Espetxeratu egin dute Bilbon pisukide bati labanaz eraso egiteagatik atxilotutako gizonezkoa
Deklarazioa hartu ondoren, epaileak espetxera bidali du Bilbon pisukide bati labanaz eraso egiteagatik atzo atxilotutako 45 urteko gizonezkoa. Bilboko San Inazio auzoko etxebizitza batean izan zen erasoa.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, eztabaida gogor bat izan zuten bi pisukidek, eta ondoren, batek besteari zauri larriak egin zizkion labana batekin.
Larrialdi zerbitzuetako langileak eta Ertzaintza bertaratu zirenean, biktima lurrean zegoen, konorterik gabe, eta ospitalera eraman zuten.
Erasotzailea bilatzeko eta atxilotzeko operazioa jarri zuten martxan berehala, eta 22:15 inguruan aurkitu zuten Rodriguez Arias kalean. Homizidio saiakera egotzita atxilotu zuten, eta gaur goizean eraman dute epailearen aurrera.