzionalagatiko erasoak, berriz, 29 izan ziren. Iaz gorroto-delitu gehien jasan zituzten pertsonak desgaitasun mental bat zutenak izan ziren (9 kasu, dibertsitate funtzionalagatik egindako eraso guztien % 31), eta ondoren desgaitasun fisiko bat zutenak (5 kasu, % 17) eta desgaitasun psikiko bat (4 kasu, % 14) edo sentsorial bat (4 kasu, % 14) zutenak.

Delituen tipologia
Delituen tipologia nagusienei dagokienez, 2020an lesioak gailendu ziren (71 kasu, guztien % 29,5), eta ondoren mehatxuak (53 kasu, % 22). Koakzioak, berriz, 30 izan ziren (% 12,5), eta 30 kasutan (% 12,5) tratu umiliagarria izan zen.
Bestalde, gorroto-diskurtsoak (14 kasu, guztien % 6), sexu-erasoak (2 kasu, % 1) eta burutu gabeko hilketa bat nabarmendu behar dira.
Delituak, lurraldeka
Bizkaian erregistratu zituzten gorroto-delitu gehien, 128 (guztien % 53); Gipuzkoan 64 (% 26,5) erregistratu zituzten; eta Araban, berriz, 44 (% 18). Bestalde, 3 kasutan ezin izan zuten gertakariaren lekua identifikatu, eta 2 kasutan beste lurralde batean gertatu ziren (Kantabrian eta Asturiasen).

Udalen banaketari dagokionez, 241 gertakarietatik 43 (guztien % 18) Bilbon gertatu ziren, 32 (% 13) Gasteizen, 19 (% 8) Barakaldon, 15 (% 6) Donostian, 10 (% 4) Irunen, eta 9 (% 4) Getxon.
Gainera, 2020an izandako gorroto-delitu gehienak (% 38,6) kalean gertatu ziren eta, kasu askotan, biktima bizi zen lekuaren inguruan. Horrek eragin psikologiko gehigarri bat du biktimetan, gertakariek senideei ere eragin diezaieke eta.
Ondoren, etxean bertan edo eremu komunetan egindako delituak daude (kasu guztien % 25). 2020an kasuen % 8 baino ez ziren gertatu ostalaritzako, aisialdiko edo antzeko lokaletan, hain zuzen ere, pandemiaren ondorioz ezarritako murrizketengatik. Laugarren lekuan Internet bidez egindako gorroto-delituak daude, kasu guztien % 7,5 baitira.
Biktimen eta inputatuen profilak
Eraso horien biktimei dagokienez, 195ek (% 56) espainiar nazionalitatea zuten, eta 150 (% 77) jatorri euskaldunekoak ziren. EAEn gehienak Barakaldokoak eta Bilbokoak ziren (% 20,5), eta Donostiakoak (% 12) eta Gasteizkoak (% 8) ziren hurrengoak.
Sexuaren arabera, 2020an 143 biktima (% 41) emakumeak izan ziren eta 203 (% 59) gizonak. Biktimen batez besteko adina 28 urtekoa izan zen.
Inputatutako pertsonei dagokienez, gehienek (101, % 63,5) espainiar nazionalitatea dute. Horietako 86 (% 85) jatorriz Euskadikoak dira, eta Euskadi barruan gehienak Gasteizkoak (% 24,5), Bilbokoak (% 20) eta Barakaldokoak (% 18,5) dira.
Sexuen arabera, 2020an 44 emakume (% 27,5) eta 115 gizonezko (% 72,5) inputatu zituzten. Delitu horiengatik inputatutako pertsonen batez besteko adina, berriz, 37,3 urtekoa da.
Zure interesekoa izan daiteke
Hiru gazte ikertzen ari dira Gasteizen, gizon bat Espainiako selekzioko kamiseta eranztera behartu nahi zutelako
Inputatuek larunbat goizaldean eraso zioten biktimari, Aranbizkarra auzoko jai-esparruan.
Marmokak daudela ohartarazi dute Bizkaiko Arena, Gorrondatxe, Barinatxe, Arriatera-Atxabiribil eta Muriola hondartzetan
Arriatera-Atxabiribil eta Muriola hondartzetan debekatuta dago bainatzea; gainerakoetan, berriz, bandera horia dago. Uraren batez besteko tenperatura 21 gradukoa da.
Ekintzaz betetako "Peñen Eguna", Iruñean
Iruñeko peñek euren eguna ospatu dute gaur, jardueraz beteriko kartelarekin: kalderete lehiaketa, pankarten aurkezpena... Emozioz beteriko eguna izan da iruindarrentzat.
Gizon bat atxilotu dute Legution, bikotekideari bortizki eraso egiteagatik
Biktima ospitalera eraman behar izan dute, lesioak artatzeko.
Bortizkeria polizialaren aurkako protesta egin dute ehunka lagunek Santurtzin, Ezkerraldeko eragileek deituta
Santurtziko kale nagusiak zeharkatu dituzte asteazkenean hil zen Anderrentzat justizia eskatzeko. Gertatutakoa argitzeko, ardurak zehazteko eta zigorrak jartzeko eskatu dute, eta bermeak, horrelakorik berriro gerta ez dadin.
Ezkabarteko suteak aktibo jarraitzen du
Nafarroako presidenteak, María Chivitek, agerraldia egin du larunbat honetan Untzuko aginte postuan, eta sutea ez zutela nekazaritza-lanek piztu esan du.
Gizon batek emaztea hil du Sevillan
Ustezko hiltzailea ospitalean dago, larri, arma zuri batez bere buruari zauriak egin omen dizkiolako.
Venezuelako lurrikaretan desagertutako euskal herritarren senideek zain jarraitzen dute
Venezuelako lurrikarek milaka hildako eta desagertu utzi dituzte; azken horien artean, bilbotar bat eta donostiar bat daude. Senideek desagertuak bilatzeko baliabide falta azpimarratu dute. NBEren arabera, 50.000 pertsona inguru daude desagertuta, baina kopuru horrek gora egiten jarraitzen du.
Haizeak eta bertara iristeko zailak diren guneetako fokuek zaildu egin dituzte Ezkabarteko baso-sutea itzaltzeko lanak
Ezkabarteko suteagatik hustutako Usi, Anotz eta Nabatz herrietako bizilagunak etxera itzuli dira. 112-SOS Nafarroak herritarrei eskatu die ez daitezela gerturatu suhiltzaileak eta langileak dabiltzan tokietara, horien lanak ez oztopatzeko.
Nola ospatuko da LGTBIQ+ Harrotasunaren Eguna Euskal Herrian?
Ekainaren 28an Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta, Euskadiko eta Nafarroako hiriburuetan hainbat jarduera egingo dira larunbat eta igande honetan, LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideak aldarrikatzeko.