Bost urte eta zortzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote Iruñeko harrapaketaren egileari
Iruñeko Zigor arloko 2. epaitegiak bost urte eta zortzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio maiatzean hiriburuko Baiona etorbidean autoarekin harrapatuta gizon bat hil zuen gidariari, Diario de Navarra eta Diario de Noticias de Navarra egunkariek gaur jakinarazi dutenez.
Zigortua, 26 urteko gizasemea, kartzelan zegoen gertakari lazgarria jazo zenetik. Epaiketan, egindakoa aitortu zuen eta barkamena eskatu zion hildakoaren familiari. Guztira, hiru delitu egotzi dizkiote: zuhurtziagabekeria larriagatik giza hilketa eragitea, ausarkeriaz gidatzea eta istripuaren lekutik alde egitea.
Harrapaketa maiatzaren 28ko goizaldean jazo zen, Iruñeko Donibane auzoan. Biktima, 32 urteko gizona, Martin Azpilcueta kalearen parean oinezkoen pasabidea gurutzatzen ari zen, autoak semaforoa gorrian pasatu eta aurretik eraman zuenean. Harrapaketaren lekutik 80 metrora agertu zen gizonaren gorpua (bertan hil zen).
Gidariak ez zuen autoa gelditu eta ihes egin zuen. Handik gutxira atxilotu zuten, Arga ibaiaren parean, hanka egin nahian.
Biktimaren familiak bederatzi urteko kartzela zigorra eskatzen zuen, eta Fiskaltzak, zazpi eta erdikoa. Azkenean, defentsak galdegindako bi aringarri hartu ditu kontuan epaitegiak. Batetik, sortutako kaltea konpontzeko aringarria, zigortuak 10.000 euro ordaindu baitizkie jada biktimaren senitartekoei, eta beste 7.000 euroko kalte-ordainari egin beharko dio aurre, eragindako minagatik. Bigarren aringarria edanda eta drogen eraginpean egotea da; izan ere, positibo eman zuen alkohola eta drogak detektatzeko proban (kokaina eta MDMA kontsumitu zituen).
Zure interesekoa izan daiteke
Negu Gorriak GKEa, albiste faltsuen eta eskuin-muturraren gorrotoaren jomugan
Hondakin organikotik biometanoa sortzeko planta inauguratu dute Bizkaian
Ikerketa abiatu dute Barakaldon kriminalitate zantzuak dituen emakume baten gorpua topatu dutela eta
Espainiak Rabaten duen enbaxadak ohartarazi du Ceuta zeharkatzeko deialdiak zabaldu direla datorren astezkenerako
Nafarroako Gobernuak Maiatzeko Plazako Amak elkarteko kideak omendu ditu
Auzitegi Nazionalak Flotillako kideak torturatzeagatik ere ikertuko ditu militar israeldarrak
Euskal Hirigune Elkargoa ikertzen ari dira ur zikinak itsasora isurtzeagatik